Nahikari Otermin trintxerpetarra, bigarren aldiz da
EAJren alkategaia Pasaian. Enplegua sustatzea lehentasun izan behar duela uste du, eta Oarsoaldeko Garapena Agentziarekin harremana estutu nahiko luke. Hondakin bilketari dagokionez bosgarren edukiontziaren aldekoa den arren, kontsulta deituko luke horretarako aukera izango balu.
EAJren lehentasunak datorren legegintzaldian ekonomia eta enplegua izango direla iragarri duzue. Pasaian, zehazki, zein neurri hartuko zenituzkete horiek bultzatze aldera?
Beharrezkotzat jotzen dugu garapen agentziarekin harremanak estutzea eta elkarlana areagotzea, gure egitura produktiboak dituen beharrei aurre egiteko neurriak erabaki eta martxan jartzeko. Prestakuntza, enplegu planak, internazionalizazioa, ikerketa etab. jorratu behar dira, benetan protagonista direnekin. Gure zereginetan lehentasuna izan behar du honek.
Gure indarrak herriko komertzioa babestu eta indartzera bideratuko ditugu. Horretarako, merkatarien elkartearekin elkarlanean ekimen berriak garatu eta negozio berriak irekitzeko erraztasunak eman nahi ditugu. Eragile ezberdinekin egin ditugun bileretan esan zaigu, zailtasunekin topatu direla Pasaian negozio berri bat ireki nahi izan dutenean, eta horrek atzera bota dituela.
Nahikoa babesa lortuz gero, hondakinen bilketaren inguruan kontsulta deituko duzuela iragarri izan duzue. Zer galdetuko zenukete zehazki balizko herri galdeketa horretan? Emaitza edozein dela ere, loteslea litzateke?
“Zein bilketa mota nahi duzu zure herrian, atez atekoa ala 5. edukiontzia?”, eta noski, loteslea litzake. Gure apustua zalantzarik gabe 5. edukiontziaren aldekoa da, baina herritarren gehiengoak atez atekoa nahiagoko balu, pasaitarren erabakia errespetatuko genuke, gure eredua ez delako inposizioan oinarritzen; guk herritarrei hitza eman nahi diegu eta herritarrak entzun nahi ditugu.
Zer proposatzen du Pasaiako EAJk kaiko Herreraren biziberritzea dagoen stand by egoeratik ateratzeko? Zentzu horretan, zein iritzi duzue Aldundiak Jaurlaritzari eta Portuari kaiko Herrera erosteko egindako eskaintzaz?
Jarrera biktimistak alde batera utzi behar dira eta elkarrizketa eta adostasun bideei heldu behar diegu. Portua bizilagun dugu, eta berarekin akordiotara iritsi beharko gara bai ala bai, pasaitarrontzat onuragarriak izango diren proiektuak eta ekintzak garatu ahal izateko.
Lurrak erosteari buruz, aukera bat da, baina horretarako jabeak saldu nahi izan beharko du. Gainera, hemen garrantzitsuena ez da lur eremua norena den, udalak bertan zer egin aukeratu eta erabaki ahal izatea baizik. Horretarako noski, adostasunetara iristea ezinbestekoa da, horregatik, guk, elkarlana eta akordioak bultzatuko ditugu biziberritze prozesuan aurrera pausoak emateko.
Alokairua bultzatzeko politikak ere iragarri izan dituzue. Zein neurri zehatz proposatzen dituzue zentzu horretan?
Bi neurri proposatzen ditugu. Alde batetik, etxebizitza hutsa duenari errekargua kobratu ordez, alokatzen duenari hobaria aplikatuko litzaioke. Bestalde, etxebizitza departamentu bat sortuko genuke etxebizitza hutsen jabeekin hitz egiteko, udaletxeak gainbegiratuko lukeen BOEa sustatuz. Gazteentzako bizitokia eta erosketa aukera erraztuko litzateke, tasatutako prezioan.
Era berean, lokalak etxebizitza bihurtzea ahalbidetuko dugu, betiere ekintza komertziala eta bizi-lekuen oreka mantenduz, herriaren hirigintza kalitatea eta pasaia hobetze aldera.