Nekazaritza ekologikoa, artisautza, ekoetxea, berrerabilpena, murrizketa… postuak egongo dira
EkoBira azoka izango da bihar, hilak 23, Kutxa Ekoguneak Oiartzungo Udalaren laguntzarekin antolatuta. Udaberrirako prestatu dituen hiru azoketan azkenekoa izango da Oiartzungoa. Hemeretzi ekoizle eta hornitzaile egongo dira: nekazaritza ekologikoa, artisautza, ekoetxea…
Doneztebe plazan izango da EkoBira, goiz eta arratsalde, 10:30etik 14:30era eta 16:30etik 19:30era. Azokara hurbiltzen direnek «beste kontsumo era bat posible dela egiaztatuko dute» antolatzaileen esanetan.
Bigarren eskuko azoka
EkoBiraz gain, bigarren eskuko azoka eta haurrentzako tailerrak prestatu dituzte.
Bigarren eskuko azoka goizez egongo da jarrita Killirikupen. Bertan salgai jarriko duten materiala herriko ikastetxeetan, ludotekan eta emakume taldeen laguntzarekin bildu da. Bitxiak, liburuak, arropak… salduko dituzte euro batean. Azokako salmentarekin lortzen den dirua Etiopiara bidaliko dute.
Haurrentzako tailerretan berrerabilitako materialarekin eskulanak egingo dituzte 6 eta 12 urte bitarteko haurrek. Abaraxka ludotekan izango dira tailerrak, 16:30etik 19:30era.
EkoBiraren lehenengo edizioa 2011n jarri zuten martxan eta ordutik 21 udalerritan ikusgai jarri du «bizimodu jasangarria egiteko aukera anitzak badaudela, bai elikadura alorrean eta baita energia kontsumoan, aisialdian eta beste hainbat arlotan ere». EkoBirak, antolatzaileen arabera, ingurumenean eragin edo inpaktu txikiagoa duten produktu eta zerbitzu ekologikoak kontsumitzeko aukerak herritarren eskura jartzen ditu.