Errondak hasiko ditu EAJk datozen egunetan ordezkaritza lortu duten alderdi guztiekin.
Honakoa da EAJren zinegotzi taldea
EAJrengan jarritako konfidantza eskertu die Kepa Garbizu lezoarrei, eta hitza eman die gainera, gogor lan egingo duela alderdi jeltzaleak “hutsik ez egiteko”. Enpleguaren sustapena, ekonomia suspertzea eta lezoarren ongizate eta bizi kalitatea bermatzea lehentasuna izango direla EAJrentzat gaineratu du igandeko hauteskundeetan babestuena izan den zerrendaren alkategaiak.
Gobernatzeko ardura “erantzukizun eta umiltasunez” hartuko dutela eta lezoarren eta Lezoren defentsan jardungo duten hitza eman die herritarrei Garbizuk, “dedikazio osoz, elkarrizketa eta elkarlana izango ditugu oinarri. Eskerrak eman nahi dizkiogu bestalde herritarrei hauteskundeen aurretik helarazi dizkiguten ekarpenengatik, izandako jarrera irekiagatik eta eskainitako laguntzagatik, horri guztiari esker eskaini ahal izan deigu herritarrei benetan haien behar eta nahiak jasotzen dituen proiektua”.
Bilera erronda
Aurkeztutako programan jaso dituzten proposamenak lehen egunetik lantzen hasteko konpromisoa ere hartu du Garbizuk: “Lehentasunak ezarriko ditugu, egun ditugun arazoei irtenbideak emateko eta proiektu berriak garatzen joateko, Lezo eta lezoarren egoera hobetzeko helburuarekin”.
Datozen egunetan bilera erronda hasiko duela EAJk udal berrian ordezkaritza lortu duten alderdiekin “inor baztertu gabe” gaineratu du EAJren zerrendaburuak, “askotan errepikatu izan dugun denon arteko elkarrizketa eta elkar ulertzea jarri nahi ditugu praktikan”