2011. urteko martxoaz geroztik gainditu gabeko eskala kopurua izan da azken hilabetekoa
Edukiontziz bete lehen merkantzia-ontzia portutik irteten
Urteko lehen hiru hilabeteetan automozio sektorearen trafikoa % 17,83 hazi da 2014ko lehen hiruhilekoarekiko, eta igoera horrek, eragina izan du martxoko trafikoaren hazkundean.
Siderurgia produktuei dagokionez martxoa “hilabete bikaina” izan dela nabarmendu du Portu Agintaritzak, 142.720 tona mugitu direlako, zehaztu dutenez, lehen hiruhilekoan mugitu diren tona kopuru guztiaren ia erdia. Horrez gain, txatarraren inportazioa ere hazi egin dela esan dute, eta ondorioz, “urteko hazkundea esanguratsua izango dela” espero dutela, nahiz eta “urtarrileko eta otsaileko datuak nahiko apalak” izan.
Lehengai berriak
Edukiontzien trafiko berriei esker orain arte portuko estatistiketan existitzen ez diren lehengaiak porturatzen ari direla jakinarazi du Portuak, eta besteak beste, “plastikoaren manufakturak, elikadura- produktuak edo produktu kimikoak” aipatu dituzte. Lehengai horien kopurua oraindik ere ez dela esanguratsua zehaztu dute, baina “Portu Agintaritzak hartu duen orientazio estrategikoa” islatzen dutela defendatu dute.
Bide beretik, arrantza-salgaien trafikoa % 20 hazi izana aipagarritzat jo dute. Ekaitzen eta berdelaren kanpaina atzeratu izanaren ondorioz otsaileko datuak kaxkarrak izan arren, martxoko hazkundearen eraginez “otsaileko datu baxuak aise konpentsatu direla” nabarmendu dute. Baxurako flotaren deskargak % 77,5 hazi izanak eragin du arrantza-salgaien trafikoaren gorakada.
Merkantzia gehienak, Erresuma Baturantz
Pasaiatik irteten diren merkantzia gehienak Erresuma Baturantz doaz, bigarren herrialdea dena– Belgika– laukoiztuz. Inportazioetan ere, Erresuma Batua dago buruan, baina kasu honetan Errusia eta Belgikarekin ia-ia berdinduta.