Etzi, Emakumeen Kontxara sailkatzeko, Oarsoaldeko hiru traineruek beste zazpi izango dituzte aurrean. Hibaika eta San Juan faboritoen artean daude.

San Juango emakumeak, iazko Kontxa irabazi ondoren
Etzi jokatuko da 2015eko Kontxako Banderarako sailkapen estropada, gizonetan eta emakumeetan. Emakumeen sailkapen estropada 17:30ean hasiko da, eta hamar traineru ariko dira lau plaza betetzeko borrokan. Horietatik hiru Oarsoaldekoak dira: San Juan, Hibaika eta Oiartzungo Itsaslapurrak. Errenteriarrak eta sanjuandarrak sailkatuen laukotean egoteko faboritoen artean daude.
Faborito izate horrek iaz eta aurten erakutsitakoan du funtsa. Iazko Kontxako irabazle, lehenengoz bere historian, San Juan izan zen eta hirugarren sailkatu zen azkenean Hibaika. Aurtengo estropadetan, EuskoTren Ligakoetan batik bat, postu horiek maiz errepikatu dituzte, hurrenkera berberean, arrosek eta
Madalen ontzikoek. Horiek faboritoen artean izateko arrazoiak, zaleek eman dezaketen berotasunaz aparte.
Zumaia eta Orio, lehena bandera irabazteko borrokan eta bigarrena hirugarren posturako lehian, izango dituzte Oarsoaldeko bi traineruek arerio nagusi. Ez da espero besteen ezustekorik. Baina hala ere, erne: aurretik egindakoak etzi berretsi behar dituzte Donostiako uretan bai Hibaikak zein San Juanek.
Oiartzungo Itsaslapurrak taldeko emakumeen traineruarentzat bere horretan saria izango da ostegun arratsaldean Kontxan bogan egotea. Banderan egoteko esperantzatik harago, lehen urtez bertan egotea soilik bere horretan ohorea izango da oiartzuarrentzat. Goza dezatela uneaz, ahalik eta emaitza onena lortuz.
Jarraian, etzi, emakumezkoen sailkapen estropadaren hainbat xehetasun:
- Hasiera ordua: 17:30.
- Modalitatea: erlojuaren kontrako estropada, ziaboga bakarrera (Kontxako ohiko estropada eremua, 1,5 miliakoa).
- Partaideak: hamar: Cabo, Getaria, Hibaika, Orio, San Juan, Zumaia, Arraun-Donostiarra, Chapela, Colindres, Hernani eta Oiartzungo Itsaslapurrak.
- Sailkatuak: Hamarretik, lau.