Maiatzaren 9an izango da jaia Doneztebe plazan; egun osoko egitaraua prestatu dute. Hirugarren urtez izango da jaia
Mintzagun jaia aurkeztu dute gaur Doneztebe plazan. Argazkian: Irati Etxebeste (Oiartzungo Udala), Saioa Ballesteros (AEK), Borja Arbelaitz (AEK), Ane Amondarain (Errenteriako Udal Euskaltegia) eta Izaskun Sagastume (Pasaiako Udal Euskaltegia)
Eskualdeko euskaltegietan zein euren kabuz euskara ikasten ari diren lagunek hitzordu bat dute maiatzaren 9an: Mintzagun jaia. Doneztebe plazan izango da (txarra eginez gero Madalensoron) hirugarren urtez antolatzen duten egitasmoa, egun osoko egitarauarekin. Gaur eguerdian aurkeztu dute Doneztebe plazan bertan Borja Arbelaitz Oarsoaldeko AEKren arduradunak, Saioa Ballesteros Oiartzungo Intxixu AEKko arduradunak, Ane Amondarain Errenteriako Udal Euskaltegiaren zuzendariak, Izaskun Sagastume Pasaiako Udal Euskaltegiaren zuzendariak eta Irati Etxebeste Oiartzungo euskara zinegotziak.
Oarsoaldeko euskara ikasleen topaketa da Mintzagun jaia. “Gizon-emakume horien ahalegina txalotu, errekonozitu eta ikusgarri egin nahi dugu jendarte osoaren begietara”, azaldu dute.
Oarsoaldeko euskaltegien elkarlana
Errenteria-Oreretako eta Pasaiako udal euskaltegiek eta AEKren lau euskaltegiek elkarlanari heldu zioten 2012an: euskara ikasleei, euskara ikasi berri dutenei euskara erabiltzeko aukerak eskaini nahi izatea. “Euskara bereganatzea lortzen duen horietako askok, gehienek ez esatearren, ez dute inguruan euskaraz hitz egingo dien inor izaten, familian, lagunartean… Euskaltegia izaten da eurentzako mintzatzeko gune bakarra”, esan dute. Horri erantzunez sortu zen Mintzagun egitasmoa. Horren barruan bi atal daude: euskaltegietako tailerrak eta Mintzagun jaia.
Zapi logoduna
Jaiak bereizgarri izango duen zapia atera dute antolatzaileek, zapi logoduna. Bazkarirako lekua bermatu eta plazako tabernetan deskontuak izateko aukera emango die zapia daramatenei. Euskaltegietan eta Doneztebe plazako tabernetan erosi ahal izango da.
Mintzagun jaiaren egitaraua
- 11:00: Oiartzun ezagutzeko ibilaldia tren berdean.
- 11:30: Trikitilariek giroa alaituko dute.
- 11:45: Oiartzun ezagutzeko ibilaldia tren berdean.
- 13:00: Ongietorri ekitaldia Doneztebe plazan.
- 13:15: Intxixuaren bila aztarna-jokoa Elizaldeko kaskoan barrena.
- 13:30: Oiartzun ezagutzeko ibilaldia tren berdean.
- 14:30: Bazkaria Doneztebe plazan.
- 16:00: Eider Zabaletaren kantu emanaldia.
- 18:00: Jaiaren bukaera.