«Kontsumo taldeek ekoizleei astero erosteko konpromisoa dute»
Leo Argote Azabaratza kontsumo taldeko kidea da. Oarso Bidasoko lehenengo kontsumo taldeak orain bospasei urte sortu ziren; osasuna bilatzen dute bertako kideek, baita nekazaritza bultzatu eta nekazariak eurak babestea ere.
Kokatzeko: nondik dator kontsumo taldeen egitasmoa?
Japonian sortu ziren lehen kontsumo taldeak. Etxekoandre talde bat elkartu zen, elikadurarekin kezkatuta zeudenak eta bertako nekazariei proposamen bat egitea erabaki zuten. Proposamena honakoa zen: nekazariek produktu osasuntsuak eskaintzen bazizkieten, beraiek konpromisoa hartuko zuten astero-astero beraien ekoizpena kontsumitzeko. Duela hogei urte inguru izan zen hori. Gero handik AEBetara pasa zen ideia, AEBetatik Europara, Frantziara, eta hortik Kataluniara eta Madrilera. Gipuzkoan lehenengo taldea Uztaro kooperatiba izan zen. Madrildik zetozen pertsona batzuek sortu zuten, eta horien bidea jarraituz sortu ziren gainontzekoak.
Zein da Oarso Bidasoko kontsumo taldeen egoera?
Talde bakoitzean konpromiso maila desberdinak daude. Adibidez, Barealaia kooperatiba bat da (Irun), hau da, auzolanak daude, jendeak bi hilabetean behin uzta jasotzera joan behar du, bilera gehiago dituzte… gizarte segurantza eredu alternatibo moduko bat dute: ordaintzen denean ez da soilik saskia ordaintzen, kuotaren zati bat erremintak erosteko baliatzen da, bajak ordaintzeko… Beste talde batzuk konpromiso maila txikiagoa dute eta horietan kuota ordaintzen da, baina nekazariak beregain hartzen du behar dituen inbertsioak. Guztiak berdin sortu badira ere, talde bakoitzak bere nortasuna du nolabait esateko.
Zein dira jendearen motibazioak kontsumo talde batera sartzerakoan?
Jende askok osasuna bilatzen du, beste askok nekazaritza bultzatu eta nekazariak eurak babestea bilatzen dute. Nik uste bi arrazoi horiek direla ardatz nagusiak.
Eta taldea uzten dutenek zergatik uzten dute?
Egokitzapen falta dagoela esango nuke alde batetik. Supermerkatura joan eta nahi dugun guztia hartzera ohituta gaude, eta oso barazki gutxi jatera ohituta gaude. Saskia jasotzen hasten garenean barazki gehiago jaten hasten garela denok dugun sentsazioa da, eta badago jendea bere dieta egokitzeko arazoak dituena. Barazki desberdinak ere sukaldatzen hasi behar gara; nik uste denoi pasa zaigula saskira begiratu eta zerbait ezagutzen ez dugula aurkitzea. Barazki berriak ezagutzen joaten zara, horiek sukaldatzen jakin behar duzu, zapore desberdinak dira… Horren aurrean oztopoak aurkitzen ditu jendeak, agian norbera prest dago aldaketa hori egiteko, baina seme-alabek edo bikoteak ez dute nahi zapore edo barazki ugaritasun horretara egokitu.
Kontsumo talde bat sortzeko baldintza batzuk bete behar dira?
Gipuzkoako kontsumo talde gehienak, esaterako, produktu ekologikoekin aritzen dira, baina ez da ezinbesteko baldintza. Gure kasuan, adibidez, Oreretan, nahiago genuen bertako norbait ekologikoa izatea baino. Egia da taldean bazegoela interes bat pertsona horrek poliki-poliki ekologikorantz jotzearena, baina ez zen hasieratik eskatzen genuen zerbait. Gerora bilatzen hasi ginen eta Oarsoaldean ez genuen topatu inor hornituko gintuenik; beraz, azkenean baratzezain ekologiko batera jo genuen, baserria Beizaman duena.
Paraleloki gero eta jende gehiago sartu da baratzegintzan eta produktu ekologikoetan eskaintza gehiago egin da, baina ez nuke esango talde guztiek ekologikoa bilatzen zutenik edo hori zela lehentasuna.
Bestalde, kontsumo talde bat sortzeko protokoloa nolabait esatearren izaten da norbaitek interesa izatea, baserritarra izan edo herritar bat izan. Bere garaian Biolur edo EHNE sindikatuarekin harremanetan jartzen zen, gaur egun Biolur edo Basherri taldearekin jartzen da eta hitzaldi bat antolatzen da. Taldearen filosofia eta helburuak finkatzen dira eta nahiko jende elkartzen bada taldea martxan jartzen da. Normalean jende kopurua baserritarrak zehazten du.
Ekologikoa aipatu duzula, batzuek diote moda kontua dela edo ongi saltzen den pentsamoldea dela. Kontsumo taldeek zer dute, baldin badute, modatik eta zer kontzientziatik?
Gustatuko litzaidake pentsatzea kontsumo taldeetan dagoen jendea ez dagoela modagatik; izan ere, halako ohitura aldaketa bat eskatzen du. Moda soilik balitz jendeari pisutsua suertatuko litzaioke horrelako dinamika batean sartzea. Azken bost urteetan kontsumo taldeek gora egin dute, ez dirudi beherakada iristear dagoenik eta nik uste mantenduko direla, hala espero dut behintzat.
Gaur egun dugun kontsumo mailarekin posible al da produktu guztiak lokalak izatea?
Oraintxe bertan ez. Gipuzkoa osoak, esaterako, ekologikoa edo bertakoa kontsumitu nahiko balu ez ginateke %10a ere hornitzeko gai izango, %5ean edo gabiltzala esango nuke. Gero ere produktuaren arabera da, Gipuzkoan nekazaritzak duen pisua kontutan izanik nahiko abeltzain badaude oraindik, baina beste produktu batzuk topatzea zailagoa da. Baratzezainak gero eta gehiago daude, baina fruituak topatzea oso zaila da, arrautzak ere… eta zerealetan ezinezkoa da, Nafarroara jo behar dugu kasu horretan.
Baserritarrak desagertzen ari direla aipatu izan duzu. Zein da egoera?
Duela urtebete pertsona batek esan zidan biztanleria aktiboaren %1 besterik ez dela nekazaria, hau da, profesionalki nekazaritzan ari dena. Jendea badago baduena bere baserria eta autokontsumorako baratza, txekorrak edo dena delakoa. Duela gutxi gure baserritarrarekin hitz egin nuen eta komentatzen nion badagoela halako ideia bat, gero eta gazte gehiago daudela nekazaritzan eta berak esaten zidan ez dagoela nahiko desagertzen diren nekazariak orekatzeko. Oraindik, beraz, gainbeheran gaude.
Zergatik daude hain gutxi?
Alde batetik, Europa mailan gertatu den prozesu bat da, herrialde guztietan gertatu dena. Nekazal inguruetatik hirietarako emigrazio bat egon da azken 60 urtetan, eta jende askok utzi egin du bere nekazaritza jarduera industrian aritzeko. Bestetik, prezioen beherakada oso-oso handi bat egon da, eta jende askok jarduera utzi behar izan du ez zelako nahikoa bere kostua-edo ordaintzeko. Orain baserritar helduekin hitz egiten duzunean baserritik ezin dela bizi esaten dizute eta hori askotan entzun izan dut, beraiek dira lehenak nekazaritza arloan sartzeko desanimatzen zaituztenak. Beraiek sufritu duten egoera izan da, prezioei dagokionez ezin daiteke lehiatu kanpotik datozen produktuekin eta denda txikiak, azokak… desagertzen joan diren heinean, nolabait ikusi da distribuzio kate handietan saltzeko oso ekoizpen handiak behar direla, inbertsio handiak eskatuz, eta jasotzen duzun prezioa oso murritza da.
Eredu alternatiboak sustatzen baditugu poliki-poliki nekazaritza zerbait erakargarri bihurtzen hasiko gara. Gazte batzuk ezagutu ditut nekazaritzan sartu direnak bazekitelako kontsumo talde bat sortzeko aukera zutela, eta horrek euren diru-sarrerak bermatzen zituelako. Horrelako ereduekin, hortaz, lehen animatuko ez liratekeen jarduera batean sartzera animatzen dira baserritar gazteak.
Kontsumo taldeak, beraz, nekazaritzaren egoera zailaren argi izpi bat dira, edo izan daitezke?
Salbatu ez dute egingo, hori argi dago. Kontsumo taldeak beste askoren artean eredu bat dira, badaude bestelako ereduak. Bidasoan Bidazi dago esaterako; kooperatibak dira eta produktu ekologikoak eros daitezke. Kontsumo taldeek duten berritasuna da konpromisoa hartzen dela ekoizleekin astero-astero erostekoa. Hau da, ekoizleei astero erosteko konpromisoa dute kontsumo taldeek. Nik lau urte daramatzat Oreretako kontsumo taldean eta oso gustura nago, baina badago jendea nahiago duena azoketara joan, belardendetara, denda txikietara edota kooperatibetara. Nik uste pertsona bakoitzaren beharretara egokitzen den eredu bat badagoela. Guztien artean halako bultzada txiki bat ematen diogu nekazaritzari. Kontsumo gehiena, %80a baino gehiago, merkataritza zentro handietan egiten da, eta horiek ez daude nekazaritza bultzatzeko edo babesteko prest.
Duela gutxi artikulu batean irakurri nion ekonomia sozial eta solidarioan ibiltzen den bati, feudalismo garaian kapitalismoaren lehenengo haziak erein zirela, eta zergatik guk egiten duguna ez den beste eredu bat sortzeko hazia. Poliki-poliki eredu berri bat sortzen ari garela pentsatzea gustatuko litzaidake. Zer gertatuko den? Bada auskalo, denborak esango du. Niri oinarrizkoa iruditzen zait gutxienez elikagaien ikuspuntutik burujabe izatea.
