Sagardo Eguna ospatuko dute 27. aldiz; goizez zein arratsaldez egingo dituzte ekitaldiak
XXVII. Sagardo Egunaren aurkezpena
Apirileko azkeneko larunbata iristear da, eta azken mende laurden luzean bezala, sagardoa izango da jaun eta jabe Errenteria-Oreretan. Atzo aurkeztu zuten, Arramendiko Herri Sagastian, Sagardo Egunaren XXVII. ekitaldia. Jaia antolatzen duten elkarteen ordezkariak eta norbanakoak izan ziren bertan.
Bertso batekin eta agurra dantzatuz hasi zuten aurkezpen ekitaldia, eta ohi bezala, jaia antolatzen laguntzen duten bi enpresa omendu zituzten. Horrela, Hernaniko Itsasburu sagardotegiko Jon Pagolari oroigarria eman zioten, Sagardo Egunaren bidelagun izan direlako. Uriña harategiari ere oroitarria eman zioten, “jaiaren beharrei erantzuteagatik”. Sagarrondo bana landatu zuten.
Jai eguna tradizio bilakatu da, eta programa bera ere. Goizean, sagardo dastaketa egingo dute Gorena markaren laguntzarekin. Oarso Sagardotegian izango da, Juan Zuriarrain enologoak gidatuta. Dastaketara joateko aukerarik ez duenak, Foru Plazan zintzurra bustitzeko aukera egongo da —eguraldi txarra eginez gero, Koldo Mitxelenan—. Bertan, Gorena marka osatzen duten hamahiru sagardotegietako zukuak edateko aukera egongo da.
Arratsaldean Gamon Zumardira mugituko da jaia. Gipuzkoako Sagardogileen Elkartean daudenen sagardoarekin batera, Eusko Label barruan daudenen zein independenteen sagardoak dastatzeko aukera egongo da. Tragoak edan nahi dituenak, edalontzia erosi beharko du sei euroren truke. Garestia? Zapia, pintxoa eta zozketarako ere banatuko dituzte basoarekin batera.
Jaialdiko produktu izarraz gain, izango dira eguna girotuko duten beste hainbat lagun. Errenteria-Orereta eta Ataungo talogileak izango dira, eta Aparola baserriko eta Frantzilla Berriko produktuak ikusteko aukera egongo da. Musika, berriz, gaiteroek, dultzaineroek, txistulariek eta trikitilariek jarriko dute, eta ez dira faltako ez Ereintzako dantzariak ezta Ana Tolosa irrintzilaria ere.