Aisiabentura eta kirol udalekuak iniziatibak egingo dituzte. Lehen iniziatiba guztiz berria da, natura, aisia, kirola eta harremanak uztartzen dituena.
Besteak beste, Aisiabenturan txirrindularitza egingo dute
Oarsoaldeko Kirol Mahaiak udarako antolatu dituen kirol jardueren barruan, bi ekintza berritzailez gozatzeko aukera izango da udan Oiartzunen, haur eta gazteentzat. Horietako bat, Aisiabentura, erabat berritzailea da, eta bestea iaz hasitako baten jarraipena izango da, kirol udalekuena.
Bietara izena emateko aukera dago jada. Elorsoro kiroldegian egin daiteke hori. Baina informazio gehiago nahi duena Aisimugi elkartearekin harremanetan jar daiteke: 669 074 022.
Aisiabentura
Aisiabenturak harreman zuzena du aisiarekin, eta naturarekin. 12-14 adin tartekoentzako da. Naturan kirolaz eta aisiaz gozatzeko aukera emango du, gainera, harremanak estututz. Abuztuaren 17tik 23ra egingo da Aisiabentura, prezioa 85 eurokoa da, eta taldea gehienez 20 lagunekoa izango da.
Horren barruan txirrindularitza, orientazioa, mendi ibilaldiak, arrauna eta piragua daude. Horrez gain, gau bat kanpoan pasatzeko aukera izango dute izena ematen dutenek, Errenteriako Belabaratz aterpetxean.
Kirol udalekuak
LHko ikasleentzat dira kirol udalekuak, LHko maila guztientzako hain zuzen. Ekainaren 22tik 27ra egingo dute lehen txanda, eta bigarrena abuztuaren 24tik 30era. Bakoitzaren prezioa 60 eurokoa da.
Txanda bakoitzean, adinaren arabera sailkatuta, bi talde egingo dituzte kirol tradizionalak (saskibaloia, futbola…) eta alternatiboagoak (freesbia adibidez) praktikatzeko. Eskualde osoko haurrek parte hartuko dute kirol udaleku horietan.