Lezon hildako gizonaren heriotzak drogarekin zerikusia duen ikertzen ari da Ertzaintza
200 gramo kokaina, haxix kilo erdia, eta PMMA droga izan daitekeen 239 pilula aurkitu zituen Ertzaintzak hildakoaren etxean
Lezon hildako 34 urteko gizonaren heriotzak PMMA drogarekin zerikusia ote duen ikertzen ari da Ertzaintza. Larrialdi zerbitzuek deia jaso zuten joan den ostegunean gizon bat egoera larrian zegoela esanez. Osasun zerbitzuak haren etxera heldu zirenerako ordea, ezin izan zuten onera ekarri eta heriotza egiaztatu zuten. Segurtasun sailak jakinarazi duenez, 200 gramo kokaina, haxix kilo erdia, eta PMMA droga izan daitekeen 239 pilula aurkitu zituen Ertzaintzak hildakoaren etxean. Superman izenarekin ezaguna den PMMA droga oso toxikoa dela esan du segurtasun sailak, eta hildakoaren etxean aurkitutako pilulak PMMA droga direnik ziurtatu ez badute oraindik ere, droga horretan erabiltzen den s marka dutela jakinarazi du Ertzaintzak.
Atxiloketa
Hildako 34 urteko gizonaren pisukidea den 21 urteko gaztea atxilotu du bestalde, Ertzaintzak. Azken horri, droga trafikoa leporatu dio. PMMA drogak hainbat heriotza eragin dituela Europan azaldu du Ertzaintzak, eta apirilean ohartarazi zuela Santurtzin agertu zela. Donostiako goardia epailearen esku dago orain auzia, eta ikerketa abiatu du horrek heriotza argitu eta aurkitutako droga non saltzeko zen jakiteko. Extasis gisa saldu eta hilgarria den droga herriko festetan saltzekoa zen ustea du Ertzaintzak.