Eguzki talde ekologistaren arabera, sua itzaltzeko bitartekorik ez zutela eta suteen arrisku maila ez zutela kontsultatu deklaratu dute poliziek
Hiru guardia zibilek Donostiako epailearen aurrean deklaratu zuten atzo, ustez ingurumenaren kontrako delitua egiteagatik.
Iazko martxoaren 10ean izan zen sutea Jaizkibelen, Guardia Zibila tiro-eremuan material pirotekniko zaharra suntsitzen ari zela.
Eguzki talde ekologistaren arabera, deklaratu duten guardia zibilek sutea gertatu zenean esandakoa berretsi dute deklarazioan eta hirurek “materialaren deuseztapena ohiko baldintzetan eta kokapenean” egin zutela baieztatu dute. Era berean, “sua itzaltzeko bitartekorik ez zutela” eta “suteen arrisku maila ez zutela kontsultatu” deklaratu omen dute.
Eguzkiko kideen ustez, guardia zibilen aldetik “aurreikuspen falta bat egon zen gutxienez”, eta jokabidea “arriskutsua” izan zela “begi bistan geratu” dela iritzi diote, “babestutako landaretzaren 5,5 hektarea erre” zirelako. Aldundiaren txostenaren arabera 4 eta 8 urte bitartean beharko du babestutako guneak aurrekoaren antza duen egoera batetara itzultzeko.
“Epaileek edozein erabaki hartuta ere, Eguzkiko kideek garbi ikusten dugu sute hura ez zela arazo puntual bat izan”, adierazi du talde ekologistak. “Zentzugabea” iritzi diote naturgune bat dituen balioei erreparatuta, Natura 2000 sareko Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzea eta, aldi berean, bertan tiro-eremu bat egotea.”Inork oraindik dudarik balu, iazko suteak argi eta garbi utzi zuen kontserbazioa eta tiro eta leherketak ez direla bateragarriak”, gaineratu dute.