Ingelesa, arabiera, errumaniera, gaztelania eta euskaraz argitaratu du gida udalak
Ongi Etorri Gida publikatu du udalak, Lezora bizitzera heldu diren bizilagunei “harrera duina” egiteko. Bost hizkuntzatan egin du: ingelesa, arabiera, errumaniera, gaztelania eta euskara. Lezo eta ingurua ezagutzeko aukera emango die gidak heldu berriei, eta euskarak duen funtzio kohesionatzaileaz ere mintzo da. Horren harira, euskara ikasteko udalak ematen dituen erraztasunak ere bildu dituzte gidan.
Euskal herrietara bizitzera datozen bizilagunei ez zaielako harrera egokirik egiten erabaki duela udalak gida plazaratzea esan dute Euskara departamentuko arduradunek: “Euskal Herriak ez du izan orain arte migrazioa eta aniztasunaren alorrei egoki erantzuteko eskumenik, eta beraz, gabezia nabarmenak daude harrerari dagokionean”.
Aniztasuna balioan jarri
Lehenengo uneak berebiziko garrantzia duela nabarmendu dute halaber, herrian txertatzeko garaian, “oraindik eta gehiago herrira etorri berriak sare sozial ez duenean. Bada garaia, herritarrek eta erakundeek elkarrekin harrera duin bat egituratzeko. Hala balitz, aniztasuna balioan jarriko litzateke, herriko izaera eta kultura bultzatu eta aberastuz”.
Erroldatzeko garaian jasoko dituzte gidak bizilagun berriek. Besteak beste Lezoko errealitatearen berri emango die gidak eta udalerriaren baliabideak ezagutaraziko dizkie. Horrekin batera herritarren arteko elkar ezagutza eta elkar aitortza sustatzea era badu helburu Euskara departamentutik sortu den proiektu berriak.
Euskara erdigunean
Euskarari garrantzi berezia eman dio udalak gida berrian, “herritarren arteko komunikazio eta kohesio hizkuntza izatea sustatu nahi dugulako, hizkuntza aniztasuna aintzat hartuta. Euskarak gure lurraldean garrantzi handia du, gure eguneroko bizitzaren ezaugarri garrantzitsua da, eta lezoarren arteko komunikazio euskarri eta faktore kohesionatzailea izatea du helburu”. Hori dela eta euskaraz bizitzera gonbidatu ditu udalak Lezora bizitzera joandako guztiak eta ikasketen %100 finantzatzeko konpromisoa hartu du.