Laurak Batek pintxo txapelketa antolatu du, eta Antxoko sei tabernek parte hartuko dute; horrez gain, herriko 22 establezimendutan deskontu bonuak banatuko dituzte; Garcia arropa denda eta Mario zapataria omeduko dituzte Antxon, eta estankoa eta Kaia Hortz Klinika Trintxerpen
Prost, Iparra, Ekarri, Laket, Mimos eta Kamio. Antxoko sei tabernetan kalitate handiko pintxo bana zerbitzatuko dute asteburuan, ostalarien eta merkatarien elkarte
Laurak Batek antolatutako txapelketarako. 1,80 euro balioko dute pintxoek, eta ostiralean eta larunbatean dastatu ahal izango dira, 12:00etatik 15:00era, eta 19:00etatik 21:30era.
Laurak Bat elkarteko kideak, pintxo lehiaketaren aurkezpenean
Ostalariek nabarmendu dutenez, kalitate handiko pintxoak izango dira guztiak, “oso elaboratuak”. Edariak, berriz, aparte ordaindu beharko dira, eta honenbestez, bezeroek, nahi duten edariarekin jan ahal izango dute pintxoa. “Ez da pintxo pote bat” ohartarazi dute antolatzaileek.
Bi sari, eta hamabi afari
Ohi bezala, bi sari banatuko dituzte. Epaimahai profesional batek emango du bat, eta bezeroek hautatuko dute bestea, beren iritzien bidez, tabernetan horretarako propio jarriko dituzten hautetsontzietan beren iritzia adierazita. Erdipurdikoa, ona edo oso ona. Hiru aukera horiek izango dituzte bezeroek pintxoak ebaluatzerakoan.
Pintxoari nota jartzearekin batera, parte hartzaileek beren datu pertsonalak adierazi beharko dituzte, ondoren, txartel horiek erabiliko dituztelako bi lagunentzako sei afari zozketatzeko. Afariak taberna parte hartzaileetan izango dira.
Sariak eta aitortzak
Laurak Bat-ek igandean emango ditu jakietara irabazleak, eta sari banaketa, 12:00etan izango da, Antxoko kultur etxean. Igandeko ekitaldian, pintxo lehiaketako sariak banatzeaz gain, Trintxerpeko eta Antxoko bina merkatari omenduko dituzte, bi zerbitzuen alorrekoak, eta beste biak merkataritza eremukoak. Antxoko aurtengo omenduak Garcia arropa denda eta Mario zapataria dira; Trintxerpen, aldiz, Euskadi etorbideko estankoa–2 zenbakiduna– eta Kaia Hortz klinika omenduko dituzte.
Establezimenduetan deskontu bonoak
Pintxo lehiaketarekin paraleloan, Antxoko 22 establezimenduetan %5 eta %10eko deskontu bonuak banatuko dituzte. Deskontu bonu horiek, bezeroek hilabeteko epean establezimendu berean erabili ahalko dituzte hurrengo erosketa egiterakoan: zehazki, ekainaren 1etik 30era.
Bestalde, bezeroek deskontu bonuak banatuko dituzten establezimenduak erraz identifika ditzaten, ohiko kartelez gain, koloretako globoak, eta alfonbra gorriak erabiliko dituzte.
Jarduera hauek guztiak Laurak Bat Egunaren barruan antolatu ditu herriko merkatarien elkarteak. Laurak Bat Egunaren XV. aldia da aurtengoa.