Etziko emaitzen zain, galdera ikur asko Pasaian
Pasaiak Ahal Du taldea jokoan sartu izana batetik, eta egun oposizioan dauden bi talde nagusiek atez atekoaren kontra sustatutako kanpaina sutsua bestetik, ziurgabetasuna eragin dute Pasaiako pronostikoetan.
Historikoki ezker abertzaleak lortu ohi du boto gehien Pasaian, baina boto kopuruetan izan ohi den alde kontuan izanik, hauteskunde ondorengo jokoek garrantzi handia har dezakete beste behin datorren lau urteetarako gobernuaren osaketan.
Kanpaina bitartean inork ez ditu aurreratu nahi izan zentzu horretan izan ditzakeen asmoak, beraz, etziko emaitzen zain jarraitu behar EH Bilduk hasitako bidean aurrera egiteko aukera izango duen jakiteko, edota ikusteko oposizioak nahiko babes lortzen ote duen indarrak batu eta hainbestetan eskatu duten norabide aldaketa gidatzeko.