Gaurkotasuna eman nahi izan dio Orratx antzerki Konpainiak Kale Hop lanari. Dirurik ez duen konpainiaren gora beherak kontatzen ditu.
Orratx Antzerki Konpainiako Fresnedo eta Larrea
Sudur gorriak jantzita, kalera aterako dira
Orratx Antzerki Konpainiako zazpi aktoreak. Kale antzerkia da
Kale Hop azken lana eta ikusleek barre egiteko eta hunkitzeko aukera izango dute garai bateko komedianteen ikuskizunak oinarri hartuta, lezoarrek josi duten lanarekin. Hilaren 27an, larunbatarekin estreinatuko du Orratxek azken lana eta Gurutze Santuaren plaza bihurtuko dute agertoki. Urduri daude, estreinaldi bakoitzaren aurretik izaten diren moduan, baina oraingo honetan beldur piska bat ere badutela aitortu dute Lierni Fresnedo zuzendariak eta Mertxe Larrea aktoreak, “lehen aldia da kale antzerkia egingo duguna, eta beldur piska bat badugu, beste espazio batean ariko gara, jendearekin beste harremana dago kalean, energia aldatzen da … Hala ere, gogo biziz gaude estreinatzeko eta ikusleak dibertitzeko.”.
Komediak egiten ziren garaiak gogoratu eta horretan aritu dira buru belarri, ikasturte osoan aritu dira ideiak hartu eta josten, “trebea da Lierni [Fresnedo] ideia horiei zentzua ematen, lotzen, eta istorioa osatzen”. Batez ere ijitoak ibiltzen omen ziren komediak egiten herriz herri esan du Larreak: “Besterik ez zen izaten, eta Lezora ere etortzen ziren. Etxeko aulkiak hartuta, han jaisten ginen plazara ikustera. Dantzaria, soka gainean ibiltzen zena eta ahuntza ere izaten zen ikuskizunetan… eta zozketa ere egiten zuten. Zaldia eta gurdiarekin kalean barrena ibiltzen ziren emanaldia iragartzen eguerdian, eta gauen izaten zen komedia”.
Kalea berreskuratu
Zaldirik ez baina gurdiarekin ere ibiliko dira Orratx konpainiako kideak hilaren 27an Lezoko kaleetan barrena kalejira egiten eguerdian. Antzezlana berriz, 22:0etan hasiko da eta eguraldi txarra egingo balu Saldise plazara eramango dute ikuskizuna. Garai bateko komediak ez dira baina, kale antzerkia egiteko izan duten aitzaki bakarra, “krisiarekin geroz eta gutxiago deitzen gaituzte antzokietara”, esan du Larreak. Krisiaren ideian sakondu du Fresnedok, Larreak bezala: “Polita iruditu zaigu kale antzerkia egitea, diru gutxiago dago, aktuazio gutxiago, eta kalea berreskuratzea ideia polita iruditu zaigu”.
Antzezlanaren entsegu batean
Dirurik ez duen konpainia
Gaurkotasuna eman nahi izan diote
Kale Hop lanari. Dirurik ez duen konpainiaren gora beherak kontatzen ditu Orratxek. Munduan barrena ibili da konpainia hori, eta bertan hartu ditu bere komedianteak, “horietako askok, ordea, alde egin dute ez dielako jateko ere ematen. Eta jarraitzen dutenak antzerkiarekin pasioa dutelako da”, esan du Fresnedok. Publiko guztientzat egokia omen da lana, eta ikusleek bidaia polita egiteko aukera izango dutela gaineratu du zuzendariak, “barre egingo dute, eta hunkituko dira”. Oholtza gainetik pasako dira emakume bionikoa, mentalista, fakirra… eta ahuntzarik gabeko ahuntzaren emanaldiari ere egin diote tarte. Trapu zaharrak izango da antzezlan berriaren azken zatia, “konpainiatik joan diren aktoreen arropak bizia hartuko dute eta emanaldia egingo dute”.
Orratx Txiki
Komedianteen garaietan bezala, ez da faltako zozketa Orratxen hitzorduan. Emanaldiaren erdialdean errifak salduko dituzte, “euro batean hamar zenbaki jasoko dituzte ikusleek, eta bertan egingo dugu zozketa. Sariak etxetik eramandakoak izango dira, eta helburua, berriz, diru apur bat lortzea”. Freskagarriak eta patatak ere salduko dituzte. Hilaren 27an Lezon estreinaldia eginda, Oiartzunen izango dute hurrengo hitzordua uztailaren 3an.
Orratx Antzerki Konpainiaren barruan dago
Orratx Txiki. Izenak adierazten duen moduan haurrei begirakoa da taldea, eta ikasturtea amaitu badute ere irailean bigarren taldea sortzeko asmotan dabiltzala esan du Fresnedok. 10 urtetik aurrerako haurrek har dezakete parte Orratx Txiki antzerki taldean, eta Lezoko haur guztiak animatu dituzte beraiekin bat egitera “primeran pasako dutelako”. Orratxek berak ere ateak zabalik dituela gogorarazi du, eta baldintza pare bat baino ez omen dira behar konpainian hasteko, “euskaraz jakitea eta ondo pasatzeko gogoa izatea”. Izan ere, Orratxek euskaraz egiten ditu bere lan guztiak.
Lezon izaten duten harrerarekin ere gustura daudela esan dute Larreak eta Fresnedok, “ikuskizun bakoitzean Gezala bete izan dugu orain arte, eta ezin dugu kexatu, beraz”. Azken antzezlanaz gozatzera deitu dituzte lezoarrak. Hitzordua hilaren 27an, larunbata, Gurutze Santuaren plazan 22:00etatik aurrera. Oholtza gainean izango dira Gurutze Etxabe, Joseba Salaberria, Bego Azpiazu, Maite Biaña, Edurne Agirrezabala, Mertxe Larrea eta Leire Agirre. Krisia gainera ez da aitzakia izango, doakoa izango baita emanaldia.