4 urtetik 12 urtera arteko haurrak hartzen dituzte Kantauri Ludiko Elkarteak kudeatzen dituen ludoteketan
Ludotekako haurrak, Txikikaiara egindako irteeran.
Datorren asteartetik aurrera (hilak 15) eta iraila bukatu bitartean irekita egongo da udal ludoteketan izena emateko epea. 4 eta 8 urte arteko haurren gurasoek 17:00etatik 18:15era joan behar dute matrikula egitera, eta 18:15etik 19:30era 9-10 urteko haurren gurasoek.
Ludotekak Pasaiako lau barrutietako haurren eskura daude Trintxerpe-San Pedron, Donibanen eta Antxon eta 4 urtetik 12 urtera arteko haurrak hartzen dituzte.
Gizarte- eta hezkuntza-ekipamenduak dira ludotekak, haurrak elkartzeko eta jolasteko lekuak. Horrez gain, euskara aberasteko eta sozializazioa garatzeko aukera ematen dute. Sormenaren bidez laguntzen dute haurren garatzea ludoteketan, lagun berriak eginez; irudimena bizkortuz, eta jolasen ardura hartuz eta horiek partekatuz.
Jolas askeak, mahai-jolasak, lantegiak, txotxongiloak, txangoak, jolas- eta liburu-mailegua… jarduera asko egiten dira ludoteketan.
Urrian jarriko dute martxan zerbitzua, eta ekaina arte izango da zabalik, astelehenetik ostiralera.
Izen-emate guztiak ludoteketan bertan egingo dira: Trintxerpe-San Pedroko ludotekara joango direnek Espinosa de los Monteros kalean, Poblado auzoan, eman behar dute izena, edo 943-392510 telefono-zenbakiaren bidez; Donibaneko ludoteka herri eskola ohian dago, J. J. Otaegi plazan; bestela, 943-517290 telefono-zenbakia erabil daiteke. Antxokoek Gure Zumardian dagoen Azoka eraikinean eman behar dute izena, edo 943-248512 telefono-zenbakiaren bidez.
Ikasturte osorako kuota, urritik ekainera artekoa, 56,20 eurokoa da, eta diru-sarrera Kutxabank-eko ES55-2095-5400-02-1061652334 kontu korrontean egin behar da. Diru-sarreraren egiaztagiria ludotekara bertara eraman behar da, izena-ematea formalizatzeko.
Udaleko Gazteria Departamentuak jakinarazi duenez, iaz, 300 haurrek baino gehiagok hartu zuten parte ludoteketako jardueretan.