Emakumeen traineru ligako lau jardunaldietatik bitan irabazi dute arrosek, biak larunbatarekin. Hibaikak Orio mendean hartu du asteburuan.
San Juango emakumeak, larunbatean, Orioko bandera eskuan
San Juanen emakumeen traineruaren arduradunek eskatu beharko lukete EuskoTren Ligaren estropada guztiak larunbatarekin egin ditzatela. Liga horretako lau jardunaldi egin direnean —bi larunbatez eta beste bi igandez—, larunbatetan egin diren biak San Juanek irabazi ditu, eta igandekoak Zumaiarentzat izan dira. Eta lau jardunaldi horietan, gainera, ligaren barruan binakako beste bi liga sortu dira: banderen liga, Zumaia eta San Juan artekoa; eta hirugarren posturako liga, Hibaika eta Orio artekoa.
Larunbatean Orioko estropada larri-larri irabazi zuen San Juanek. Ziabogan Zumaiarekin denboran berdinduta joan ziren arrosak, eta helmugan ehunen eskas batzurengatik irabazi zuten Juan Mari Etxabek entrenatutakoek. Gutxigatik, baina bigarrena zakura. Atzo, berriz, ulertzeko zaila izan daitekeen itxura hartu zuen lehen posturako lehiak: ziabogan San Juanek zazpi segundo ateratzen zizkion Zumaiari, baina bueltakoan gorriek estropada irauli, eta irabaztea lortu zuten: luze batean 10 segundo atera zizkioten San Juani. Nerbioiko itsasoratzean dauden kaleen aldeen zerikusia antzeman daiteke sanjuandarren beherakada horretan.
Horrenbestez. ligaren buruan bi taldeak berdinduta daude, 14na punturekin.
Hibaika
Kontrolpean izan du Hibaikak Orio asteburuan hirugarren posturako borrokan, baina estu, batez ere larunbatean. Orioko banderan ehuneneko eskas batzurengatik aurreratu ziren
Madalen ontzikoak, atzo, berriz, errazago, zazpi segundogatik. Horrek esan nahi du ligan aldea atera diotela errenteriarrek Oriori, eta apurka banderaren bat irabazteko bide onean ari direla, konfiantza hartuz.
Liga bukatzeko beste lau estropada falta dira, bidearen erdia egin dute emakumeen traineruek. Horrela jarraituz gero, pasioz beteriko lau jardunaldi izango dira, hurrengoak asteburuan, larunbatean Nojan (Kantabria) eta igandean Getxon.