Baleontziaren barrualdea bukatzen ari dira arotzak
Jai egunak gertu daude, eta oporretan jarduera bereziak egin ahal izateko eskaintza oparoa da gure inguruan. Albaolak, bisitariak erakarri nahi ditu ontziolara, eta helburu horrekin eskaintza oparoa atondu du Aste Santuari begira.
Haurrentzako tailerrak Pazko Astean egingo dituzte, apirilaren 7tik 10era, egunero. Itsas munduarekin erlazionatutako tailerrak dira antolatu dituztenak. Tailerrek 3 euroko prezioa dute eta aurretik izena ematea beharrezkoa da, 943 39 24 26 telefono zenbakira deituta. Goizez 11:00etan izango dira tailerrak, eta arratsaldez, 17:00etan.
Barrualdea ikusteko azken aukera
Helduentzako eskaintzak, aldiz,
San Juan baleontziaren eraikuntza lanekin du zerikusia. Albaolak jakinarazi duenez “egun hauetan zehar baleontziaren azkeneko jenolak kokatu eta palmejareak landuko dituzte”. Azaldu dutenez, “palmejareak ontziaren barruan, karlingaren bi aldetan, jartzen diren pieza lodi eta luzeak dira; barengen buruetan eta jenolen oinetan lotzen dira, ontziaren hezurdura sendotzeko”.
San Juan galeoiaren behealdeko egitura eraikita dago jada eta oraindik ere ikus daiteke baleontziak barrutik duen itxura. Laster, ordea, arotzak ontziaren kanpoko aldearekin hasiko dira lanean eta barrualdean dauden elementuak ezkutuan geratuko dira. Albaolak nabarmendu duenez, “elementuak ezkutatu baino lehen
San Juanari bisita egitea helduentzat aukera paregabea” litzateke.
Azkenik, gogoratu dute, Aste Santuan Albaola Itsas Kultur Faktoria bisitatzeko bi sarrera arrunta erosten dituzten bisitariei sarrera bat oparituko dietela.
Haurrentzako tailerrak
Apirilak 7, asteartea
11:00: Papiroflexia. Tailerrean haurrek kartulinaren bitartez bale bat, txalupa bat hiru dimentsiotan edo Txo-ren irudia eraikitzeko aukera izango dute modu entretenigarri eta ludiko batean.
17:00: Saskarrak, ur azpiko altxorrak: tailerrean
San Juan baleontziaren saskarra eta maketa erakusten zaie haurrei, eta ondoren akuarelen bitartez saskar bat margotuko dute etxera eramateko.
Apirilak 8, asteazkena
11:00: Txalupatxoak. Tailerrean, ontziak zergatik flotatzen duten ikasiko dute eta hainbat materialen bitartez uretan flotatuko duten txalupa txikiak eraikiko dira bela eta guzti.
17:00: Papiroflexia.
Apirilak 9, osteguna
11:00: Papiroflexia.
17:00: Txalupatxoak.
Apirilak 10, ostirala
11:00: Saskarrak, ur azpiko altxorrak.
17:00: Papiroflexia.