‘Zu etxerako, Manuel’, zor baten kitapenaz
Aita Manueli merezitako aitortza egiteko iniziatiba bultzatzen ari da sanpedrotar talde bat, Ondartxo Abesbatzak sustatuta, San Pedroko patroi handiaren kirol ibilbidearen hastapen ofizialaren mendeurrenean.
Nekazal tradizioan zu etxerako esamoldearen bidez, aitak, familiaren ondarea zaintzeko ardura izango zuen semea izendatzen zuen. Gaur egun, ordea, beste adiera bat eman ohi zaio aipatu esamoldeari, eta zu etxerako esan ohi zaio, bere ingurukoak pozez eta zoriontasunez asebetetzen dituen lagunari. Horregatik hautatu du Ondartxo Abesbatzak esamoldea Manuel Eugenio Arrillaga Arzak ‘Aita Manuel’ omentzeko. «Zu etxerako, Manuel esaerarekin, etxea hitza, hau da, herria, Manuel Arrillagaren izenarekin lotu nahi dugu, Aita Manuelek hain ondo zaindu zuen etxean, beti izango duelako lehentasunezko toki», esan dute San Pedroko kantuzaleek. Urtero omentzen du herriko pertsonaren bat Ondartxo Abesbatzak, hark antolatzen duen Musika Abesbatza Astean, eta aurten, Aita Manuel hautatu dute zeregin horretarako. Baina ez kasualitatez. Aro berri baten hasiera 1915. urtean baporeak arraunezko ontziak ordezkatzen hasi ziren arrantza ontzien atoi lanetan. Orduan hasi ziren tripulazioak estropadetarako propio entrenatzen, arraun egitea eguneroko betebehar izateari uztearekin bat. 1915. urtean baita ere, eta Kontxako estropadan hainbat urteko etenaren ondotik, San Pedroko trainerua berriz ere uretaratu zen, Aita Manuelen gidaritzapean, La Blanca ontziarekin. «Horregatik esan daiteke Aita Manuelen historia, patroi gisa eta Kontxako banderaren testuinguruan, garai hartan hasi zela ofizialki». Eta horregatik nahi diote aurten egin omenaldia Aita Manueli, garai oparo baten hastapenaren mendeurrenean: «2015. urtea ofizialtasun horren 100 urte betetzen direnez, gizon handi horren memoria era ukigarrian aldarrikatzeko une egokia dela uste dugu». San Pedrok Kontxako sei bandera lortu zituen jarraian Aita Manuelen gidaritzapean (1927-1932), erreferente oso garrantzitsua izan zen arraunean. Gaur egun ere hala da oraindik. Iniziatiba hau horren lekuko. Aitortza horren bultzatzaileei, aitzitik, patroi handiari garai batean lortutakoa ez zaiola behar bezala aitortu iruditzen zaie, «ez bertakoen aurrean ez eta bisitarientzat», eta horregatik ekin diote lanari, Musika Abesbatza Astearen eremua gaindituz. «Abesbatzan sortutako iniziatibaren berri izan bezain laster, hura ezagutu zutenek zein gerora bere fruituak jaso dituztenek prestutasuna agertu dute, gogo handiz, sanpedrotar herriak eskaini nahi dion aitortzan parte hartzeko», azaldu dute. Orain baino lehen egin dituzte hainbat urrats bide horretan. Bere jaiotetxean, San Pedroko Arraunlari kalean, Aita Manuelen argazki handi bat jarri dute bertso batez lagunduta, eta horrez gain, iniziatiban bildu direnen ilusioa islatze aldera, 44 lagun bildu ziren talde argazki bat egiteko, «aldarrikapen honi hasiera emateko abiapuntu gisa». Urtean zehar jarduera gehiago antolatu nahiko lituzkete. Hitzaldiak, argazki erakusketa… San Pedron Aita Manuelen estatua bat jartzeko baimena eskatzea ere aurreikusi dute. ‘Imanol, Gure patroi handia’ Iniziatiba horren berri, San Inazio Egunez, gaur, eman nahi izan du Ondartxo Abesbatzak, patroiaren ibilbidean garrantzitsua izan zen beste efemeride bati keinua eginez. 1931. urtean, oihartzun handiko omenaldia eskaini zioten garaiko erakunde eta arraunzaleek Aita Manueli. Garaiko kronikek diotenez, omenaldi hartan, San Pedroko arraun taldeko delegatu Pepe Fachadok bertsoak kantatu zizkion Aita Manueli, San Inazio martxaren doinuak baliatuta. Bertsoek, nola ez, Manuel Patroyari izenburupean, arraunlariaren balentriak goraipatzen zituzten.