Adingabeentzat altzo bila
Harrera etxeetan dauden adingabeei babesa eta elkartasuna ematen die Izeba proiektuak.
Babes gabe dauden nerabeentzat laguntza eta familia giroa bilatzeko sortu zuen Baketik-ek Izeba proiektua, orain sei urte. Atzerritik, bakarrik iristen ziren adingabeei erantzutea izan zen xedea hasiera hartan. 2012. urtetik aurrera, berriz, atzerritik heldu, zein bertakoak izanik harrera etxeetan dauden haur eta gazteei erantzutea du helburu Izebak. Lezoko Udalak, zein udalerrian dagoen adingabeen harrera etxeak, bat egin berri dute proiektuarekin. Herrialdea eremu duen egitasmo boluntarioa da Izeba. Helburua, berriz, tutoretzapean dauden adingabeei babesa eta elkartasuna ematea haien bizi kalitatea hobetzeko.
Goizargi Iglesias egitasmoaren koordinatzailea da. Izeba proiektuan parte hartzeko ez dela ezaugarri berezirik behar esan du: «Denbora libre apur bat izatea, eta elkarri eskainiko dioten denbora horretan gustura egotea».
Izan ere , monoparentalak, homoparentalak, bikote tradizionalak… familia mota guztiek dute lekua egitasmoan.Parte hartu nahi duen familia edo norbanakoarekin elkarrizketa egiten dute arduradunek lehenik, «bakoitzaren asmoa zein den aztertzen dugu, zenbat denbora eskaintzeko prest dagoen izeba izan nahi duen horrek, alegia».
Harrera etxearekin harremanetan jartzen dira ondoren, eta bikotetza egiten dutela gaineratu du Iglesiasek, «bere denbora horretara eskaini nahi duen pertsonak, haur edo gazte hauen bizitzan presentzia izan nahi duela erabaki duen pertsonak, egunerokoan zer egiten duen hartzen dugu kontuan, eta horrekin bat datorren haurrarekin bikotetza egiten dugu. Izeba batek, saskibaloi partidak ikustera eramango du haurra, eta beste batek oporrak heldu eta bere etxera eramango du, adibidez».
Izeba papera egingo duten norbanako edo familiek eta harrera etxean dauden haur eta gazteek erabakitzen dute inplikazio maila, «proiektuan parte hartzea boluntarioa da alde guztientzat», gaineratu du koordinatzaileak: «Astean zehar dei bat egiten dute izebek, haur edo gaztearekin hitz egiteko eta bertan asteburuan elkarrekin zerbait egitea proposatzen diote».
«Haurrari zer eta nola eskainiko behar dion argi izatea da ‘Izebei’ eskatzen dieguna» «Parte hartzea boluntarioa da, baina presentzia beharrezkoa da » «Jendearengana hurbiltzea errazagoa da herri txikietan handietan baino» Goizargi Iglesias, Izebaren koordinatzaileaHilabete hasieran aurkeztu zuten tutoretzapean dauden adingabeei zuzendutako programa Lezon. Herri txikia izanik, errazagoa omen delako eragile guztiengana heltzea aukeratu zuten udalerria, «jendearengana hurbiltzea errazagoa da herri txikietan handietan baino, baita egitasmoa zabaltzea ere. Eragileak eskurago daude, ezagunagoak dira denak, eta dena errazagoa da, beraz». Kopuru aldetik batzarra jendetsua izan ez bazen ere, bileran parte hartu zuten hiru lagunek egin zuten bat Izeba proiektuarekin. Pozik dago Iglesias emaitzarekin. Hiru harrera etxe Oarsoaldea eta Bidasoan adingabeen hiru harrera etxe daude une honetan Izeba proiektuarekin elkarlanean, Errenteria-Oreretan, Hondarribian eta Lezon, hain zuzen ere. Haurrei dagokienez, berriz, lau dira parte hartzeko zain daudenak bi eskualdeetan, eta hiru, proiektuan ari diren Lezoko harrera etxeko adingabeak. Aberasgarria. Horrela definitu du Diego Andres Lezoko harrera etxeko arduradunak Izeba proiektua, «ez bakarrik haur eta gazteentzat, baita euren elkartasuna eta denbora zati bat haur horiei ematea erabakitzen duten Izebentzat ere». Orain zazpi urte zabaldu zuten Lezoko harrera etxea 0-12 urte arteko haurrei begira. Andresek tutoretza proiektua interesgarria dela, eta euren helburuekin bat datorrela esan du: «Harrera etxeetan ditugun haur eta gazteek ezin dute epe laburrera beraien etxeetan egon, bere familiarekin; kasu batzuetan inoiz ere ezingo dute itzuli euren familiekin. Bitarte horretan, Izeba proiektuak beste familia testuinguru normalizatuak ezagutzeko aukera emango die. Haurrentzat, zein proiektuan parte hartzen duten familia boluntarioentzat oso aberasgarria da».
«Haurrentzat zein boluntarioentzat oso aberasgarria da egitasmoa » «Etxean, familia giroan jasotzen dena, ezin dugu harrera etxeetan eskaini» «Izeba proiektua harrera etxetik ateratzeko aukera bat da azken batean» Diego Andres, Lezoko harrera etxeko arduradunHarrera etxeetan haurrekin ahalik eta ondoen lan egiten saiatzen direla argi du Andresek, bertara heltzen diren haurren bizitza kalitatea bermatzeko, baina argi du Baketik-ek bultzatutako eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundutako programa aukera paregabea dela, «haur horiei familia giroan gauzak egitea ahalbidetzen dielako, bere adineko haur eta gazteekin egoteko aukera izanaz. Harrera guneak leku funtzionalak izan daitezen prestatzen ditugu, baina bakarkako arreta hori, etxean, familia giroan jasotzen dena, ezin diegu harrera etxeetan eskaini, eta Izeba, tresna bat da horretarako». Bederatzi haur Lezon Bederatzi haur daude egun Lezoko harrera etxean. Horietatik hiru daude Izeban. Beste lau txertatzeko zain daude. Parte hartzen dutenen artean 12 urteko bi gaztetxo eta bost urteko haurra daudela zehaztu du Andresek: «Lehen biek lau urte daramate proiektuan parte hartzen, eta hirugarrenak hilabete. Egia da harrera etxeetan ez direla normalean haur eta gazteak bi urte baino gehiagoz izaten, baina kasu batzuetan egoera zaildu egiten da». Izebak haurrengan eragina duela zalantzarik ez du Andresek, «harrera etxean egin ezin dituzten gauzak egiteko aukera ematen dielako Izeba proiektuak; harrera etxetik ateratzeko aukera da azken batean». Boluntario gisa parte hartzen duten familiek ematen dieten goxotasuna da proiektuaren oinarria: «Gero ongi atera daiteke edo gaizki, baina laguntza izugarria da azkenean. Izeba testuinguru berria da haurrarentzat, babestua, eta abantail handiak ditu». Harrera etxeetan dauden adingabeak ez dira, ordea, proiektuaren onuradun bakarrak. Izeba direnek ere badute onurarik: «Haur horiek ekarpen izugarria dira familientzat, ematen diegun gutxi hori nola xurgatzen duten, nola baliatzen duten ikustea… izugarria da». Denek irabazi Lezoko adingabeen harrera etxearekin batera, Lezoko Udalak ere, bat egin berri du egitasmoarekin. Udalera proiektuko kideek jo zutela azaldu du Dami Muñoz Lezoko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduradunak: «Ez genuen proiektuaren berri, eta arduradunak deitu eta proposatu zigun iniziatiba Lezon aurkeztea. Oso interesgarria iruditu zitzaidan harrera etxeetan dauden haurrei aukera hori eskaintzea. Alkateari eman nion ideiaren berri, eta aurrera egin genuen. Aurkezpen hitzaldira jende asko bildu ez bazen ere, bildutakoek proiektuaren gaineko interesa azaldu eta bertan parte hartzeko izena eman zuten». Balorazioa beraz, baikorra da ere udalaren aldetik. Izeba proiektuari bultzada ematea ezinbestekoa dela uste du Muñozek, «horregatik egin du bat Lezoko Udalak», eta «inplikazioa» nabarmendu du horren harira Iglesiasek. Izan ere, lehen aldia da proiektua aurkezteko deialdia udal batek egiten duela.
«Ez genuen proiektuaren berri eta arduradunak deitu eta proposatu zigun» «Zaila izaten dute familia normalizatu batean bazkaldu edo egunpasa egitea» «Askotan ez da gauza handirik egin behar, nahikoa da haur hori etxera eramatea» Dami Muñoz, Lezoko Ongizate teknikariaIzeba izateko hamaika arrazoi daudela ziur dira Muñoz, Andres eta Iglesias. Hiruek dute argi aberasgarria dela proiektuan parte hartzea, eta baita parte hartzen duten norbanako eta familiek, zein haurrak, denak, ateratzen direla irabazten. «Harrera pisuetan dauden haurrek beharrak dituzte, zaila izaten dute familia normalizatu batean bazkaltzea, edo egunpasa egitea. Askotan ez da gauza handirik egin behar, nahikoa da haur hori zure etxera eramatea bazkaltzera», esan du Muñozek. Esperientzia izugarria Proiektuaren gaineko informazioa jasotzera deitu ditu Lezoko zein Oarsoaldeko familiak harrera etxeko arduradunak: «Ezagutzen ez den errealitatea da harrera etxeena, baina hor daude, existitzen dira. Izeba proiektua interesgarria da guretzat, gizartearentzat oro har, haurrentzat, eta parte hartzen duten norbanako edo familientzat. Guztiontzat, beraz. Izeba izatea hautatzen duten pertsonek edo familiek haurraren bizitzaren zati txiki baten parte izatea aukeratzen ari dira. Izugarria da». Aurrerago, Izeban ibilitako haurra bere etxera itzuliko da, edo beste familia batek hartuko du. Kasu batzuetan 18 urte bete eta bere bizitza egiten hasiko da harrera etxetik aterata. Baina Diego Andresen arabera, «adingabeari tokatu zaizkion zailtasun guztiekin, berak erabaki ez dituenak gainera, haurrak aurrera egingo du, bidea egiten jarraituko du, eta bide horretan lagundu duzula sentitzeak, berarekin izan zarela jakiteak, ez dauka preziorik».

