
Jokin Mitxelena –ezkerretik bigarrena– liburu aurkezpenean, Donostiako Elkarren
Puka, erleak eta traktorea liburua argitaratu du Jokin Mitxelena marrazkilari oiartzuarrak Elkar argitaletxeko Xaguxar bildumarekin. Liburu honekin salto bat eman du Mitxelenak, irudiez gain testuak ere berak idatzi baititu. Gaur goizean aurkeztu dute liburua Donostiako Elkar megadendan.
Txakur bat da
Puka, erleak eta traktorea liburuaren protagonista, bere ikuspegitik kontatutako istorioa topatuko du irakurleak. “Istorio xume” gisa deskribatu du Aintxiñe Mendizabal editoreak aurkezpenean. Usaimenari ere egin dio aipamena: “Lastima liburuak ez duen usainik, garrantzia handia baitu”.
Benetako istorioa
Bera eta bere familiari benetan gertatutako istorioa dela kontatu du Mitxelenak, egun batean familian gertatutakoa: “Katastrofe kate bat gertatu zen eta ondorioak izan zituen. Han zeuden umeentzat garrantzia izan zuen eta hor istorio bat zegoela kontatzeko ikusi nuen. Kaos horretan txakur bat ere bazegoen eta bere ikuspuntutik kontatu dut”.
Istorioak ikasbiderik ez duela iruditzen zaio Mitxelenari: “Behin eta berriz pentsatzen jarrita ere ez dut ikusten ikasbiderik… Agian dilema bera izan daiteke, bizirik ateratzeko kontuz ibili behar dela edo alderantziz, hori izango litzateke dilema”.
Irudi liburu bat gehiago dela nabarmendu du marrazkilari oiartzuarrak eta lehen aldiz idazte horrek mugarik ez diola sortu esan du: “Idazteak ez nau mugatu margotu nahi nuena adierazteko”.
8 urtetik gorakoei zuzendutako liburuan mundu bukolikoa islatzen bada ere, mundu hori goraipatzeko inongo asmorik ez duela adierazi du, “baina mundu hori polita da”. Umeek ez dute mugikorrik, ez doaz modara jantziak…
Ibilbide luzeko artista
Jokin Mitxelenak liburu asko hornitu ditu bere marrazkiekin eta sari garrantzitsuak ere irabazi ditu; hala nola, Etxepare, Juul eta Euskadi. Bilbon Arte Ederrak ikasi zituen eta irakaskuntzan urte batzuk eman eta gero, gaur egun liburuak ilustratzea da bere bizibidea.
Euskal Herria eta Alemania artean bizi da eta Euskal Herrian lan egiteaz gain, Espainia, Alemania eta Austriako argitaletxeentzat lan egin du.