Zero zaborretik urrun, oraindik
Oiartzunek, Lezok eta Pasaiak 2030erako Europak ezarritako birziklatze tasak gainditzen dituzte egun. Maiatzeko hauteskundeen emaitzek, ordea, kolokan jarri dituzte tasa horiek azken bietan.
Europak ez du nahi gai birziklagarriak erraustea edo zabortegira botzea Botatzen den horri beste erabilera bat ematea da ekonomia zirkularraMaiatzeko hauteskundeen emaitzek mahai gainean jarri dute egungo hondakinen bilketa sistema. EAJko alkateak galdeketa egingo du, data zehaztu gabe badago ere, eta lezoarren erantzuna errespetatuko duela esan du atez atekoa kendu edota mantentzeko. Beldur dira Mikeo eta Aranburu kontsulta horretarako planteatuko den galderarekin: «Egiten duzun galderaren arabera, hankaz gora jarriko dute hondakinen gainean orain arte egin dugun guztia, lortu duguna, horrek suposatzen duenarekin. ‘Bosgarren edukiontzia nahi duzu?’ izan daiteke galdera. Praktikan emaitza onak ematen dituela erakutsi du, baina ez Lezon ditugunak bezain onak. Tolosan, adibidez, errefusa eta organikoa txip bidez jasotzen dute eta %70 lortu dute. Datu onak dira, baina horrelako neurri batek atzera egitea ekarriko luke gure herrian». Birziklatze tasa baxuagoa lortzeak zer dakarren azaldu beharko duela kontsultarako galderak uste du Aranburuk: «Errauste plantaren mamua hor dago. Gutxiago birziklatuko duen sistemak errauskailuaren alde egingo badu, errauste planta Lezon jartzea nahi dugun ere galdetu beharko digute kontsultan». Mikeok argi du, gainera, herritarren ardura dela hondakinen kudeaketa, «guk zikintzen badugu, guk ez badugu birziklatzen, guk kudeatu beharko dugu sortzen dugun zabor hori guztia. Ziur naiz inork ez duela nahi errauste planta Lezon jartzea, eta horren aurrean irtenbide bakarra dugu, birziklatzea. Zenbat eta gehiago birziklatu, orduan eta hondakin gutxiago, eta une honetan duguna txukunago eginez gainera. Helburua zero zabor izatea da». Edukiontzietara buelta Lezon kontsultaren emaitzak baldintzatuko du hondakinen bilketa sistema. Pasaian, berriz, maiatzeko hauteskundeen ondorioz izan den gobernu aldaketak, hondakinen bilketa sistemaren aldaketa ere ekarriko du. Izaskun Gomez PSE-EEko alkateak argi esan zuen kanpainan, alkatetza eskuratuz gero, atez atekoa bertan behera utzi eta edukiontzien aldeko apustua egingo zutela. Pasai Donibanen 2013ko irailean jarri zuen martxan atez ateko bilketa EH Bilduk, eta lehen bi hilabeteetan %84,74ko birziklatze tasa lortu zen. Antxora heldu zen ondoren, 2014ko otsailean, eta Donibaneko tasa berbera lortu zuen lehen bi hilabeteetan. Trintxerpe eta San Pedrora 2014ko urrian iritsi zen atez atekoa. Bi barrutietan %55eko birziklatze tasa lortu zuten herritarrek lehen hiru egunetan. Bataz beste, atez ateko bilketa sistemarekin, %70 birziklatzera heldu dira pasaitarrak. Aurretik %24,04 birziklatzen zuten. Lore Suarez Pasaiako gobernu talde berriko zinegotzia da (PSE-EE). Pertsonal eta Udaltzaingoaren arduraduna da bertan. Horrez gain, PSE-EEren Gipuzkoako exekutibako Ingurumen idazkaria da, eta foru aldundiko Hondakinen Batzordeko kide izan da. Pasaian aldaketak ezin duela egun batetik bestera heldu esan du Suarezek, «baina lanean ari gara atez atekoa bertan behera utzi eta edukiontzien sistema abiatzeko berriro». Neurri horrekin, PSE-EEk herritarrek egindako eskaerari erantzun nahi diola esan du: «Herritarrek edukiontzi bidezko hondakinen bilketa sistema eskatu dute. Argi dugu bosgarren edukiontzia jarriko dugula, oraindik zehaztu gabe badugu ere txipaduna izango den edo ez». Bereizi eta birziklatzea ezberdindu ditu Suarezek: «Atez atekoaren eta beste bilketa sistemen bidez hondakinak bereizi egiten dira, baina horrek ez du esan nahi birziklatzen direnik. Birziklatzea hondakin horri beste erabilera bat ematea da, eta askotan bereizten den hondakina ez da birziklatzeko baliagarria». Atez atekoa zurruna dela esan du Suarezek, «hondakinen bereizte maila handia lortzen da, hori ukaezina da. Bada datu bat, ordea, aurreko gobernu taldeak aipatu ez duena: desagertzen den hondakin kopurua edo zaborraren turismoa. %20 inguru desagertu zen Antxoren kasuan atez atekoa martxan jarri zenean». Herritarrak kontzientziatu Suarezen esanetan, sortzen diren hondakinen zati garrantzitsu bat berreskuratzeko «lan handia» egin behar dute udalek eta mankomunitateek: «Herritarrak kontzientziatu behar ditugu, hezi, eta bosgarren edukiontziarekin hori bilatzen dugu, hondakinak bereizi eta herritarrak kontzientziatzea. Azken batean jakin behar dute garrantzitsua dela hondakinak bereiztea, gero birziklatu ahal izateko eta berrerabiltzeko. Ekonomia zirkularra deritzon horretara heltzeko urratsak egin behar dira». Suarezek dio bosgarren edukiontziarekin hondakin asko berreskura daitekeela, «hondakinak bereizi egiten dira sistemarekin, eta herritarrak edukiontzien aldekoagoak dira. Atez ateko sistema baino hobeto onartzen dute ez delako hain desorosoa: ez dago ez ordutegi ezta egutegirik ere hondakinak ateratzeko. Herritarrei ahalik eta erraztasun gehien eman behar zaizkie kontzientzia daitezen ». Debabarrena aipatu du, ondoren, «%45eko bereizte tasara heldu dira bertan». Hondakinen murrizketa gakoetako bat da Suarezen ustez, ezinbestekoa iruditzen zaio ontzien legearen gainean eragitea, «hondakinak murrizteko ezinbestekoa da ontzien erabilera murriztea. Egia da bereizi behar dela, birziklatu behar dela, baina gurea bezain gizarte kontsumistan hondakin asko sortzen dugu». Anbizio handikoa iruditzen zaio Europaren azken urratsa, baina lorgarria: «Hamabost urteko epea dugu tartean, eta bada zerbait. Halere, lan egin behar dugu, handia gainera, eta jartzen dugun sistema jartzen dugula, hobetzen joan behar dugu maila horietara iristeko».