Allerru SBT Senior A 14-15
Allerru Saskibaloi Taldeko 2. Mailako taldeak Lehen Mailara igotzeko itzuliko partida jokatuko du gaur Donostia Dolphins taldearen kontra. 20:20an izango da partida Intxaurrondoko Mons kiroldegian. Fase erregularra bosgarren postuan amaitu zuen Allerruk eta joan den ostiralean jokatu zuen maila igotzeko kanporaketako joaneko partida etxean, eta 24-55 galdu zuen. “Lehen taldeko bost jokalari baino ez zeuden joaneko partida jokatzeko, eta bigarren mailako hiru jokalariren laguntza behar izan genuen”, azaldu du Irlentz Quiñonesek, Allerruren lehen taldeko entrenatzaileak eta bigarren taldeko entrenatzaile laguntzaileak.
Aurreko ostiralean “markagailua hasieratik maldan gora” jarri zitzaiela onartuta, gaurko partidan taldea lanean ahalik eta ondoen jokatzen saiatuko dela gaineratu du entrenatzaileak: “Lehen partiduko emaitzari kasurik egin gabe ahalik eta ondoen jokatzen saiatuko gara gaur”.
Denboraldiaren balorazioa
Denboraldia hasi aurretik Allerruko 2. Mailako taldea maila bereko talderik onenen artean izango zela bazektela, baina txuri berdeen helburua ongi pasatzea zela esan du Quiñonesek, “etortzekotan, etorriko ziren etorri beharrekoak. Lehen itzuli nahiko txukuna egin genuen eta hasieratik izan gara taulako lehen postuetan”.
Bigarren bueltan, ordea, lesio mordoa izan dituela taldeak eta hamalau lagunez osatutako taldeak askotan sei jokalari baino ez dituela izan partidetarako esan du.
Allerru SBT Senior B 14-15
3. Mailako taldeak urtebete
Allerruren 3. Mailako taldeak urtebeteko ibilbidea egin du eta hasieratik helburu formatiboa izan duela zehaztu du Quiñonesek. Taldeak hamaika lagunekin hasi bazuen denboraldia ere, zazpireki amaitu du, “adin zaila da eskolaz kanpoko jarduerekin aurrera jarraitzeko, ikasketek izaten dute lehentasuna”. Lesioren bat ere izan dute tartean, baina hala ere zazpi garaipen lortu ditu taldeak, “hobekuntza nabaria izan du taldeak eta lan bikaina egin dute denek”.
Gaur igoera faseko bueltako partidari “ahalik eta ondoen” erantzuten saiatuko dela Allerru Saskibaloi taldea eta hura amaituta datorren denboraldiari begira jarriko direla gaineratu du entrenatzaileak, “jokalari guztiak zoriondu nahi ditut urtean zehar egin duten esfortzuagatik, eta lesionatuei ere animoak helarazi nahi dizkiet”.