Gladys Eneako jauregian ikus daiteke erakusketa, apirilaren 12ra bitartean, egunero.
Ozeana Fundazioak eta Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak Jaizkibel-Ulia itsas babesgunea deklaratzeko proposamen zientifikoa bere egin, eta Eguzkik aldarri bera helburu argazki erakusketa antolatu du Donostian. Apirilaren 12ra arte egongo da ikusgai erakusketa, Gladys Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean, hau da, Mandasko dukearen jauregi zaharrean.
Proposamenak 13.000 hektarea inguruko itsas babesgune bat deklaratzea aurreikusten du. Eguzki nabarmendu duenez, “Gobernu frantsesak Lapurdiko kostaldean dagoeneko hainbat itsas babesgune deklaratu dituela kontuan izanda, Donostia eta Biarritz bitartean 27.000 hektarea inguruko babesgune sarea sortuko litzateke” proposamena aurrera aterako balitz. “Atlantiko europarreko itsas korridorerik garrantzitsuenetakoa izango litzateke, baita aniztasun handienetakoa ere”, gaineratu dute.
Oceanak eta EBEOk mila espezie baino gehiago atzeman dituzte Ulia-Jaizkibel itsasaldean. Horitatik 50 inguru babestuta daudela zehaztu du Eguzkik, identifikatu dituzten habitatetatik 12 bat bezala. Horrez gain, Kantauri itsasoan parekorik ez duten forma geologikoak ere aurkitu dituzte Jaizkibelen. Balore hauen guztien berri eman nahi du Eguzkiren erakusketak.
Kapera zaharrean kokatu dute erakusketa, eta sarrera jauregitik egin behar da. Aste Santu zein Pazko Asteko egun guztietan bisitatu ahal izango da, honako ordutegian:
Igande eta jaiegunetan: 10:00etatik 13:30era.
Astelehenetik larunbatera: 09:30etik 13:30era eta 15:00etatik 19:00ak arte.