Maria Dolores Larramendi
Zer suposatu du zuretzat antxotarrek eskaini dizuten omenaldiak?
Hutsune bat badut, ez dudalako ikusi nire jendea; hemendik joan nintzela 40 urte baino gehiago dira, [ordutik Irunen bizi da] eta nire jende gajoa, ni bezala, zahartzen ari da. Horiek ez ditut ikusi omenaldian. Elizkizunetan ikusten dut jendea, hor bai, baina pilotalekuan ez nuen aurpegi ezagun askorik ikusi.
Pilotalekutik ni bizi nintzen etxea ikusten nuen, Hamarretxeta kalean, eta horrekin hunkitu egin nintzen. Baina bestela herria oso aldatuta ikusi dut: udaletxerik ez, azokarik ez, eskolarik ez, pabilioiak… dena aldatuta dago. Hori bai, askoz ere politago dago, eta gainera, aspaldiko partez, frontoia dago.
Ezin da esan sentitu nuena omenaldia egingo zidatela esan zidatenean. Pasa egin behar da. Kirioak dantzan hasi nintzen… Alkateordearen deia jaso nuenean ere ia ezin nuen sinestu. Harridura handiarekin jaso nuen albistea. Gutxien espero nuena zen, orain, nire adinarekin, halako omenaldi bat jasotzea.
Garaiko oroitzapen guztiak etortzen zaizkizu gogora berriz ere, orduko erretratuak berreskuratu… Polita izan da.
Zu nolatan hasi zinen erraketara jokatzen?
Etxean. Osaba, amaren anaiak, pilotan jokatzen zuen, Donostian [Joxe Larramendi erremontista profesionala zen bere osaba] eta, gero aitona ere oso frontoizalea zen.
Hamarretxeta kalean zazpi gelako etxebizitzan bizi izan naiz. Han gela bakarra genuen libre, eta gela hartan guk frontoia antolatzen genuen. Aitonak erakusten zidan pilotan. Aitonak zuen bere semea pilotari, eta ondoren, ni, iloba.
Noiz eta nola suertatu zitzaizun zuri erraketa jokoan profesional gisa hasteko aukera?
Donostian ireki zuten frontoia, emakumeena. San Inazio elizaren atzean zegoen, etxe baten azpian. Baina proiektu hark ez zuen aurrera egin.
Frontoi hura guk inauguratu genuen, beste emakume erraketistekin batera: Eibarkoak, Bilbokoak, Arrasatekoak… Itxura txukuna zuen frontoiak, baina jende gutxi joaten zen partidak ikustera, eta hasi eta segituan esan ziguten gauzak ez zihoazela ondo. Urtebete ere ez nuen egin nik Donostian.
Hemengoak kale egitean Sabadellera (Katalunia) bidali gintuzten. Urte asko pasatu dira, eta dena zehazki nola gertatu zen ez dut gogoan, baina halako zerbait izan zen. 1941 edo 1942 urtea izango zen.
15 urte besterik ez zenituen orduan. Etxekoek ondo hartu zuten zu kanpora joateko erabakia?
Aitona, pozik. 8 urterekin ere ni frontoira joaten nintzen aitonarekin, osaba ikustera. Etxekoek ere babesa eman zidaten.
Frontoian orduan ez zen emakume askorik ibiliko, ezta?
Ez, ez, ausartegia zen orduan.
Sabadellera (Katalunia) iritsi eta han zer topatu zenuen?
Hango frontoian, kudeatzaileak Kusko izena zuen, eta hari deabruari baino beldur gehiago genion. Emakume piloa ezagutu nituen han. Bazegoen jende pobre xamarra tartean. Etxe bat hartu ziguten, frontoiaren ondoan, laugarren pisuan, eta han bi gela genituen. Etxeko emakumeak bazkaria egiten zigun eguerdirako.
Nolakoa zen zuen egunerokoa?
Jaiki, nahi zenuenean egiten zinen, baina eguerdian, egunero joan behar izaten genuen frontoira, eta han ordurako jarrita egoten ziren arratsaldeko eta gaueko partidak. Hori irakurrita zenekien egun hartan partidarik zenuen ala ez, norekin eta zeinen kontra. Gauez jokatzen genuenean oso berandu bukatzen genuen, eta beti elkarrekin itzultzen ginen etxera. Batek besteak baino lehenago bukatzen bazuen, besteari itxaron, eta hala ibiltzen ginen, partidak bukatuta, txintxo-txintxo denak etxera.
Zenbat ordaintzen zizueten gogoratzen duzu?
Ez dut gogoan, baina badakit beti larri ibiltzen ginela. Zer edo zer erosi nahi bazenuen, nahiko lan. Soinekoa erosi, gona, erraketa… Dena gure kargu izaten zen. Han bertan bizi zirenek jornala aterako zuten, baina kanpotik joaten ginenok, nahikoa lan bizirauteko.
Sabadelletik Madrilera, eta Madrildik Logroñora. Guztira, bost urte egin zenituen profesionaletan. Noiz eta zergatik utzi zenion erraketan jokatzeari?
Bada jendea urrutira joan dena, baina nik ez nuen jarraitu nahi izan. Egia esateko ez dakit eskaini zidaten besterik, baina 20 urterekin nik etxera itzultzeko gogoa nuen. Gustatzen zitzaidan, baina nekatu nintzen etxetik urrun hainbeste ibiltzeaz.
Profesionala izateari utzi, baina sekula ez pilotazale izateari. Irujo ala Olaizola. Nor nahiago?
Olaizola. Isila eta serioa da, pilotariak izan behar duen bezalakoa. Horregatik gustatzen zait. Jaungoikoari eskerrak, osaba ere halako pilotaria zen, serioa, patxadatsua, beti bere tokian egoten zena.
Erraketisten istorioa ezkutuan egon da urteetan. Zergatik?
Ezin zenuen esan pilotaria zinenik. Gaizki ikusia zegoen, gizonekin ibiltzen zinelako edo, baina ez dut ulertzen zergatik. 20 urterekin iritsi nintzenean hona, denek esaten zuten: ‘Hortxe doa pilotaria!’. Niri, hala ere, asko lagundu zidan osaba pilotaria izateak. Frontoian harekin ibiltzen nintzen, eta berak han denak aurkezten zizkidan.
Emakume kirolari antzindariak izan dira erraketistak
Larramendi, bere lagun min Rafaela Etxaniz azkoitiarrarekin
Arrakastaz beteriko hiru edo lau hamarkada bizi izan zituzten erraketistek, Euskal Herrian zein kanpoan. 1940ko eta 1950eko hamarkadak izan ziren erraketisten urrezko aroa. Bartzelonan eta Madrilen zazpina frontoi zeuden orduan eta Donostian, Salamancan, Mallorcan, Sevillan eta Valentzian bana, besteak beste.
Ameriketan ere izan zuen oihartzuna emakumeen pilota jokoak, eta euskaldun bat baino gehiago aritu zen han jokoan, Maria Luisa Senar antxotarra kasu. Senar 41 urtez aritu zen profesionaletan, horietako 12 Bartzelonan eta gainontzekoak Mexikon.
Ibilbide oparo eta luzeena Senarrek izan zuen, baina izan dira erraketista gehiago Pasaian.
Antxon, Senar eta Larramendirekin batera, beste hiru emakume aritu zirela jakin dute gaia ikertzen dabiltzan Txost taldekoek. Maria Pilar Belza, Matilde Etxenike —nahiz eta aitak jokatzeko baimenik ez zion eman— eta Yolanda izeneko emakume bat.
Donibanen ere jaso dute Txost taldekoek emakume erraketisten berri. Ramonita Gametxo, Natividad Trecet eta Mari Carmen Sistiaga ere erraketistak izan zirela jakin dute.
Erraketistak garaiko emakume aurreratuak izan ziren, familia eta herria utzi eta lanera alde egin zutenak. Beren ibilbidearen berri, aitzitik, inork gutxik zan du gaur artean. Memoria hori berreskuratzeko lanean ari da orain Txost taldea.