‘Ciudad de San Sebastian’ katamarana Pasaiara dator egunero: Donostiako kaitik irten eta bokalea zeharkatuta porturatu ondoren, badia inguratzen du, geldialdia Albaolan egiteko.
Pasaiara sartzeko unea, katamaranetik
Goizeko hamarrak, Donostiako kaian. Astearte goiza da, eta ez dabil jende askorik paseoan. Pixkanaka, hala ere, hasi da jendea pilatzen Ciudad de San Sebastian katamaranaren inguruan. Uztaila hasiz geroztik txango berri bat eskaintzen du katamaranak, Pasaiara artekoa. 10:15ean irteten da goizero Pasaiara bidean, eta hala egingo du egunero abuztua bukatu artean.
Etxeberriatarrek kudeatzen dute turista eta bisitarientzat itsas ibilaldiak eskaintzen dituen
Ciudad de San Sebastian enpresa,«familiako enpresa txikia», Leire Etxeberriak kontatu duenez. Berak egiten die harrera bidaiariei, eta leman, berriz, haren aita aritzen da, Gonzalo Etxeberria. Pozik daude biak zerbitzu berria izaten ari den harrerarekin. «Pixkanaka» ari dela zabaltzen esan dute, eta asteburutan, lanegunetan baino gehiago lan egiten ari direla kontatu dute, turistak ez ezik, bertako jende asko ari delako Pasaiaraino hurbiltzen.
Eskaintza oso erakargarria dela uste dute biek, paisaiaz gozatzeaz gain, Pasaia ezagutu eta bertan familia giroan egun pasa ederra egiteko aukera ematen duelako. Horregatik, eskaintza ezagutu ahala bidaiari gehiago izango dituztela sinetsita daude.
120 lagun sartzen dira Ciudad de San Sebastian katamaranean. Itsasontziak taberna txiki bat du, bidaia egin bitartean freskagarria hartu ahal izateko. Joan-etorriko txartela har daiteke, edo bakarrik joanekoa. Joaneko txartelak 12 euro balio du helduentzat eta 8 euro haurrentzat, eta Donostiako kaian bertan eros daiteke, itsasoratu baino lehen.
Uliako itsaslabarrak parez pare ikusten dira katamaranetik
Itsaslabarrak
Portutik irten eta Kontxako badiaren ikuspegia da bidaiariak parez pare topatuko duen lehena. Ondoren, Santa Klara irla paretik pasatu, ezkerrean Igeldo, eskuinera Jesusen Bihotza, eta Gros aldera hartuta Zurriolako hondartza ikusiko du bidaiariak, Moneoren kuboen itzalpean.
Ondoren hasten da bidaiaren zatirik basatiena, jada itsas zabalean, Uliako itsaslabarren ikuspegi ederrarekin.
Bidaiaren unerik gorena, hala ere, Pasaiako bokalearen sarreran biziko du bidaiariak. Estua da portuko sarrera, oso estua, eta itsasotik ikusita, txundigarria da ikuspegia. Perspektiba ezohikoa txalupan ibiltzeko aukera ez duen edonorentzat.
Horixe da, hain zuzen ere, bidaiarientzat erakargarri nagusienetakoa. Aitor eta Martin Larrañaga aita-semeek, esaterako, horregatik hartu dute katamarana. «Uliakoak gara eta bizitza guztia daramagu Ulia lehorretik ikusten. Bagenuen gogoa itsasotik ikusteko», kontatu du aitak.
Albaolara bisita
Ingurukoak dira Pasaiara joateko katamarana hartzen duten bidaiarietako asko. Gonzalo Arceo, esaterako, donostiarra da, eta 62 urte bete zituen eguna aukeratu zuen katamaranean bidaia egiteko. «Ilusioa egiten zidan. Gainera,
Albaola bisitatzeko gogoa nuen, eta horretarako aprobetxatuko dugu», kontatu du. Joxean Gomezekin batera egin du txangoa, eta honek ere ezaguna du ingurua, urte askoan Donibaneko ontzioletan lanean aritutakoa delako.
Katamaranean Pasaiara etortzen diren gehinek Albaolako Itsas Faktoria bisitatzen dute
San Juan galeoiaren eraikuntza lanak bertatik bertara ikusteko gogoz itsasoratu dira biak. Hantxe du helmuga katamaranak, Albaolaren kultur faktoriaren ontziralekuan. Katamaranean iristen diren bisitariek, gainera, bi euro merkeago dute itsas faktoriarako sarrera.
Bokalearen edertasuna
Bertakoentzako erakargarri dena, ikusgarria izan ohi da atzerriko bidaiari eta turistentzat. Itsaslabarren ikuspegiarekin txundituta geratu ohi dira gehienak, are gehiago bokalearen ikuspegiarekin. Horixe da Radko Manda txekiarraren kasua. «Egina dut kostaldeko Santiagoko bidearen zati bat, baina hau ez nuen ezagutzen. Itsaslabarrak, mendia… ikuspegia zoragarria da. Zalantzan egon naiz txangoa egin ala ez, baina ez naiz bat ere damutzen», dio katamaranak bokalea zeharkatzen duen bitartean. Irizar enpresarentzat egiten du lan Mandak, eta ingurua dezente ezagutzen du. Pasaiara, ordea, katamaranean egindakoa du lehen bisita, eta harritu du topatutakoak.
Katamaranetik jaitsi eta Albaolan bisita gidatua egin du txekiarrak, katamaranetik lurreratu diren gehientsuenek bezala.
Albaolan bidaiariak lehorreratu aurretik, katamaranak itzulia egiten du badian barrena. San Pedro eta Donibane, arrantza portua eta portu industriala… guztiak ikus daitezke katamaranetik Ondartxoko ontziolan geldialdia egin aurretik.
Izan ere, zerbitzu berri horren helburu nagusia argia da: «Bisitariak modu erakargarri batean Pasaiara ekartzea, eta bertan gera daitezen lortzea». Olatz Olaizola
Oarsoaldeko turismo teknikaria da, eta hark azaldu du zerbitzua martxan jarri izanaren zergatia: «Zerbitzu honek badauka joan-etorria, baina gure helburua da jendea bertan geratzea eta bertako baliabideak ezagutzea».
Horregatik, Albaolaren itsas faktoria ez ezik, Pasaiako bestelako baliabide turistikoak sustatzea da asmoa. «Albaolatik, Mater atunketari tradizionala ikustera joan; San Pedroko alde zaharra ezagutu ondoren motora hartu, Donibanera pasa, alde zaharrean buelta egin eta Victor Hugo etxea ikusi, puntetara joan, eta egun pasako plan bat egitea bertan dauden jatetxeek eskaintzen dituzten bazkariak baliatuz».
Porturatzen, Ondartxon, ‘Jaizkibel’ draga atzean ikusten dela
Itzulerakoa, mendiz
Pasaia bisitatu ondoren Donostiara itzuli nahi duten bisitariek bi aukera dituzte: garraio publikoa —autobusak 20 minuturo daude lanegunetan, eta igande eta jaiegunetan ordu erdiro, bai Donibanetik bai San Pedrotik ere—, edo itzulera oinez egitea, mendiz, Pasaia eta Donostia arteko Talaia bidearen zatia eginez, Ulia zeharkatuz.
«Zortzi kilometroko ibilbidea da, samurra, nahiko erraza, eta haurrekin egiteko aproposa», nabarmendu du Olaizolak. «Horrez gain, joandakoan itsasotik ikusitakoa, bueltakoan mendialdetik ikusteko aukera ematen du itzuli horrek».
Harrera ona
Zerbitzua martxan jarri berri dutenez, goizegi da balorazioetarako, baina lehen inpresioa «oso ona» da. Oarsoaldeko turismo bulegoan iritzi onak jaso dituztela dio Olaizolak: «Bidaia egiten duten gehienek Pasaian gelditzea aukeratzen dute, eguna bertan egitea. Jaso ditugun inpresio gutxi horiek oso positiboak dira, bai kanpotarrenak baita bertakoenak ere».
Olaizolak dioenez, bertako jendea askotan harritu egiten da ondoan duena ez duelako ezagutzen. «Askotan ez dugu bitartekorik bidaia txiki hau itsasoz egiteko, eta bertakoak ere oso pozik jaisten dira, paisaiarekin harrituta».
Uztailaren 4an egin zuen katamaranak lehen bidaia eta abuztua bukatu bitartean egunero egingo du. Bien bitartean ahalik eta bisitari gehien erakarri nahi dituzte, eta horretarako sustapen lan zabala egin du Oarsoaldeak. «Eskuorri berri bat egin dugu, eta inguruko turismo bulegoetan banatu dugu. Hainbat ostatu eta hoteletan ere banaketa egin da. Garrantzitsua da ere Donostiako portuan bertan txartel leihatila edukitzea, handik jende asko pasatzen delako eta katamaranak jendearen arreta erakartzen duelako».
Bisitan etorritakoak Pasaian geratzea aspalditik da tokiko turismoa sustatzen dutenen erronka. Horri begira sortutako baliabideak gero eta gehiago dira. Katamaranak etorrera atseginagoa izaten lagunduko duela, behintzat, zalantzarik ez da.
[nggallery id=106]