Comete sarearekin lotutako ibilaldia egingo dute
Hilaren 12an Ziburun hasi eta 13an Oiartzunen bukatuko dute Comete sarea oroitzeko ibilbidea
Bi egunetako ibilaldia antolatu dute Comete Sarearen Lagunek eta Urdaburuk erakunde hori oroitzeko: Askatasunaren bidea. Hamaseigarrenez egingo dute. Hilaren 12an Ziburun abiatu eta 13an Oiartzunen bukatuko da. Comete sarea II. Mundu Gerraren testuinguruan kokatu behar da, nazien kontrako borrokan. Erakunde bat zen, erresistentziari muga zeharkatzen laguntzen ziona handik Gibraltar edo Afrika iparraldera joateko, eta handik, bueltan, Londonera.
Sarearekin lotura duten toki esanguratsuenetatik pasatuko dira: Urruñako hildako monumentua, Bidegain Berri baserria (Frantxia Usandizaga, Dedee de Jongh eta Juan Larburu atxilotu zituzten), San Migel (handik Bidasoa gurutzatzen zuten) eta Oiartzungo Sarobe baserria (hara joaten ziren iheslariak), besteak beste.
Bi egunetan parte hartzeko izena eman beharko da 943 52 78 79 eta urdaburu.mendi[abildua]gmail.com helbide elektronikoan. Larunbateko egunagatik 15 euro ordaindu behar dira (autobusa, hamaiketakoa eta sardina jatea barne), eta igandekoagatik, 35 euro (autobusa, gosaria eta bazkaria barne, azken hori, Beraun Bera elkartean). Bi egunetan parte hartu nahi izanez gero, 50 euro ordaindu behar dira.
Hilaren 12an, 08:30ean abiatuko da autobusa Zumarditik Ziburura aterako da autobusa. Hilaren 13an, berriz, 07:30ean, toki beretik Donibane Lohizunera.
