VI. Elkarteen Eguna ospatuko dute Donibanen larunbatean; udalak goraipatu duenez, elkarteen lana, Pasaiako Haur eta Nerabeen Eskubideak Bermatzeko Planaren ardatz nagusia da
Elkarteen egunean, eskulanak egiten
VI. Elkarteen Eguna ospatuko dute larunbatean Pasai Donibanen. Arratsaldean izango da jaia, 17:00etatik 20:00etara. Haur eta gazteentzat izango dira jarduera guztiak, eta hiru gune izango direla aurreratu dute antolatzaileek.
Gune batean eskulanak eta dantza tailerra izango da; bigarren gunean, berriz, kirol jolasak eta triala egiteko aukera izango da, eta hirugarren gunean, azkenik, arrauna, piragua eta estropuen tailerra. Jarduerak, Bizkaia plazaren inguruan eta Santiago plazan izango dira.
Aurten hamaika elkartek hartuko dute parte jaiaren antolakuntzan, guztiak elkarte pasaitarrak: Ekaitza, Boveda, Bixi-Bixi, Fama, Txassis, Donibane K.J.K.E eta Xanju K.E, Pasaia Kayak, eta Koxtape, Illunbe eta Sanpedrotarra arraun elkarteak.
Elkarteen garrantziaz
Pasaiako Udalaren ustez, elkarteen lana funtsezkoa da haur eta nerabeen eskubideak bermatzera bidean. Horregatik, beren ekarpena aitortu eta txalotu nahi izaten du urtero.
Udalak elkarteekin elkarlanean antolatzen du festa, elkarteen bizitasunari bultzada eman, eta haien lana ezagutarazteko asmoz. Modu berean, egitasmo honen bitartez, begirale euskaldunak topatzeko estrategia berriak lantzen dituzte, haurren eta nerabeen hizkuntza eskubideak bermatzeko helburuz. Elkarte berrien sorrera bultzatzea ere bada egitasmoaren helburua, jarduera berriak lagunduz.