Lurraldearen Zatiko Planaren kontra lanean hasi da Lezoko herritar talde bat
Parte hartze prozesua martxan jartzeko eskatu diote Lezoko Udalari "benetako informazioa, eztabaida eta parte hartze sozialerako aukera egon dadin"
LZP Lurraldearen Zatiko Planak Oarsoaldean eta zehazki Lezoko herrian duen eraginarekin kezkatuta haren kontra lanean hasi da Lezoko herritar talde bat. Planaren lanketan herritarrek ez dutela parte hartzerik izan salatu dute eta horrekin batera udalari eskaera zuzena egin diote. Parte hartze prozesua martxan jartzeko eskatu diote Lezoko Udalari, batetik, “benetako informazioa, eztabaida eta parte hartze sozialerako aukera egon dadin, eta bizi garen lurraldearen antolaketa ereduari buruz erabakitzeko aukera izan dezagun”.
Udalerriaren etorkizunerako estrategikoa den eremuaren gaineko erabakiak beste erakundeen esku ez uzteko eskatu dio, bestetik, udalari, “bere lurraldea antolatzeko duen eskumena defendatzea eskatzen diogu. Horren harira, beharrezko diren ekimenak egin, alegazioak aurkeztu eta horiek kontuan hartuak izan daitezen eskatzen diogu”.
Sinadura bilketa
Udalari egindako eskaeraz gain ekintza sorta ere prestatu du herritar talde horrek LZPri aurre egiteko. Lehena hilaren 17an deitu dute. Egun horretan Batzarra deitu dute Lezoko Kultura aretoan. Hilaren 22an, berriz, agerraldi publikoa egingo dute Gurutze Santuaren plazan 19:30ean, eta hilaren 24an osoko bilkurara eramango dute gaia. Horiekin batera, sinadura bilketa ere abiatu dute.
Bulegoetan osatu den plana
LZP Eusko Jauralaritzaren bulegoetan osatutako plana dela nabarmendu du herritar taldeak, “inguruko udalen eta are gutxiago bertako herritarren iritziak kontuan hartu gabe egin dute nahiz eta memorian aipatzen den LZPren tramitazio prozesua herritarren parte hartzearekin eta eragile sozial eta sektorialen iritziak kontrastatu eta kontuan hartuta egin behar dela”. Planari zaharkitua iritzi diote, bestalde, “90. hamarkadan hasi ziren abaitu nahian, 2003an, 2001n eta aurten berriz ere”. Duela lau urte alegazioak aurkezteko epean 20.000 alegaziotik gora aurkeztu zirela gaineratu dute, horietatik 8.436 Lezo-Gaintxurizketako plataforma logistikoaren eta intermodalaren aurkakoak, “lau urte beranduago alegazio horiek erantzunik gabe jarraitzen dute”, salatu dute.
Zatiko planak Errekalde bailaran etxebizitza eta baserri ugari eta Iturringo industria eremua desagertzea ekarriko lukeela ere gogorarazi dute.