Itsas Mendik antolatutako XXV. Musika Jardunaldien barruan antolatutako kontzertua da; Igandean Itsas Mendiko txistularien txanda izango da.
Donostiako Orfeoia Donibanen izango da
Luxuzko kontzertua antolatu du Itsas Mendik larunbaterako. XXV. Musika Jardunaldiak ari dira ospatzen azken asteotan Donibanen, eta programazio horren barruan antolatutako kontzertua da larunbatekoa.
Sainz Alfaroren zuzendaritzapean, eta Girardo Rifonen organo jotzailearen laguntzaz,
Donostiako Orfeoiak hamabi pieza interpretatuko ditu, tartean Aita Madinaren
Aita Gurea edota Bachen 147 eta 145 kantatak. 20:15ean hasiko da kontzertua, Donibaneko San Juan Bataiatzailearen elizan. Sarrera doan da.
Historia luze bezain oparoa
1897. urtean sortu zenetik, Donostiako Orfeoiak ibilbide luzea izan du. Bere errepertorioan ehun bat obra sinfoniko/koral ditu, bai eta opera eta zarzuelako berrogeita hamar bat obra, eta folklore eta polifoniako obra ugari ere.
Orain dela mende bat baino gehiagotik abesbatza
amateurra da Donostiako Orfeoia, nahiz eta kideek dedikazio profesionala ematen dioten. Urtean batez beste 35-40 kontzertu ematen dituzten. 1987. urteaz geroztik, Jose Antonio Sainz Alfaro da zuzendaria. Bere aurretik Secundino Esnaola, Juan Gorostidi eta Antxon Aiestaranek zuzendu zuten Orfeoia.
Igandean, txistulariak
Igandean, aldiz, etxeko txistularien txanda izango da. 13:00etan emango du kontzertua Itsas Mendiko txistulari taldeak, plazan. Aurretik, 10:00etan, diana joko dute. Kepa Seinek zuzendaritzapean, zortzi pieza interpretatuko dituzte txistulariek, besteak beste,
Udaberrian zezenak,
Mendi Mendian, edota
Alkate soinua.
1970. urtean sortu zen Itsas Mendi Txistulari Taldea. Gaur egun bederatzi lagunek osatzen dute. Urte luzez haurren musika hezkuntza hartu zuten bere kargu, eta gaur egun, herriko nahiz inguruko herrietako jarduera kultural ugarietan hartu ohi dute parte.
Datorren asteburuan, gehiago
Musika jardunaldiak, baina, ez dira igandean bukatuko. Ekaineko lehen asteburuan beste bi kontzertua izango dira Donibanen. Lehena ekainaren 5ean, San Juan Bataiatzearen parrokian, 20:15ean, Ametsa Gazte Abesbatzaren eskutik, eta bigarrena eta azkena, ekainak 7an, igandea. Ohi bezala, herriko Konstantzia Musika Bandak itxiko du musika jardunaldien egitaraua, 13:00etan plazan eskainiko duen kontzertuarekin.