«Akats berak ez errepikatzeko ongi aztertu behar da historia»
Patri Urkizu idazleari elkarrizketa
Gerra Handian soldadu eta lekuko izan ziren euskaldunen testuak bildu dituzu 1914-1918 lekukoak liburuan. Zergatik aukeratu duzu gai hori?
Gai garrantzitsua dela euskaldunentzat, europarrentzat eta mundu zabalarentzat uste dudalako aukeratu nuen. Gaur- gaurko egoera politiko-ekonomikoari eragiten dioten erabaki asko hartu ziren gerraren bueltan. Aspalditik hasi nintzen gaia prestatzen, 1995. urtean. Jean Elizalde Zerbitzari-ren gaineko lan bat prestatu, eta Alberdaniarekin argitaratu nuen. Zerbitzarik kontatzen du bertan gerran izan zela, Hemingway baten antzera lapitzarekin oharrak hartzen, eta 1936. urtean idatzi zuen Eskualduna astekarian. 1997an Eusko Ikaskuntzan gerra eta literaturari buruzko jardunaldiak antolatu nituen, eta Jean Etxepare eta Jean Elizalde, medikua eta apeza gerra kronikari izenburupean lana idatzi ere. Bertsolariek nola ikusi zuten Gerra Handia bildu zuen liburu batean Antonio Zavalak, baina bere bilduma horretan gipuzkoarrak bakarrik aztertu zituen. Nik ikuspegi hori kontrajarri nahi nuen beste batzurekin eta aberastu. Ipar Euskal Herriko idazleek argitaratutako poemak asko dira, bizkaitarrek egindakoak ere… aurretik lan batzuk eginak baziren ere, ikuspegi osoagoa eman nahi nion gaiari, eta horretarako egin dut liburua.
Aldarrikapena ere badago liburuan. Gerra Handiaren gainean irakurtzea merezi duten euskal idazleen lanak daudela aldarrikatu nahi dut liburuarekin. Gogoan dut Koldo Mitxelenan gaiaren gainean gazteleraz egindako hitzaldi batera joan nintzela. Horren artxiborik ez dagoela hemen izan zen hizlariak bota zuen lehen gauza. Ez da egia, Koldo Mitxelena Kulturunean bertan daude garaiko kazeta guztiak.
Bertsogile ugariren lanak bildu dituzu. Tartean emakume baten olerkia ere azaltzen da, garai hartan ohikoa ez zena…
Hala da, 24 bertsogileren lanak bildu ditut liburuan, besteak beste. Batzuk anonimoak dira, eta guztien artean bat da berezia, interesgarria inoiz aipatzen ez delako ia. Alarguntsa niz du izena poemak. Bakarra da, eta jarraipena izango duela aipatzen du Donapaleuko kazeta-k, baina 1917. urtea osorik begiratuta ez dut besterik topatu. Pena da. Bertsopaperak ere badira Lusitaniako deskalabroen gainean jarriak. Ez du esaten nor den egilea, baina istorio gogorra kontatzen du: transatlantikoa eraso zuen urpekari alemaniar batek eta hondoratu. Bertan omen zen Bizente Egaña, eta haurrak eta emakumeak salbatzen lagundu zuela diote bertsoek. Hori kontatzen du. Lusitaniakoa mugarria izan zen amerikarrak gudan sartzeko, eta sartu zirenean gauza asko aldatu ziren fronteetan. Errenteriako bertsoak badira, Tabernarenak.
Txirritarenak ere. Azken hau nahiko batuta azaltzen da Ipar Euskal Herriko anaiekin, eta Jose Krutz Sarasola Lexoti, bakezale azaltzen da. Iparraldekoen ikuspegia gogorragoa da, bizi zutelako gerra beraien haragian, gorputzean eta soinean. Jean Barbier, adibidez, heldua zenez, ez zen frontera joan, baina oso deskripzio gogorrak egiten ditu.
Bertsoez gain bestelako testigantzak ere jaso dituzu, kronikak, poemak, liburuak,antzezlanak…
Bai , agendak, eleberrietako bi kapitulu nagusi, antzerkia… Guztira 60 lan bildu ditut.
Zure liburua dibulgazio lan gisa definitu duzu. Zergatik?
Bai, dudarik gabe, nire lan gehientsuenak bezala, honakoa ere, dibulgazio lana da. Ez da azterketa luze eta sakon bat, beti gelditzen delako gauza asko aipatzeko. Antologia honetara hurbiltzen denak euskal literaturak gaiari buruz eman duena aurkituko du, hurbiltze horretan autore dezente eta genero guztietakoak topa ditzake. Edozein irakurzalerentzat baliagarri da, eta izan daiteke historia maisuentzat erreferentzia bat. Ez da eleberria, zabalkunde lana da.
Eskualduna astekaria izan duzu iturri nagusia. Zein beste bitarteko erabili dituzu informazioa biltzeko?
Beste iturri batzuk arakatzen saiatu naiz, esate baterako, Bilbon argitaratzen zen Euzkadi, Iruñeako Napartarra, eta baita Koldo Mitxelena Kulturuneko artxiboa ere. Azken horretan bada bertsopaper pila bat, kazeta asko dago digitalizatuta. Pena da Liburutegi Nazionalik ez izatea, ondorioz ibili behar dugu batetik bestera gauzak aztertzen, arakatzen… Baiona edo Bilbon. Pena da ez izatea. Gaur Internet bidez bada gauza asko lortzea, gainera. Argazkiei dagokienez, Gallica Frantziako Liburutegi Nazionalera jo dut. Badago ondare asko, euskal funtsa, Anton Abbadiarena hantxe dago, eta handik atera ditut zenbait argazki egokitzen zirenak gaiarekin. Erregimentu askotako diarioak begiratu ditut. Testuak irudiarekin iradokigarriagoak izan daitezen jo dut irudietara.
«Gai garrantzitsua da euskaldunentzat, eta mundu zabalarentzat» «Gerra Handiaren gainean irakurtzea merezi duten euskal idazleen lanak daude» «Euskal Herrian 6.000 hildako eta 60.000 zauritu, betirako ukituak gelditu ziren»Lan hau guztia osatzeko, informazio dena biltzeko,denbora asko beharko zenuen, ezta? Aspaldi hasi nintzen Ipar Euskal Herriko testuak biltzen eta argitaratzen ere bai. 1987. urtean Baionako Museoko liburutegian aurkitu nuen lehen kantutegi euskalduna, XVIII. mende bukaerakoa, eta haren gaineko liburua idatzi nuen. Argitaragabeko dezente argitaratzen saiatu naiz, Lapurdi, Nafarroa Beherako eta Zuberoako bertso eta kantak XX. mendera arte; Anton Abbadiaren Lore jokoak… poliki-poliki material bat eskuratu dut eta trebatua zarenez badakizu Gerla Handiaren gaineko materiala non bildu, zeinek merezi duen… Azkenean bilduma hau atera da eta horrelako bildumak beharrezkoak direla pentsatzen dut, batez ere irakasleentzat. Liburuaren aurkezpena egin zenuenean 6.000 euskaldun zendu zirela Gerla Handian esan zenuen, belaunaldi bat odolustu eta hil zutela… Europa eta mundu osoan bederatzi milioitik gora pertsona hil ziren I. Mundu Gerran. Euskal Herrian 6.000 hildako eta 60.000 zauritu, betirako ukituak gelditu ziren, eta oso gutxik aipatu nahi zuten han izan ziren astakeria izugarriak. Horiek biltzen dituzten filmak badaude, Kirk Douglasen Senderos de gloria, Jean Renoirren La gran ilusión, edo Peter Weirren Galipoli… 18 urtetik 45 urterainoko hutsunea gelditu zen gerraren ondorioz, belaunaldi bat baino gehiagoren hutsunea, alegia. Ipar Euskal Herria ez zen garai hartan biztanlez kopuru handikoa, eta nik uste dut hustu egin zela, eta baserri asko eta asko ondorengorik gabe gelditu zirela.
Askotariko lanak egin dituzu olerkiak, narrazioa, saiakera, eleberria, kantu liburuak… Non sentitzen da Patri Urkizu gusturago?
Gusturen euskal testuak irakurtzen aurkitzen naiz. Idatzi, hutsune batzuk ikusten ditudanean egiten dut, maisu puntu hori ateratzen zait eta. Orain bukatzear dut, sekula ez delako lan bat bukatzen, beti kendu, gehitu, orraztu egiten duzu… 600 orriko memoria. Ez dakit inoiz ere argitaratuko ote ditudan. Besteak eta neroni titulua jarri diet. Nire ganbaran dauden zulo beltz edo ilun hauek pixka bat argitu nahian ari naiz idazten. Hori egiten dudan bitartean gauzak oroitu, beste hainbat berritu, bizipenak distantzia batetik begiratzen ari naiz, eta hor gustura sentitzen naiz, baneukalako gogoa, bestetik, unibertsitateko testu klasikoak edo ponentziak alde batera utzi eta libreago aritzeko.
Zure biografia izango da argia ikusiko duen zure hurrengo liburua, edo bada tartean beste proiekturen bat?
Badut nobela bat hortik zehar, noizbait ikusiko duena argia. 1960eko hamarkadako antzerki mugimenduaren gaineko azterketa sakona ere martxan dut, Jarrai antzerki taldea eta garaiko gora-beheretan sakondu nahi dut. Horrek denbora handia ematen du, artxiboetan kontsultatu behar delako, eta ni gehiago naiz liburutegiko sagua kazetariak gaur egun zaretena baino. Pertsonarengana jotzen duzue kazetariek, eta ni ez naiz horretan ausartzen, berak idatzitakoa aztertzen dut. 1960ko hamarkada hori antzerkigintzaren abanguardia izan zen testu garrantzitsuak euskaratu baitziren, Camus, Priestley, Miller… autore oso inportanteenak, eta merezi duela sakontzea uste dut. Horretan ari naiz, gero zer aterako den ikusiko dugu.
Spinozaren esaldi batekin amaitu zenuen zure azken liburuaren aurkezpena, zergatik aukeratu zenuen?
‘Lehena errepikatu nahi ez baduzu iker ezazu’. Spinozaren esaldi hori erabili nuen liburuaren aurkezpenean. Akats handietatik ikasteko dio. Batzuk ahaztua daukate zer den gerra, ez dute aipatu nahi, baina akats berak ez errepikatzeko ondo aztertu behar dela historia uste dut. Memoria argitzea garrantzitsua da ikasteko.
