Gipuzkoako Hitzan argitaratua.
Eider Bergaretxe (ezkerrekoa)
Kasualitatez hasi zen Eider Bergaretxe (Oiartzun, 1988) Pasaiako Albaola itsas faktoriako bisitetako gida lanean: “Museo gisa zabaldu behar zutenean, gidak behar zituztela esan zidan lagun batek; iazko ekainean aurkeztu nintzen, eta hartu ninduten”. Artearen Historia ikasi zuen, Gasteizen, eta beste museo batzuetan ere aritu izan da lanean: gida lanetan, haurrekin eskulan tailerrak egiten… Baina ez zuen inoiz itsasoarekin lotutako ezertan lan egin: “Berria izan da niretzat, eta aukera paregabea gaiarekin lotutako gauzak ikasteko”.
Museoa ireki, eta harrera gunean egon behar izaten du, joaten direnei arreta eskaintzeko eta Albaolan zer ikusiko duten azaltzeko. Lau hizkuntza baliatzen dituzte egunerokoan. Bisita luzeak euskaraz eta gaztelaniaz egiten dituzte, baina ingelesez egitea ere egokitu zaio noizbait; bisita laburretan, berriz, ingelesa eta frantsesa praktikatzeko aukera izaten du.
Bisitak hiru espaziotatik igarotzen dira: erakusketa gela, tailerra edo itsas antzokia —arotzak lanean aritzen diren gunea eta ekintza kulturaletarako baliatzen dena—, eta estalpea. Azken horretan, San Juan baleontziaren erreplika egiten ari dira: “Oso garrantzitsua da ontzia egiteko prozesua bera, berriz baleontzia egiten ikastea nahi dugulako; beraz, eguneroko prozesuak esanahi handia du. Polita da, magikoa. Noski, barkua egina egotea eta horrekin nabigatzea ere nahi dugu, bidaia egin dezan Kanadara”. Bergaretxeri oso polita iruditzen zaio arotzek egurra nola lantzen duten ikustea: “Pasio bat da eurentzat lan horretan aritzea. Euren jakintza transmititzen digute”. Bertako arotzez gain, ikasle batzuk praktikak egitera joaten dira, inguruko ikastetxeetatik eta atzerriko arotzeria eskoletatik: “Tailerreko lanetan laguntzen dute, eta barruko beste ontzi batzuk egiteko prozesuan parte hartzen dute. Ideia, izatez, Albaolan bertan arotzeria eskola bat egotea da, jendeak egurrezko barkuak egiten ikas dezan”.
Albaolan itsasoan bustitzea eta iraganera bidaiatzea posible dela iruditzen zaio Bergaretxeri: “Erakusketek, giroak, usainak egurraren eta itsasoaren mundura eramaten zaituzte; gainera, itsasoaren ondoan gaude, eta ezinezkoa da giro horrekin ez bustitzea”. Dioenez, bisitariek ez dute espero barruan ikusiko duten guztiarekin topo egiterik: “Erakusketa txikiren bat-edo dagoela pentsatuta etortzen dira, baina, bisita amaieran, barkua nola egiten ari diren ikustera joandakoan, erabat harritzen dira”. Hori izaten da bisitariak berriz itzultzeko arrazoietako bat: “Baleontzia egiteko lanak lotura sortzen dio jendeari, eta batzuek gogoa izaten dute nola handitzen ari den ikusteko”.
Haurrentzako tailerrak ere antolatzen dituzte, eta, erakusketa gelan dagoena haiei bideratzeko, Txo pertsonaiaz baliatzen dira: “Koadernotxo batzuk ematen dizkiegu, erakusketak iraun bitartean bete behar dituztenak. Ondoren, baleen, txalupen eta itsas munduarekin lotutako beste hainbat konturen eskulanak egiteko aukera izaten dute tailerretan”.
Berari ere ikasteko balio izan dio Albaolan gida lanean aritzeak, ontzigintzaren mundua oso arrotza baitzitzaion: “Aurrekoen ondarea deskubritzea bezala izan da; ezagutzen ez nuen jakintza batekin egin dut topo. Gainera, bisitetara etortzen diren batzuek ezagutzen dute mundutxo hau, egurra landu izan dutelako edo; eta asko ikasten dugu haiek kontatutako gauza bitxietatik”. Izan ere, arbasoen bizimoduaz, lan egiteko moduaz informazio esanguratsua ematen dute Albaolan: “Askorik ezagutzen ez dugun historia bat da; arrotza zaigu, eta ikasi beharko genuke”.
Euskal Herria baserri munduarekin edo landa eremuarekin lotu ohi dela dio Bergaretxek, baina itsasoarekin ere oso lotuta egon da: “Ontzigintzan aritzea, edo ontzietarako egurra izateko haritzak landatzea, ontzi horiek sagardoz betetzeko lana egitea… Istorio asko daude barku horien atzean; eta euskal gizartearen zati batek, modu batera edo bestera, lan egin du horretarako”.