EH BIlduren hautagaiaren aurkezpena, San Pedron
Migel Mari Torrea izango da EH Bilduren alkategaia udal hauteskundeetan. Azken bi urtetan zinegotzi izan da Torrea, eta besteak besteak, kirol departamentuko ardura izan du.
Larunbatean aurkeztu zuten bere hautagaitza, San Pedron, koalizio abertzaleak zerrendaren aurkezpena eta onarpena egiteko deitutako batzar irekian. Horiek bukatuta irten ziren prentsa aurrera, eta alkategaiak hartu zuen hitza. Torreak esan zuenez, “lan talde anitz, indartsu eta parekidea” izango du bidelagun, hamar gizonez eta hamar emakumez osatuta. Batzarrean zerrenda ez ezik herri programa ere onartu zutela jakinarazi zuen, eta datozen asteetan bai zerrenda eta baita herri programa bera aurkeztuko dutela iragarri zuen.
Torreak nabarmendu zuenez, EH Bildurentzat “herritarrak dira Pasaiak duen aktiborik garrantzitsuena”, eta hori dela eta programa herritarrekin osatu dutela gogoratu zuen. Zehaztu zuenez, 132 neurri bildu dituzte herri programan, hogei ataletan banatuta.
“Hunkituta” eta “ilusioz beteta” zegoela aitortu zuen Torreak, “kideek beregan jarri duten konfiantzarengatik. “Gaur ez da ezer hasten, ez eta ezer bukatzen ere”, esan zuen, eta azken urtetan egin antzera Pasaiari buruzko erabakiak Pasaian har daitezen borrokatuko dutela agindu zuen.