San Pedroko udal liburutegian, errepublika garaiko maistren gaineko mahai-ingurua
Pasaiako Udalak hilaren 14ean ospatu zen Errepublikaren Egunarekin bat egin du bigarren urtez jarraian. Hori dela eta aitortza egin nahi izan zien lehengo astelehenean garai hartan errepresioa jasan zuten irakasleei, San Pedroko udal liburutegian, gaiaren gaineko dokumentalaren proiekzioa eta mahai ingurua antolatuz.
Omenaldiarentzako tokia propio aukeratu dutela nabarmendu dute udaleko iturriek, gaur egun liburutegia dena, eskola zelako II. Errepublikaren garaian.
Saritutako dokumentala
Iaz Goya saria irabazi zuen
Las Maestras de la Republica dokumentala ikusi ahal izan zen omenaldian, eta ondoren, proiekziora bildutako guztiek dokumentalaren zuzendari Luz Martínez Ten-en hitzak entzuteko aukera izan zuten. Garai haien gaineko gogoetak partekatu zituzten, eta, horrez gain, euskarak garai hartan bizi zuen egoeraren gainean mintzatu ziren.