Bigarrenez aurkeztuko da Ainhoa Zabalo zerrendaburu EHBildurekin Lezon. Azken legegintzaldiak emandako esperientzia du Zabalok, eta berdintasuna, euskara, gizarte zerbitzuak indartzea, jasangarritasuna, irisgarritasuna eta parte hartzea lehen lerroan jarri ditu EHBilduren zerrendaburuak legegintzaldi berriari begira.
Zein dira EHBilduren lehentasunak legegintzaldi berrian alkatetza eskuratuz gero?
Amaitzear den legegintzaldi honetan bezala berdintasunarekin lanean jarraitu nahi dugu. 2011. urtean udalera heldu ginenean ez zegoen gaiaren gaineko plangintza berezirik eta guk diagnostikoa egin dugu eta pausu batzuk ematen hasi gara bai udal barruan zein herritarrekin. Berdintasuna beraz erronketako bat izango da.
Euskara izango da gure beste erronka, gure hizkuntza. Izan ere, azken urteetan erabilera jaitsi egin da eta horrek kezkatu egiten gaitu. Lezoko udalak %100ean laguntzen du euskara ikasi nahi duen herritar oro, eta uste dut garrantzitsua dela hori gogoraraztea, jendeak ez dakiela uste dudalako. Hemendik beraz, herritar guztiak animatu nahi ditugu euskara ikastera. Eskualde mailan Oarsoaldea Garapen agentziaren bidez hainbat plan egiten dira enpresa eta saltokiekin, euskara sustatzeko, eta horretan lanean jarraituko dugu.
Gizarte Zerbitzuak oso arlo sentsiblea dela argi dugu, bestalde. Azken urteetan, gainera, badira oso egoera txarrean dauden hainbat familia. Alkatetzara heldu zenean EH Bildu diru zatiak handitu genituen familia diru laguntzetarako, familia esku hartzean, adin txikikoekin lan egiteko, eta beharra zegoela ikusi genuelako egin genuen horrela. Bide horretan jarraitzeko asmoa du EHBilduk, gutxien duena laguntzen, alegia.
Jasangarritasuna ere ezinbestekoa da gure udalerrian, eta zentzu honetan ura eta argi indarraren gaineko hainbat inbertsio egiten jarraitu nahi dugu.
Enplegu planari ere eutsi diogu azken urteetan egoera zein den ikusita. Horren harira, emakumeei begira Kokatu programa abiatu dugu. Arrakasta handia izan du, eta datorren legegintzaldiari begira mantendu behar dugula pentsatzen dugu.
Parte hartzea ere erronka da EHBildurentzat. Orain arte sustatu ditugu eta aurrera begira udalean jarraituz gero parte hartzeak ezinbestekoak izango dira, denok eraikitako herria nahi dugulako, denon artean hartutako erabakiak hobeto eramaten direlako aurrera. Egin ditugu parte hartze ezberdinak, zabor bilketaren inguruan, berdintasunaren inguruan, auzo ezberdinetan inbertsioak egiteko Pisbe eta Altamiran… Ideia hori da auzo ezberdinetan parte hartzea sustatzea auzotarrekin. Beste erronka garrantzitsua mugikortasuna eta irisgarritasunarena da. Irisgarritasun plana egiten ari gara, eta hori gauzatzeko baliabideak eta dirua jarri nahi dugu hurrengo legegintzaldian oso garrantzitsua delako. Mugikortasunari dagokionean gure herrian eta beste herrietara mugitzeko beste modua sustatu nahi dugu. Hor dugu adibidez Donibaneko bidegorria, baita Altamira auzoa ere. Auzo hori Lezora hurbildu nahi dugu. Lezotik Errenteriara joateko biribilgunea oso arriskutsua da, eta konponbide duina eta ziurra emateko lanean ari gara, eta jarrituko dugu. Gaintxurizketa ere hor dugu eta bertako auzotarrak kaskora hurbildu nahi ditugu, ez dutelako oinez edo bizikletaz etortzeko aukera segururik, eta horretan ere lanean ariko gara proiektuak egiten eta joan behar den instituzioetara joko dugu bidegorriak edo beste errepide sare mota bat egiteko eskatzeko.
Hondakinen bilketa sistemak hautsak harrotu ditu Lezon. Hondakinen zein kudeaketa proposatzen du zure alderdiak?
Izugarrizko abantailak ekarri dizkio Lezori atez ateko sistemak. Bilera ezberdinetan aipatu izan dugu eta ateratako esku orritan esan izan dugu bilketa sistema berriarekin hasita udalak urtean 200.000 euro aurrezten dituela. Hori ez du udalak esaten, kontu hartzaileak eta teknikoen fakturek erakusten dute datua. Plastikoak eta kartoiak eramateagatik ordaindu egiten genuen atez atekoarekin hasi aurretik. Orain lehengaiak dira, eta diru sarrera bihurtu dira Lezoko Udalarentzat. Diru asko aurreztea da. Hondakinen bilketari dagokionean, beste pausu txikia egin dugu auzo konpostarekin. Bost gune ditugu Lezon auzo konposta egiteko eta 120 familia ari gara horretan une honetan. Ni azaroan hasi nintzen, oso erraza da, eta lezoar guztiak animatu nahi ditut horretara. Auzo konposta guneetara eramaten dugun organiko hori herrian kudeatzen dugu, ez dugu kanpora eraman behar, a lortuko bagenu lezoar erdiek egitea, dirutza aurreztuko genuke modu natural eta erraz batean. Auzo konposta egiteagatik herritarrei %40ko hobaria ematen die udalak, gainera. Nik uste dut bidea hori dela, auzo konposta gune gehiago egin nahi ditugu eta herritarrak horretara animatuko ditugu. Bidea atez atekoa da, lehen %28a birziklatzen genuen eta orain %85etik gora, eta harro nago horretaz. Herritarrak oso ondo egiten ari dira eta animatu nahi ditut berdin jarraitzera, eta zoriondu Lezoar guztiak, atez atekoa jarri genuenetik lortutako emaitzengatik.
Lezoarren parte hartzea nola irudikatzen du EHBilduk, eta zertarako?
Herrietan gai asko daude eta erabaki asko hartu behar dira. Inbertsioak adibide bat dira. Azkenean udalean diru zati bat duzunean eta ikusten duzunean herriko auzo batean diru bat bideratu nahi duzula auzoko egoera hobetzeko, auzotar horiek baino hobeto inork ez daki zer behar duen auzoak. Askotan teknikoak bidaltzen ditugu baino agian auzotarrek beste gabeziaren bat dute eta nahiago dute haurrentzako parke berria egitea, zulo bat konpontzea baino. Guk orain arte egin duguna izan da diru kopuru batekin eta proiektu batekin auzoetara joan. Auzotarrekin konpartitu dugu proiektu hori eta batzuetan bat etorri dira teknikoen proposamen horrekin, baina beste batzuetan proposamen berriak egin dituzte. Aztertu dira teknikoki bideragarriak diren jakiteko, eta ondoren auzotarrek erabaki dute beraiek diru horrekin zein inbertsio egin.
Kiroldegia eta haren kudeaketa nola egin ere buruan dugu, eta herritarrekin erabakitzea da asmoa.
Denon artean egin nahi dugu, parte hartzeak ezinbestekoak dira, hori da herria egiteko modua eta bidea, eta horretan jarraituko dugu.