Harrobia sendotzen saiatuko da Allerru futbol taldea bosgarrenez antolatu duen futbol eskolarekin. Kirola adin txikietan haurrak hezteko baliatu behar dela argi dute txuri-berdeek.
Santos eta Dorronsoro Lezoko Plazeta futbol zelaian
Allerruk gaur amaituko du Haur Mailako taldeetan zein futbol eskolan izena aurretik emateko epea. Bosgarren urtea izango du irailean hasiko duena, eta urte horietan jasotako erantzunarekin pozik dago. Maila horietan helburua ez dela ongi jokatzea argi dute oinarrizko futbola koordinatzen duten Iñaki Dorronsorok eta Unai Santos entrenatzaileek, «helburua haurrak kirolera hurbiltzea da, disfrutatzea, eta futbolaren bidez kasu honetan formazioa jasotzea».
Izan ere, ez diete Allerrukoek baldintzarik jartzen futbol eskolan edo Haur Mailako taldeetan jokatzen hasi nahi duten neska-mutilei, «inor ez da kanpoan geldituko txarra delako. Haur denek dute tokia gure taldeetan». Ez diela axola jokalari onak edo txarrak izatea argi dute beraz, formazioak kezkatzen ditu, eta beraiengana hurbiltzen diren neska-mutilei hainbat balore erakutsi eta horietan heztea: «Errespetua besteekiko, kirolean ez duela denak balio ikastea da oinarria. Hortik aurrera haur bakoitzaren ezaugarriak eta gaitasunak aterako dira denborarekin».
Beldurrak alde batera uztea ezinbestekoa dela gaineratu du Santosek: «Ziurrenik haur asko ez dira hurbiltzera ausartzen onak ez direla pentsatzen dutelako, baina onak diren edo ez helduago direnean ikusiko dute, orain ikastea eta futbolarekin gozatzea da gakoa, eta hori edonork egitea».
Baikor erantzunarekin
Bost urteko esperientziari erreparatuta «baikor» azaldu da Dorronsoro, «nahiz eta haur gehiago hurbiltzea nahiko genuke». Hala ere, Allerruk jasotzen duen erantzunarekin gustura azaldu da. Iaz futbol eskolako bi talde, eta Haur Mailan mutilen bi talde eta nesken beste bat atera zituen talde txuri-berdeak. Guztira 70 haur bildu ziren Plazetara maila batean edo bestean futbolarekin gozatzera. Futbolean aritzera neskak geroz eta gehiago animatzen direla ere nabarmendu du koordinatzaileak, «agian mutilak baino animatuago hurbiltzen dira, eta hori ere berri ona da».
Aurten ere kopuru antzekoetan ibiltzea espero dute Allerrukoek, «guk ez dugu mugarik jartzen izena emateko garaian, muga izaten da talde bat osatzeko haur nahikoa ez biltzea. Hamabostekoak dira, beraz, sei haur zintzilik baditugu adibidez, ezin izaten ditugu hartu».
Allerruk ez dituela beste taldeetako jokalariak fitxatzen esan du Dorronsorok, beraz, bertan hasten diren haur horiek dira Allerruren goi mailako taldeetako etorkizuneko jokalariak. Horren harira, Reala Bn jokatzen ari den eta Allerrutik atera zen Xabi Prieto aipatu dute.
Saioetan hizkuntzari ere erreparatzen diotela argi esan du Santosek, «euskaraz egiten dugu haurrekin, eta alderdi horri garrantzia ematen diogu».
Irailean hasiko dute ikasturtea Allerruko txikienek, eta orduan izen emateen konfirmazioa egingo dutela azaldu dute arduradunek, «Santakrutz Jaien ondoren izaten da, eta orduan zehaztuko dugu onartuen zerrenda». Ekainera bitartean egingo dute ikasturtea. Haur Mailako taldearen kasuan astean bitan elkartuko dira entrenamenduak egiteko. Futbol eskolakoek, berriz, astean behin egingo dituzte entrenamenduak, ostiral arratsaldetan. Horrekin batera, hamabostean behin partidak jokatuko dituzte beste eskolen kontra. Futbolak Lezon arrakasta duela esan du Iñaki Dorronsorok, «hala da Oarsoaldean, baita gure herrian ere».
Matrikulari dagokionez, ikasturtea futbol eskolan ematen dutenek 150 euro ordaindu beharko dituzte. Prezio horren barruan, entrenamenduez gain, Allerruren motxila eta ekipazioa jasoko dute haurrek, «elastikoa, galtza motzak eta galtzerdiak ematen dizkiegu».
Plazetara hurbiltzeko deia
Beldurrak alde batera utzita Plazetara, futbol eskolara hurbiltzera deitu ditu Santosek 8 eta 11 urte arteko Lezoko zein inguruetako herrietako neska-mutilak, eta 12-13 urte artekoak, berriz, Haur Mailan jokatzera. Eskolako taldeak osatzeko hamabost haur behar dituzte. «Eskola haurrak hezteko tresna da, baloreak erakusteko. Futbolak jende asko mugitzen duela baliatu behar dugu haur horiek hezteko. Ona edo txarra den berdin dio, Kadete edo Gazte Mailara heltzean izango dute aukera aztertzeko jokalari onak diren edo ez, futbolarekin disfrutatzea da garrantzitsua oinarrizko maila hauetan».
Bestalde, Allerruk 2014/15 denboraldi ona egin duela esan du Dorronsorok: «Gazte Mailako taldea Ohorezko Mailara igo da, eta Preferente Mailakoek bosgarren amaitu dute. Kadete Mailako taldea, gainera, Gipuzkoako Txapelketan finalista izan da».