Klub Atletiko Trintxerpek antolatutako BTT probak San Pedroko frontoian du irteera eta Platako Foralara bidean doan errepidean helmuga.
Euskal Herriko zirkuiturik zorrotzenetakoa da Pasaiakoa.
Bihar lehiatuko da Pasaian KATek (Klub Ateltiko Trintxerpe) urtero antolatzen duen
Euskadiko Mendi Bizikleta Opena. 15:00etan hasiko da eskoletako lasterketa, eta 16:30ean, Euskadiko Ireki bakarkakoa, emakume, junior, kadete, elite eta 23 urte azpiko, master 30 eta beteranoen modalitateetan.
Zirkuitua balizatua egongo da 24 ordu lehenago, hau da, gaurko 12:00etatik biharko 12:00ak arte, zirkuitua ezagutzeko eta bertan lan-saioak egiteko aukera izango da.
Pasaiako Herria BTT zirkuitua Ulia mendian zehar egiten da, Mendiolan. Iparraldeko mendi hegaletik doa, itsasoaren paraleloan, eta bertako itsaslabarren ikuspegi zoragarria eskaintzen du.
Zirkuitu zorrotza
Ibilbideak 4,95 Km-ko luzera du; gurdibidea da, 2 m zabalekoa eta irregularra; zenbait lekutan bizikleta gainean hartu behar da; 10eko zailtasuna duten trialeko guneak ere baditu. 900 m-tan errepidea ere badu ibilbideak. Gehienezko kota 189 metrokoa da Gurutzeta aldean eta gutxienekoa 94 m-koa Sorginarrin; han dago irteera eta helmuga. Ezaugarri horiei esker, Euskal Herriko zirkuiturik zorrotzenetakoa da.