
Asiako liztorra
Asiako liztorrak gogor joko du udan eta udazkenean. Ondorio horretara iritsi dira Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko kideak, ikusita udaberrian Asiako liztorraren zenbat erregina antzeman dituzten. Asiako liztorra bertako erleekin elikatzen da, eta bertako erlea galbidera eramateko arriskua erreala da. Egoitz Galartza Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko albaitari eta erlezainak (Oiartzun, 1975) gaiaren gaineko xehetasunak eman ditu.
2010eko udazkenean ikusi zen lehen aldiz Asiako liztorra Gipuzkoan. Baina zein da egun liztor horrek duen presentzia?
Ziklo biologikoa dauka liztor horrek. Neguan ez dira ikusten; erreginak badaude, baina gordeta daude. Udaberrian hasten dira gordelekutik ateratzen, baina erleei ez diete kalterik egiten. Erreginek habiak egin ahala sortzen dira kalteak; liztor langileak ugaltzen dira, eta horiek haragia, proteina behar dute. Bertako erleekin asetzen dute behar hori: erleak jaten dituzte. Udara bukaeran edo udazkenean gertatzen da hori. Oraintxe hastear dira Asiako liztor langile horiek bertako erlauntzen aurrera joaten, erle bila, proteina bila. Udaberrian, martxoan eta apirilean, tranpak jarri genituen erletegietan, eta, bertara eroritako liztor kopuruaren arabera, aurreikusi dugu Asiako liztor asko izango dela aurten.
Erregina asko harrapatu genituen. Baina erregina guztiak harrapatzea ezinezkoa denez, pentsatzen dugu erregina asko gelditu dela aske eta bizirik. Horiek habiak egingo dituzte udan eta udazkenean. Arazo larria izango dugula pentsatzen dugu.
Aurreko urteetan ezarritako neurriak, antza, ez dira nahikoak izan Asiako liztorra bukatzeko. Zergatik?
Bagenekien ezarriko ziren neurriak ez zirela izango oso eraginkorrak; adibidez, tranpen kontua. Halere, uste dugu egin beharrekoa zela hori, Asiako liztorraren kontra egin genezakeen gauza bakarra zelako erreginen kontra egitea, horiek habiak egin ez zitzaten. Oraintxe dauzkagun bitartekoekin, ezin izan dugu askoz gehiago egin.
Baina gehiago egin daiteke?
Azken urteetan hainbat ikerketa egin dira, eta ikerketa horien araberako neurri praktikoak ezartzea eskatzen dugu; ahal bada, aurten. Liztorrak erakartzen dituen zerbait espezifikoa beharko genuke, era eraginkor batean harrapatzeko.
Nola erasotzen diete Asiako liztorrek bertako erleei?
Erlauntzen aurrean jartzen dira, eta, erleak atera ahala, horien bila joaten dira. Handiagoak dira Asiako liztorrak erleak baino; indar handiagoa dute, eta erraz harrapatzen dituzte. Baina, erlauntzaren aurrean liztor asko badaude, erleak ez dira ateratzen, horien beldurrez; hortaz, ezin dira janari bila atera. Eta horrek erleak ahultzea eta maiz gosez hiltzea ekar dezake, baldin eta aurretik liztorrak erlauntza barrura ez badira sartu ahultasun horretaz baliatuta. Hori Donostia aldean, Bidasoan eta Oarsoaldean ikusi dugu batik bat; eskualde horietan dute eragin handiena Asiako liztorrek.
Zein eragin du bertako erleen gutxitzeak?
Batetik, erlezainengan horrek duen eraginaz hainbat ohar eman nahi ditut. Erlezainek astero-astero joan behar izaten dute erlauntzak zaintzera, tranpak jartzera, horiek hustera… Gainera, amarruetarako produktuak erosi behar dira. Horrekin esan nahi dut horrekin bakarrik erlezainek gastu erantsia dutela. Lehen, udazkena arte erletegiei ez zitzaien jaramon askorik egiten, ziklo naturala bere kabuz eramaten zen aurrera. Orain, ez da horrela, Asiako liztorrarekin adi ibili behar dutelako erlezainek: lan estra bat da, eta, hori eginda ere, baliteke erleak akabatzen jarraitzea. Badira transhumantzia behartu bat egin behar izan dutenak ere; hau da, erletegiak tokiz aldatu behar izan dituztenak Asiako liztorretik ihesi.
Erlezainengan bakarrik ez. Ingurumenean ere kalteak sor ditzake Asiako liztorraren jardunak.
Erleak akabatzen badituzte ere, pentsa daiteke beste intsektuengan ere eragina izaten duela Asiako liztorraren proteina eta janari beharrak. Baina hori ezin da kuantifikatu oraindik, ez dago neurtuta. Hala ere, ingurumen kaltea badagoela nabaria da.
Erlezainen sektorean zein eragin izaten ari da egoera hau?
Erlezainen gehiengoarentzat aisiaren esparruan dago erlauntzak izatea. Herrialdean jende gutxi bizi da erlezaintzaz, erlauntzak dituztenen zati txiki bat. Baina denen artean lortzen dute Gipuzkoako eremu zabalean polinizazio estaldura oso egokia izatea, erleak bazter guztietan zabalduta egotea, eta hori onuragarria da ingurumenarentzat eta osasunarentzat.
Bertako erlea desagertzear da?
Ez nuke nahi, eta ez dut uste. Ez dut uste hori gertatzen utziko dugunik. Baina erlezaintza eredu bat desagertzeko arriskuan dago, gure zaharrek egiten zutena, zeinetan oso bisita gutxirekin aurrera ateratzen zituzten erlauntzak. Erleak gero eta zaintza gehiago behar du, baina orain are gehiago, Asiako liztorrarengatik; zaintza erantsia da. Erleek erlezainaren beharra dute, eta ez bazaie gustagarri egiten erlezain lana, beti borroka batean ari badira erlauntzak aurrera ateratzeko, asper daitezke, jarduera uzteraino. Hor etor daiteke arazoa, erlerik gabe polinizazio estaldura egokirik ez legokeelako herrialdean. Erleek badituzte hainbat arazo, eta arazo horiek erremedioak badituzte, baina Asiako liztorraren aurrean ez dakigu zer egin oraindik orain.