Gipuzkoako Trainerilla Ligako seigarren eta zazpigarren jardunaldiak jokatu dituzte asteburuan, eta gizonen mailan, ostiralean bezala daude kontuak, San Juan eta Hondarribia sailkapeneko lehen tokian berdinduta. Jardunaldi bakarra geratzen denez, parekotasuna azken txanpan erabakiko da, heldu den larunbatean.
Sanjuandarrak, Hondarribiko probaren hasieran
Hondarribiak Orion eta San Juanek Hondarribian. Gipuzkoako Trainerilla Ligako seigarren eta zazpigarren jardunaldiak jokatu dituzte asteburuan, eta gizonen mailan, ostiralean bezala daude kontuak, San Juan eta Hondarribia
sailkapeneko lehen tokian berdinduta. Jardunaldi bakarra geratzen denez, parekotasuna azken txanpan hautsiko da, heldu den larunbatean.
Larunbatean Orion lehiatu ziren herrialdeko zazpiko ontziak. Ligako bi indartsuenen arteko borroka itzela izan zen, eta Hondarribiak 21 ehuneneko aldeagatik irabazi zuen, lidergoa eskuratuz. Hirugarren postuari begira, Getaria Mutrikuri gailendu zitzaion, eta sailkapenean berdintzea lortu zuen. Igandean ere hirugarren izan zen Getaria eta laugarren Mutriku, eta marroiak aurretik jarri dira ligako hirugarren postu horretan.
Orion lidergoa lortuta, Hondarribiak aukera paregabea zuen igandean etxean liga bideratuta uzteko, baina gauzak ez ziren nahi bezala irten Hondartza parean. Erlojuaren kontrako estropada izan zen igandekoa, baina ontziak bi kaleetan banatu zituzten eta berdeak eta arrosak bata bestearen ondoan bogatu behar izan zuten. Lehen ziabogaraino oso parekatuta joan ziren bi trainerillak, baina bigarren luzean eta batez ere hirugarrenean, sanjuandarrak aurreratu ziren.
San Juanek garaipena lortu eta lidergoa berreskuratu zuen, baina puntuetan berdinduta daude arrosak eta berdeak. Hortaz, azken estropadan erabakiko da gizonen trainerilla liga, heldu den larunbatean Mutrikun. Iganderako, berriz, Gipuzkoako Txapelketa antolatuko dute, Getarian.
Kopari dagokionez, Hondarribia ez zen Orion lehiatu, eta horrekin Donibaneko hirugarren ontziak Kopa ziurtatu zuen, berdeekiko tartea hamar puntura zabaldu eta gero. Lehiatu direnean indartsuenak izan dira hondarribiarrak, baina bi estropadetan ez dute parte hartu eta horrek aukerarik gabe utzi ditu. Txapelketa lortuta, Hondarribian azken tokian sailkatu zen San Juan C, baina garaipena arrosa kolorekoa izan zen, San Juan Bren eskutik. Traineruen denboraldiari begira serio ari dira sanjuandarrak lanean eta trainerilla denboraldian lau ontzirekin lehiatzen ari dira gizonen mailan, bat ligan eta beste hiru kopan.
Zumaiak irabaziko du nesken liga
Hibaikak urteko lehen garaipena lortu zuen
Emakumeetan, Zumaia liderrak Orion irabazi zuen eta Hondarribian bigarren geratu zen, eta liga erabakita utzi zuen. Hibaika Bk aukera guztiak galdu zituen larunbatean, ez baitzen gai izan lehen hiruren artean sailkatzeko. Igandean, aldiz, amorru handiz ureratu ziren eta denboraldiko lehen garaipena lortu zuten Oreretako beltzek, zumaiarren eta Orioren aurretik.
Sailkapenean 69 puntu ditu Zumaiak, eta 60na Hibaikak eta Oriok. Horrenbestez, azken jardunaldian bigarren nor, hori Errenteria-Oreretako eta Orioko nesken borroka.
Gazteetan, arrosek bi garaipen
Gazte Mailan, San Juanek asteburu biribila izan du. Bi estropadak irabazi ditu eta hiru puntu jan dizkio lider Getariari. Orion, arrosak getariarren aurretik sartu ziren, eta Hibaika hirugarren izan zen. Baina Hondarribian, oreretarrek sailkapeneko bien artean sartu ziren, eta marroiek hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuten.
Hala, Getaria da oraindik ligako liderra gazteetan, baina bi puntuko aldea baino ez du sanjuandarrekiko. Azken jardunaldian Hondarribiko emaitza errepikatuz gero, sailkapeneko aurreneko biek berdinduko lukete, eta liga Koxtaperentzat izango litzateke, garaipen gehiago izango lituzkeelako —orain hiruna berdinduta daude—. Nolanahi ere, oraindik Getariarrak dira faborito, bigarren geratzearekin nahikoa dutelako txapeldun geratzeko.