Oiartzungo Intxixu AEK-ren ibilbidea orain 30 urte hasi zen. Ibilbide horretan hamaika pasadizo izan dira, batzuk gozoak, besteak gaziak. Altzibartarra izaki, auzoaz ere hitz egin du Ballesterosek.
Saioa Ballesteros
Oiartzungo Intxixu AEK-ren ibilbidea orain 30 urte hasi zen. Ibilbide horretan hamaika pasadizo izan dira, batzuk gozoak, besteak gaziak. Altzibartarra izaki, auzoaz ere hitz egin du Ballesterosek.
Nolakoa da Saioaren egun bat?
Egun osoan normalean euskaltegian egoten naiz. Autoikaskuntzan aritzen naiz, orduan banaka ematen diet klasea, gaur egun ez naiz ohiko taldeekin ibiltzen. Goiz eta arratsalde horrekin egoten naiz eta Korrika garaian euskaltegian bertan lotan gelditzea besterik ez zait geratzen!
Saioa eta AEK, hortaz, banaezinak al dira?
Kar, kar, kar, ez ez! Nik uste AEK-n ibili den edozeinek berdina esango duela. AEK-ko arduraduna naiz eta kasu horretan edozer gauza niri tokatzen zait, baina gustura aritzen naiz.
Noiz hasi zinen?
1999-2000 ikasturtean, badira urte mordoxka dagoeneko. Irakasle bezala hasi nintzen, bulegari ere ibili nintzen Donostian eta beranduago eskualdeko arduradun ere. Denetarik pixkat, normalean AEK-n ibiltzen denak denetarik probatzen du.
Ni Intxixu AEK-n sartu nintzenean plazan ginen, orain hirigintza dagoen tokian. Lehenengo eta bigarren pisuan gu ginen eta hirugarrenean Oiartzun Irratia zegoen. Oso ongi zegoen bertan, Ane Lardi zegoen garai hartan irratian, Arantxi euskaltegian ibiltzen zen eta irratian ere bai… oso gustura ginen hor. Oso ongi moldatzen ginen eta garai hartan talde handi xamarra zegoen. Beramendi-eta [Martin] iritsi zirenean toki hura behar zutela eta, Madalensorora joan ginen. Lauzpabost urte izan ginen bertan eta hura nazkagarri xamarra izan zen: lekua oso txarra zen, bi gela besterik ez genituen, bulegoa oso txikia zen, udaran bero eta neguan hotz… ez ziren baldintza egokiak.
Bi traslado bizitu ditut eta behintzat garbiketa egiteko balio izan digu horrek! Hemen [Fermiñenen] gaude orain eta hau luxu bat da, ez gara kexatuko.
Udaletxean hasi ziren eskolak ematen, ezta?
Nik entzunez dakit udaletxean hasi zirela eta Arraskularre kalean ere egon zirela.
Momentu kritikoak ere bizitu dira, banaketarena. Nola gogoratzen duzu?
Herrian saltsa egon zela gogoratzen dut. AEK-n oso gogorra izan zen. Ni gogoratzen naiz batzuek aritu zirela Euskal Herriko AEK-ko euskaltegietan hemengo saltsa kontatzen. Oker ez banago kontua zen HABErekin hitzarmena lortuta baldintza batzuk bete behar zituztela irakasleek. Horietako bat zen unibertsitateko titulua edukitzea eta EGA edukitzea. Badakit bazegoela baten bat ez zegoena prest EGA titulua edukitzearena, ez dakit zein arrazoirengatik. Hori da niri iritsi zitzaidana behintzat. Hori dena eta gero iraila iritsi zen eta batzuek euskaltegia hartu zuten eta saltsa egon zen. Udala sartu zen eta esan zuen lokala –udalarena zen– AEK-ri uzten ziola eta ez norbanakoei. AEK-n gelditu zirenak gaizki xamar pasatu zuten. Ordura arte ikasle kopurua handia zen eta hortik aurrera nabaritu zen jaitsiera. Matrikulazio kanpainan nabaritu zen, horiek beste euskaltegi bat sortu zuten, ‘beste euskaltegia’ izena erabiltzen zuten eta horiek ere beheraka joan ziren eta gaur egun bakarra dago. Bere garaian aitzakia zen funtzionarioak bihurtuko ginela, Ertzainei klaseak eman beharko zirela… eta oker ez banago, saltsa horretan ibili ziren gehienak gaur egun funtzionarioak dira, orduan…
AEK Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunearen sortzaileetako bat izan zen. Zerk bultzatu zintuzten?
Oso polita izan zen. EHE-k indar dezente zuen, irratia ere hor zegoen, euskaltegia ere eta bilgune moduko bat sortzeko beharra ikusi zen. Eskualdean Lau Haizetaran esperientzia bagenuen eta ezagutzen genuen eta guk horrelakorik ez genuen nahi –ez daitezela haserretu–. Ez genuen elkarte berri bat sortu nahi aparte joango zena, guk bilgune bat nahi genuen eta izena horregatik jarri genion, gure lanak elkarbanatu eta elkarren ondoan denak aurrera egin ahal izateko.
Ilusio dezenterekin sortu genuen eta nik uste oso ongi funtzionatzen duela. Gora beherak egon dira, adibidez EHE-ren kasuan pixka bat motel baldin badabil nabaritu egiten da, baina orokorrean oso ondo funtzionatu duela. Agian ez du izan beste talde batek izan duen indarra eta zabalkundea eta hori Oiartzunen behin baino gehiagotan komentatu izan dugu, euskarari ez zaiola behar adina garrantzia ematen, gainditutzat ematen dute batzuek. Jendearengana iristen ez dugu asmatu zenbait kasutan. Korrikarekin eta horrelakoekin jendea animatzen da, baina euskararen inguruko hitzaldi batean parte hartzea nahiko txikia izaten da.
Egindako lanarekin gustura nago eta momentu batzuetan eredu ere izan garela uste dut. Gure hasierako helburua, euskararen inguruan genbiltzanak ezagutu eta laguntzea bete dugu.
Euskara Kooperatiba Elkartea garrantzitsua izan da AEK-rentzat, ezta?
Bai. Hori ere tokatu zitzaidan. Baltasar Garzonen saltsarekin, AEK-ri gertatu zitzaiona zen isun ekonomiko altua izan zela eta horrek ekarri zuen nolabaiteko antolaketa administratibo bat eta hortik sortu zen kooperatiba. Batzuen artean dezenteko kezka zen kooperatiba sortzearena, bazkideak daude, boto eskubidea dute… eta ordura arte AEK-n hartzen ziren erabakiak aekideek zuten eta aekideak ikasleak eta irakasleak ziren. Hor zalantza handiak egon ziren baina egoerak hori ekarri zuen, bere alde on eta txarrekin. Gure eskualdean nahiko kritikoak gara eta momentu honetan Euskal Herriko eskualde indartsuenetako bat da gurea ikasle kopuruan eta, eta horrek bozka kopuru gehiago dakar; lata pixkat bat ematen dugu.
Zu hasi eta gaur eguneraino, herrian euskararen egoera aldatu dela sumatu duzu?
Euskaltegira etortzen den jendearen artean motibazioa aldatu dela uste dut. Ni sartu nintzenean, EGA tituluaren bila etortzen zen jendea batik bat eta gaur egun lehenengo eta bigarren tituluaren bila jende dezente etortzen da. Lan kontuengatik, motibazio instrumentala esaten dena, areagotu egin da, horrek taldeetan duen eraginarekin. AEK-ren metodologiak berak garrantzia erabilerari ematen dio eta adibidez Oiartzun bezalako herri batean euskaldunen kopurua %80koa dena hori nahiko erraza da saltzen nolabait esateko, zeren beraiek ere behar bat sentitzen dute. Ez da duela 30 urte sentitzen zuten presio bera, baina premia hori badute.
Atzerritarren gorakada nabaria izan da?
Aisha izeneko ikastaro batzuk badaude eta sarrera modukoak dira, sarrera bat euskarara eta sarrera bat Euskal Herrira. Oso motzak izaten dira eta horrelakoetara etortzen dira, baina gero ez dute jarraitzen. Oiartzunen horrelako gorakada egon denik ez zait iruditzen. Hemen ohiko taldeetan pare bat ditugu, alemaniar bat eta mexikar bat, eta bestela ez ditugu askoz gehiago izaten.
Zer transmititu nahi izaten diezu zure ikasleei?
Euskararekin mundu bat irekitzen zaiela. Adibidez, bertso txapelketa den urtean lata pixkat bat ematen diegu, jakin dezaten; txorakeri bat dirudi baina euskaltegira etortzen diren askorentzat guretzat ohiko gauza direnak beraientzat ez dira. Ez dakit zein abeslari, ez dute ezagutzen. Guk zubi lan hori egin behar dugu eta erakutsi zer dagoen, leihoak irekitzen joaten gara. Era batera edo bestera egin behar duzu euskara kalean erabil dezaten. Oiartzunen herriari lotuak dauden gauzak erakusten saiatzen naiz.
Fermiñene utzi eta goazen Altzibarrerena, Saioa altzibartarra baita… Nola definituko zenuke Altzibar?
Bizitza handia duen auzoa da, taberna gehien duen auzoa da ere eta horrek nik uste erakusten duela nolako bizitza duen. Tamaina aldetik ere, bizilagun aldetik handienetakoa izango da. Beste auzoekin alderatuta, Arragua izango da antza gehien duena euskaldun-erdaldun kontuan; kanpotik jende dezente etorri zen eta horrek bere garaian txoke handia egingo zuen ziurrenik. Gaur egun ere zeozer badago, ez dut esango txarra denik, baina esaten da goikoak, behekoak… komentarioak ere entzun izan ditut… Bere garaian ere auzoko jaietan egin zen goian jaiaren zati bat eta behean beste bat. Dena den, auzo bezala ni gustura nago, jaietan ere giro polita egoten da. Beste auzo batzuek izan ez duten bizitza Altzibarrek badu, txarrerako zein onerako.
Udalari galdetuz gero adibidez Altzibarren bilera egiten denean ze saltsa egoten den… Onartu beharra dago kañero xamarrak garela.
Olaldeko etxeetara oiartzuar asko joan dira bizitzera, horrek auzoaren errealitatea aldatuko du ziurrenik, ezta?
Bai nik uste aldatuko duela. Adibidez Kale Berrian gertatu zena zen bizpahiru urtetan ez zela batere aldaketarik sumatu seme-alabak eduki zituzten arte, baina askotan gertatzen da, nonbait integratzen zara seme-alabak dituzunean.
Euskararen egoera Altzibarren nolakoa da?
Garai batean hona bizitzera etorri ziren asko hil dira, urte asko dituzte edo euren herrira itzuli dira; haien seme-alabetako batzuk ez zuten euskara ikasi eta beste batzuk bai. Nik uste gaur egun euskara gehiago entzuten dela, baina belaunaldi aldaketa horrengatik. Beste arazoa da gazteen artean erabilera zer nolakoa den. Bere garaian denen ilusioa zen euskara ikastetxeetan ikasten zutenak gero euskaraz biziko zirela, eta gaur egun konturatzen ari gara egoera ez dela hori. Euskalgintzak orokorrean horri buelta eman beharko dio.
Altzibarko Jai Batzordean ere bazabiltza.
Bai, azkeneko urteetan hala nabil. Azken urteetan hiruzpalau familien artean antolatzen ditugu jaiak, nahiz eta denei irekita egon. Gustura aritzen gara lanean, muxutruk egiten dugu egiten dugun lan guztia, baina gustura. Jendeak erantzuten du eta horrela gustura ematen du. Tortilladan jendetza egoten da, danborradan ere, duela bi urte pintxo-potea egiten hasi ginen eta horrek ere oso ongi funtzionatu zuen, iaz sanjuan sua antolatzen hasi ginen…
Badakigu zein den Altzibarren egoera eta auzotarrei gustatzen zaiena egin behar da. Agian talde batek sekulako arrakasta du Korrika batean edo beste auzo batean eta gurean ez, jendearen gustuaren araberakoa da. Niri ez zait okurritzen ezer berezia egiteko.
Nola bizitzen dituzu auzoko festak?
Ordu pila bat lanean eta oso gustura. Bere berezitasunak ditu, agian kanpoko bat etorriko da eta esango du, zer da hau? Baina denak du bere xarma eta zure denean beste modu batera bizitzen duzula. Auzoei indarra eman behar zaie eta beste auzo batzuetako jaiak ze egoeratan dauden ikusita nik uste gu pribilegiatu hutsak garela.