Txupinazoa bota eta berehala irtengo da danborrada tradizionala, 20:00etan.

Trintxer elkarteak antolatuta, herri kirolak izaten dira urtero karmenetan
Dena prest dago Trintxerpen jaiak hasteko. Bihar botako dute jaien hasiera iragartzeko suziria, 20:00etan, alkateordetzaren balkoitik, baina hori baino lehen hasiko dira trintxerpetarrak festaz gozatzen.
Arratsaldean haurrentzako askaria eta jolasak izango dira Azkuenen, eta handik irtengo dira ondoren erraldoi eta buruhandiak, Euskadi Etorbidera bidean.
Zunba emanaldia ere izango da Serafin Esnaola plazan, eta jaiak hasi baino ordubete lehenago, urtero legez, plakak banatuko dizkiete aurtengo jaietan omendutakoei. Trintxer Zahar Abesbatzak kantatuko du plakak banatzeko ekitaldian.
Txupinazoa ospatu ondoren festetako lehen danborrada irtengo da. Danborrada tradizionalak ondorengo ibilbidea egingo du: Alkateordetza, Euskadi Etorbidea, Jaizkibel kalea, Azkuene kalea, Euskadi etorbidea, Gudari plaza, Serafin Esnaola plaza, Alkateordetza.
Ostegunean, marinelen eguna
Karmengo Amaren eguna da Trintxerpen jaietako egun handia. Horregatik, etzi (hilak 16) jendetza bilduko da Euskadi Etorbidearen inguruan. Meza nagusia ospatzen hasiko diren ordu berean– lepo izaten da Trintxerpen eliza Karmengo Amaren egunean–, 12:00etan, haur danborrada irtengo da. Arratsaldean berriz, marinelen danborrada irtengo da kalera, Karmengo Ama gurtzera, badia erdian danborrak astinduz.
Jaiak, edonola ere, igandera arte luzatuko dira eta asteburua iristearekin bat biderkatzen joango dira antolatutakoak. Hona
egitaraua.