‘LOMCEri abordatzea errebalidei planto’ lelopean kalejira antolatu du gaurko Lezoko Hezkuntza Plataformak; Oiartzunen sinadurak biltzen ari da hezkuntza topagunea
LOMCE eta Heziberriren kontra abordatzea antolatu du gaurko Lezoko Hezkuntza Bilguneak. 17:00etarako jarri dute zita, Euskal Herria plazan. Handik abiatuko dira irakasle, guraso eta haurrak, guztiak pirataz jantzita, Zabarreren ontziterikoak bailiran, LOMCE eta Heziberri abordatzera eta errebalidei planto egitera.
Eusko Jaurlaritzak azken asteotan ekin dio LOMCEk agindutako kanpo ebaluazioak egiteari hainbat ikastetxetan, Lehen Hezkuntzako 3. mailan.
Euskal Herrian, edonola ere, zabala izaten ari da LOMCEren kontrako erantzuna, eta hainbat ikastetxetan, Ordiziako Jakintza, Sestaoko eskola edo Gateizko Arantzabela eta Salburua ikastoletan kasu, planto egin diote azterketari.
Leire Barrera Lezoko Herri Eskolako irakaslea da LHko 3. mailan, eta horrez gain, Lezon eratu duten hezkuntza bilguneko kide ere bada. Hark azaldu ditu gaur arratsaldeko abordatzearen ingurukoak, eta baita bilgunearen jardueraren gainekoak ere. «Lezoko Hezkuntza Bilgunea norbanakoek osatzen dute, baina, horrez gain, herri eskolako irakasle eta gurasoak, ikastolako irakasle eta familiak, haur eskolako langileak, institutuko irakasleak, eta Lezoko Udala bildu gara bertan», azaldu du.
Gaurko deialdia bilguneak deitu duela zehaztu du, eta «kalejira alai eta koloretsua» izango dela nabarmendu du. Izan ere, gaurko zitak, badu helburu argi bat: «Familiak animatzea dinamika honetan parte har dezaten».
Plazatik udaletxera
Kalejirak herriko kaleak zeharkatuko ditu txarangak eta buruhandiek lagunduta, ibilbidea udaletxe aurrean amaitzeko. «LOMCE eta Heziberri abordatzera goaz», nabarmendu du Barrerak. Horretarako, Lezoko ikastetxeetan planto aldarriarekin partxeak landu dituzte egunotan, eta partxe horiek erabiliko dituzte gaurko piraten kalejiran.
Udaletxeko plazan txistulariak eta dantzariak izango dira kalejira iristeko zain, baita abeslaria eta ipuin kontalaria ere. Bukatzeko herri argazkia egingo dute guztiek, udaletxetik.
LOMCEri abordatzea, errebalidei planto, horixe da lezoarrek gaurko aldarrikapen festarako adostu duten leloa, «baina beti kontuan izanda LOMCEtik datozen errebalidak Heziberrik ezartzen dituela», gaineratu du Barrerak.
Lezoko plataforman bildu direnek erabakiak elkarrekin hartu nahi dituzte, «guztiok batera aurrera egiteko hezkuntza sistema propioa eraikitzearen bidean».
Horregatik, nahiz eta oraingoz 3. mailako azterketarik egiterik ez zaien egokitu, hurrengo ikasturteari begira jarri dira jada. Ekainaren 19rako, gogoeta eguna antolatu dute, «hurrengo ikasturte hasierako urratsak definitzeko, eta errebalidak iristerako prest egoteko».
Elizalde Eguna baliatu zuten ikastetxeko guraso, ikasle eta irakasleek argazkia egiteko.
Oiartzun norabide berean
Hilaren 13an aurkeztu zuten Oiartzungo Hezkuntza Topagunea. Haurtzaroko eta Elizaldeko beste irakasle eta guraso asko bezala, bertan ari dira lanean Ainara Oñatibia eta Aitor Otaño, beste hamarnaka oiartzuarrekin batera. Elizaldeko irakaslea da Otaño, eta Haurtzaroko guraso Oñatibia. Biek azaldu dutenez, «eraikitzea» da topagunearen asmoa, eta hori lortzeko bidean, komunean dituzten jarreren eta ideien bila hasi dira, ondoren nondik jo erabakitzeko.
Orain arte sentsibilizazio kanpaina egin dute, «herria informatu eta jendearen ahotan gaia jartzeko». Werten legeari aurre egiteko batu dituzte indarrak, «gure hezkuntza sistemaren defentsan, eraso egiten diolako», zehaztu dute. Baina, topagunea ez da erantzuteko soilik jaio: «Gure hezkuntza sistema eraiki nahi dugu, eta epe luzera erronka handiena horixe izango da», esan dute.
Bien bitartean, bai Elizalden eta bai Haurtzaron, LOMCEren kontrako jarduerak egiten dabiltza azken asteetan. Elizalden, esaterako, Eskola Kontseiluak aho batez onartu berri du 3. mailako azterketaren kontra dagoela. Haurtzaron, berriz, argazkia egin zuten atzo, egunotan 3. mailako azterketa egin behar izan duten ikastetxeekin elkartasunean.
Haurtzaron, atzo bildu ziren, azterketa egitea egokitu zaien ikastetxeekin elkartasunean.
Sekretismoa
Heziberriren inguruan dagoen «sekretismoa» salatu dute Oñatibiak eta Otañok, besteak beste, erantzuna baldintzatzen ari dela uste dutelako. Edonola ere, aurtengokoekin baino, etorriko direnekin agertu dute kezka: «LHko 3. mailako azterketa Gasteizek jarri du, baina LHko 6en egingo dituzten azterketak Madrilek ezarriko ditu. LOMCEk argi eta garbi esaten du edukiak komunak izango direla ikasle guztientzat», ohartarazi dute, «eta Heziberrik ez dio oztoporik jartzen horri», gaineratu dute. Aitzitik, gaur gaurkoz, «Heziberrik LOMCEri autopista» jartzen diola uste dute.
Sinadura bilketa
Sinadurak biltzeari ekin diote Oiartzunen. Bihar, Sagardo Egunean barruan mahaia jarriko dute, eta aurrerantzean, herriko jarduera jendetsu guztietan izango direla iragarri dute. Mozio bat ere aurkeztuko dute udalean, ondoren, mozioa eta sinadurak, hezkuntza departamentura eramateko.