Alkatetzara heldu eta hilabete pasa denean alkatea ez dela koalizio subiranistarekin elkartu saltu du EH Bilduk.

EH Bilduren agerraldia
Alkatetzara iritsi zenetik hilabete pasa bada ere, Kepa Garbizu ez dela oarindik EH Bildurekin elkartu salatu du koalizio subiranistak gaur goizean egin duen agerraldian. Ainhoa Zabalok eta Mikel Arrutik hartu dute hitza, eta komunikabideetan alderdi guztiekin bilera erronda egingo zuela esan bazuen ere, Garbizuk ez dituela EH Bilduko zinegotziak oraindik “ezertarako” deitu esan dute: “Badakigu hainbat dekretu onartu dituela, tokiko gobernu batzordea eratu duela eta beste batzorde batzuk ere egin dituela , baina gu ez gaitu deitu, ezta horren gaineko berririk eman”.
Añarbeko Uren Partzuergoa eta Euskal Fondoaren organu kolegiatuak EH Bilduren esku utzi dituela Garbizuk esan du bestalde Zabalok eta harridura azaldu du, “gurekin ezertarako kontatu gabe eta hitz egin gabe hartu dutelako erabaki hori”. Bihar izango den ezohiko udal batzarrerako deialdia jaso zutenean izan omen zuten horren berri EH Bilduko zinegotziek, “erabilitako moduak ez zaizkigu egokiak iruditzen”.
Gobernu batzordetik kanpo
Modu berean jakin dute gobernu batzordetik kanpo gelditu dela EH Bildu. EAJko hiru ordezkarik eta PSE-EEko zinegotzi bakarrak osatuko dute azken hori. Horren gainean gogoeta egin du Zabalok: “1.140 bozka jaso genituen hauteskundeetan eta sei zinegotzi ditugu EAJk bezala. Uste dugu bozka horien atzean dauden herritarrei errespetua zor diela EAJk”.
Lanerako prest azaldu dira Arruti eta Zabalo eta beraiekin batera agerraldian izan diren Garazi Cuesta eta Nahia Sarasola, “tratatzeko beste modu bat merezi dugula uste dugu, eta jarrera eraikitzaile batekin aurrera jarraituko dugu lanean EH Bilduko zinegotziok”.