Udal hauteskundeek emandako emaitzek, eta ekainaren 13an alkateak izendatzeko udalbatzarrek, zeinu berbera izateko bidea daramate: irabazleen zerrendetakoak izango dira alkateak ziurrenik.
Irungo PSE-EEren hautetsiak, igandean, kontaketa egin ondorengo ospakizunean. Zinegotzi batean gora egin du sozialisten taldeak.
Igandeko udal eta foru hauteskundeek herri batzuetan zegoena berretsi egin dute, eta besteetan aldaketarako atea zabaldu da. Hau da, denetik egon da, sorpresak barne. Baina Oarsoaldeko eta Bidasoko sei udalerrietan zerrenda irabazleen alkategaiek, alkate postua hartuko dutela ia ziurra da, hainbat aldetako mugimendurik ez badago behintzat. Ekainaren 13an, larunbata, egingo dira alkateak izendatzeko udalbatzar bereziak.
Oiartzunen eta Hondarribian EH Bilduk eta EAJk hurrenez hurren gehiengo osoak lortu dituzte. Hortaz, Oiartzunen Jexux Leonetek eta bere taldeak (9 zinegotzi lortu dituzte) hartuko du Oiartzungo Udalaren ardura, oposizioan EAJko lau zinegotzi (aurreko legealdian baino bi gehiago) izango direlarik. Oiartzungo EAJren buru Segundo Leonetek aste honetan adierazi du igoera horrekin ez dutela nahiko, «pozik gaude, baina gehiagoren bila joango gara». EH Bilduren buru Jexux Leonetek ere jasotako emaitzen balorazio positiboa egin zuen igandean bertan, eta adierazi zuen legealdi berrian elkarlanaren bidea jorratuko duela, «lana izango da orain helburu».
Oiartzunen antzerako panorama dago Hondarribian. Bertako 17 zinegotzietatik hamar EAJrenak dira, hortaz, Txomin Sagarzazuren taldeak gehiengo osoa lortu du. 2019ra arte izango da alkate, beraz, Aitor Kerejetaren oinordekoa. Hondarribiko aldaketa nagusiena oposizioan dago, bertan lehenengoz Abotsanitz sartu delako hiru zinegotzirekin. EH Bilduk bi izango ditu, eta PSE-EEk eta PPk bana.
Gehiengo osoen mapa azalduta, Irunen, Errenteria-Oreretan, Pasaian eta Lezon inork ez du zinegotzien erdia baino gehiago lortu, baina zerrenda irabazleen hautagaiak alkate izango direla argia dirudi.
Irun
25 zinegotzietatik 10 lortu ditu Irungo PSE-EEk. Aurreko legealdian baino bat gehiago, eta botoetan, 1.500 boto gehiago lortu ditu Jose Antonio Santanok buru zuen zerrendak, «irundarrek erabaki dute gure kudeaketa ona izan dela, eta gugan konfiantza jarri dute datorren legealdian ildo beretik jarraitzeko. Oso balorazio ona egiten dugu emaitzeaz, jakinda testuinguru orokorrak ez zuela horrelakorik iradokitzen».
Zerrenda bat bai, baina «hiri egitasmo bat» bozkatu dutela herritarrek uste du 2002tik Irunen agintari den alderdi sozialistako kideak, «lasaitasuna eta oreka dira gure ezaugarri nagusienak. Hori asko baloratu dute irundarrek. Irun da gaia zen gure leloa. Hiritarrek ondo ulertu dute hori».
PSE-EEren zerrendak udal hauteskundeetarako 9.405 boto jaso zituen. Batzar nagusietakoak, berriz, 2.200 gutxiago. Santano efektua delakoaz hitz egitea zilegi dela uste du egun jarduneko alkate denak, «ez dakit nire efektua, edo nire taldearen efektua den. Dakidan gauza bakarra da, emaitzek hala diote, gure egitasmoa jendarteari iritsi zaiola».
Aurreko legealdian zinegotzi bat gutxiagorekin agindu zuen PSE-EEk. Eta ekainaren 13ko udalbatzaren osaketarako plenoan ez du sorpresarik espero Santanok, ez du uste oposizioko alderdiek bat egingo dutenik beste alkate bat izendatzeko, «baina egia esan, ez dut asko pentsatu gaiaz. Dakidana da alderdi batek, gureak, babes handia jaso duela, eta bigarren alderdiak gure zinegotzien erdia lortu duela. Koherente izan behar da: ez dut uste sagarrak eta udareak batu daitezkeenik nire kontra joateko».
Bigarren postuan bost zinegotzirekin berdinduta gelditu dira indar handiz udalean sartu den Si Se Puede Irun eta EAJ; bostetik hirura jaitsi da EH bilduren ordezkaritza Irunen, eta PPrena bostetik bira.
Lezo
Igandeko sorpresetako bat Lezo izan zen. EAJk irabazi zituen udal hauteskundeak —batzar nagusietarako bozketan EH Bildu izan zen garaile—, EH Bilduri 45 boto ateraz, baina irabazi. Seina zinegotzi lortu dituzte bi alderdiek, eta PSE-EEk bat.
Emaitza estua izan arren, ziurtzat eman daiteke Kepa Garbizu jeltzalea izango dela datozen lau urteetan Lezoko alkate, batetik hauteskundeak irabazi dituelako, bestetik ezinezkoa delako PSE-EEren zinegotziak eta EH Bilduren seiek bat egitea alkatetza Garbizuri kentzeko.
EH Bilduk Gipuzkoan izan duen beheraldi orokorraren barruan kokatu beharra dago koalizioaren boto jaitsiera Lezon, eta gainera, herrian bertan hartu diren hainbat erabakirekin ados ez daudela adierazi dute lezoarrek, ikusita udal hauteskundeetan EAJ izan dela irabazle, eta batzar nagusietakoetan EH Bildu.
Pasaia
Igandeko beste sorpresetakoa Pasaian eman zen. Azken bi legealdietan ezker abertzalearen alkatetzak izan eta gero, PSE-EEk irabazi zituen hauteskundeak, batez ere Trintxerpeko barrutian lortutako boto poltsari esker. Hain zuzen, udal gobernu taldeak abian jarritako hondakinak biltzeko sistemaren kontrako mugimendu handiena bertan sortu zen. Antxon nahiz Donibanen EH Bildu izan zen garaile, eta San Pedron, berriz, EAJ.
Bigarren indarra EAJ izan zen udalerrian, PSE-EErekin bosna zinegotzirekin berdinduta, eta hirugarrena, berriz, EH Bildu: aurreko legealdian zituen zinegotzietatik erdira jaitsi da Migel Mari Torrea buru zuen zerrenda. Pasaia(k) Ahal Du laugarren indarra izan da, hiru zinegotzirekin.
«Ez dut uste sagarrak eta udareak batu daitezkeenik nire kontra joateko»
Jose Antonio Santano
Irungo PSE-EEren alkategaia
«Beste alderdiekin hitz egiterakoan garbiago izango dut zer gerta daitekeen»
Izaskun Gomez
Pasaiako PSE-EEren alkategaia
«Norberak bere etxe barruan egin behar du hauteskundeen balorazioa lehenik»
Julen Mendoza
Errenteriako EH Bilduren alkategaia
Ekainaren 13ko udalbatzaren osaketarako plenoan ez du ezustekorik espero Izaskun Gomezek, Pasaiako PSE-EEren buruak. Baina horren aurretik iragarri du alderdi politiko guztietako ordezkariekin bilera erronda egingo duela; astelehenean bertan EAJko eta EH Bilduko ordezkariekin batzartuko dira sozialistak.
Garbi du alkaterako bere burua aurkeztuko duela Gomezek, eta esan duenez, horretan eragina izan dezakete Pasaia ez den beste toki batzuetan har daitezkeen erabakiak, «baina horrekin oraindik ez dago deus ere ziur. Balizko akordio horiek beste erritmo batera doaz».
«Oso zaila da», Gomezentzat, bera alkate ez izatea, «gauza arraroagoak ere ikusi izan dira politikan, baina nik neure burua alkate izateko aurkeztuko dut, eta beste aukerak, nire ustez, ia ezinezko dira. Beste alderdiekin hitz egiten dudanean garbiago izango dut ekainaren 13an zer gerta daitekeen».
Errenteria-Orereta
Errenteriarrek EH Bilduren eta Julen Mendozaren gestioa berretsi dute. 600 botoko aldearekin irabazi ditu hauteskundeak koalizioak, baina PSE-EE bigarrenarekin zinegotzietan berdinduta. Hau da, gehiengorik ez du lortu, baina bermea badu Mendozak berriz ere alkate izateko. Ez dirudi ekainaren 13an Mendoza ez den beste bat izendatuko dutenik Errenteriako alkate.
Aste honetan EH Bilduren buruak Hitza-ri egindako adierapenetan, Irabaziz Errenteria alderdiarekin —lau zinegotzirekin indartsu sartu da udalean— balizko akordioak lortzeko hitz egiteko astia badagoela esan du, eta hori egiteko «adosteko eta ulertzeko» modu bat izatea garrantzitsua dela.
Baina lehenik eta behin, «norberak bere batzarretan, bere etxe barruan», hauteskundeen balorazioa egin behar duela uste du Mendozak.
Pasaiako EH Bildun emaitzen gaineko gogoeta egingo dute ekainaren 6an
Espero ez zuen porrota jaso zuen Pasaiako EH Bilduk igandeko hauteskundeetan. Lehen agintean zortzi zinegotzirekin egotetik, hirugarren indarra izatera pasatu da, lau zinegotzirekin. PSE-EE eta EAJ aurerratu egin zaizkio. Atzerakada horren arrazoiaren erroetara jo nahi du koalizioak.
Emaitzen gaineko irakurketa egiteko, eta aurrera begira udalean oposiziotik nola lan egiteko lehen oinarriak ezartzeko, batzarrera deitu ditu koalizioak jarraitzaileak eta herritarrak oro har, Zure ikuspegia ordezkaezina da leloarekin.
Ekainaren 6an egingo dute iritziak elkartrukatzeko lehen bilera (larunbata da), 10:45ean eta San Pedroko Udal Aretoan.
«Igandeko emaitzen ondoren, lehenbailehen heldu behar diogu hausnarketa zorrotzari. Gure esku dagoen horretaz gogoeta egin behar dugu», jakinarazi dute Pasaiako EH Bilduko ordezkariek.
Aurrera begira
Joandakoen gaineko gogoeta bakarrik ez. «Pasaiako proiektu ezkertiar independentistaren» oinarriak indartzeko baliatu nahi du Pasaiako EH Bilduk abiatuko duen prozesua, «oposizio trinkoa eta kontraboterea antolatzeko».
71.454 boto emaile
Oarsoaldeko eta Bidasoko herrietako 71.454 lagunek eman zuten botoa igandean. 2011ko hauteskundeekin alderatuz, herri guztietan, Oiartzunen izan ezik, egin zuen gora parte hartzeak. Hala, parte hartzearen batez bestekoa %61era iritsi zen bi eskualdeetan.
106 zinegotzi
Orotara, 106 zinegotzi berri erabakitzeko hauteskundeak izan ziren igandekoak. Horietatik asko berriak izango dira, baina badira errepikatuko dutenak. Berritasun gehien Pasaiako udalbatzarrean izango dira, 17 zinegotzietatik 10 aurreko legealdian ez zirelako hautetsi.
4 alderdi berri
Sei herrietako udaletan ordezkaritza izango duten alderdien artetik, lau sortu berriak dira: Irunen Si Se Puede Irun; Pasaian Pasaia(k) Ahal Du; Errenteria-Oreretan Irabaziz Errenteria, eta Hondarribian Abotsanitz. Horien artean 15 zinegotzi pilatu dituzte.
1 emakume alkate
Alkate izateko aukera duten sei irabazleen artean, emakumea bakarra da, Pasaiako PSE-EEren zerrendaburu Izaskun Gomez. Berez hautagaitza guztietako zerrendaburuen artean emakumeen presentzia txikia bazen, zerrenda irabazleetan are murritzagoa da portzentaia.
0 PP-ren zinegotziak
Oarsoaldean ez du zinegotzirik lortu PPk. Aurreko legealdian bina izan zituen Pasaian eta Errenteria-Oreretan. Igandeko hauteskundeek utzitako emaitza deigarrienetakoa PPren beherakada izan da. Orotara hiru hautetsi ditu Oarso Bidasoan, bi Irunen eta bat Hondarribian.