Atzera begirada koloretsua
Santakrutz Jaietako ekitaldi jendetsuenetako bat da desfilea. Urteroko hitzordua errepikatuko da igande eguerdian, euskal gizartearen garai bateko argazkia berreskuratzeko saiakeran.
Aurreko mende hasierako euskal gizartearen argazkiak hartuko ditu igandean Lezoko kaleak, Santakrutz Jaien barruan. Arrantzaleak, baserritarrak, medikua, suhiltzaileak, alkatea, mikeleteak, barkillo saltzaileak, artzainak eta inudeak, ijitoak, danbor jotzaileak, txistulariak … horiek guztiek eta gehiagok egingo dute bat Lopene plazatik 12:00etan abiatu, eta bi ordu beranduago Saldise plazan amaituko den desfilearekin.
1963. urtekoak omen dira aurkitu dituzten desfilearen aztarna zaharrenak, eta zaila omen da bertan inoiz parte hartu ez duen lezoarrik aurkitzea.
Lezoko ondare kulturala
Azken urteetan Lezoko Desfilearen Aldeko Taldeak eta Murixka Dantza Taldeak elkarlanean antolatu dute jarduera, aurten izango dute laugarren aldia, eta pozik daude desfileak jaso duen erantzunarekin Aitor Leonet, Desfilearen Aldeko Taldeko kideak esan duenez: «Guk hartu aurreko urtean, 47 lagun atera ziren desfilean, eta orain hiru urte 212 lagun. Iaz, berriz, 322 lezoar aritu ziren desfilean. Aupada polita eman diogu, eta nahikoa pozik gaude egin dugun ibilbidearekin». Argi du, ordea, taldeak desfilea antolatu baino, «herritarren gogoa» bideratzen duela.
Desfilearen garrantzia nabarmendu du Leonetek, «Lezoko kultur ondarearen zati da, eta horrela barneratuta dago, desfilea kutuna da lezoarrentzat. Herritar ia gehienak atera dira inoiz desfilean eta tradizio bilakatu da. Non gauden badakigu; nondik gatozen jakitea ezinbestekoa da, nora goazen erabakitzeko».
Hain barneratua dute desfilea lezoarrek, entsegurik ere ez dutela egiten. Izan ere, desfilean zehar dantzak eta antzerkiak ere tartea dute Leonet azaldu duenez: «Denek dakite primeran zein den euren papera, eta ez da entseguen beharrik. Kantineroek bakarrik egiten dituzte entseguak. Egun pare batean zaldi gainean ibiltzen dira elkarrekin ohitzeko».
Gertakarien erakusle, ere
Garaiko jantziak, lanbideak eta eguneroko bizitza erakusten ditu desfileak, baina baita gertakariak ere. Antzezpenen artean, Lezon sona handia izan zuen ijitoen etxearen sutearen antzezpena egingo dute aurten ere: «Ijitoen etxeak su hartu zuen eta arriskuan jarri omen zuen herri osoa. Suhiltzaileak etorri ziren, eta gertakaria entzutetsua izan omen zen herrian. Sutea izan eta denbora batera epaitu egin zuten ijito familia, eta Lezo arriskuan jartzeagatik herritik kanporatu zuten». Antzezpenerako egurrezko etxea egingo dute aurten ere, eta su eman. Suhiltzaileak bertan izango dira, Donostiatik helduta sua itzaltzeko, baita mikeletea ere, ijituekin. Garaiko ohiturak, janzkerak, gizartea eta gertaerak biltzen ditu, beraz, desfileak.
Jaialdian parte hartzen duten herritarrek ez omen dute preferentziarik pertsonaiak aukeratzeko garaian, «desfilean atera nahi dute, normalean berdin zaie zertaz». Halere, pertsonaiarik kodiziatuenak kantineroak direla aitortu du Leonetek, «umeek bereziki maite duten pertsonaia da». Azkarren osatzen diren kolektiboak paperik ez dutenak omen dira, bañistak kasu, eta gehien kostatzen dena, berriz, mikeletearena.
Lezoko desfileak badu berezitasunik, hori argi du Leonetek, «partaidetza eta partaidetza horren konfigurazioa dira berezitasun gurean. Umeekin harremana izan du beti, eta ume horiek heldu bihurtu eta seme-alabak izan dituztenean jarraitu egin dute desfilean, haurrak bertara eramaz. Tradizioa da».
Argazki artxiboa
Desfilearen lekuko diren ehunka argazki bildu ditu, bestalde, haren atzean dabilen taldeak, «etxe guztietan daude, sakabanatuta oso, baina argazkiak, diapositibak eta traje zaharrak ere aurkitu ditugu». Horiekin guztiekin artxibo digitala sortu dute.
Jaiekin zein desfilearekin bat egin eta gozatzera deitu ditu Leonetek lezoarrak, eta eskerrak eman dizkie herriko elkarte eta eragileei, zein horiek sortu ziren garaiko Kultura Saileko teknikari zein politikoei, «batzuen zein besteen aldetik erabat babestuta sentitu garelako desfilearen ardura hartu genuenetik».
Alkate Txikien pregoiarekin lehertuko da gaur jaia Lezon
Eñaut Alvarez Ansorena eta Araitz Hernandez Tolosa Alkate Txikiek pregoia irakurri, txupina jaurti eta Murixka Dantza Taldeko kideen agurrak emango die hasiera santakrutzei gaur arratsaldeko zazpietan. Bost egunez 53 ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute lezoarrek horren ondoren.
Musika, dantza, antzerkia, txapelketak, bazkariak, haur jolasak… hamaika jarduerarekin osatu du egitaraua jai batzordeak. Berritasunak ere baditu. Horien artean egitaraua biltzen duen APPa nabarmendu du Kepa Garbizu alkateak: «Lezoarrentzat bereziki, baina gure herrira etorri eta jaiak ikusi eta dastatu nahi duen orok izango du eskuragarri». Lezo jaietan, ekitaldi agenda APPak, egitaraua egunez egun, ekintzen kokapena eta Lezoko Udalaren webgunean agertzen diren berriak biltzen ditu.
34.288 euroko aurrekontua
Publiko zabalari zuzendutako 53 ekitaldirekin osatu du santakrutzetako egitaraua jai batzordeak, eta horretarako, 34.288 euroko aurrekontua izan du. Musika eta bazkariak nabarmendu ditu jai batzordeak: «Danborrada, dantzaldia, kontzertuak, diana eta karaokea antolatu ditugu aurtengo jaiei begira». Bazkariei dagokienean, berriz, bost izango dira aurten. Lehena bihar, Marmitako Lehiaketaren harira egingo dutena Saldise plazan. Santakrutz Egunean, astelehenarekin, beste hiru egingo dituzte: Irrizaleena Markesanen, Tartekoena Karlos Saldise plazan, eta Arrantzaleena Bekoerrota kiroldegian. Baserritarrei begirako bazkaria izango da, bestalde, asteartean, Ixkulin eta Tiñelu elkarteetan.
Lezo, eraso sexisten aurka
Eraso sexisten aurka egitasmoa abiatuko du, bestalde, Lezoko Udalak Santakrutz Jaietan. Ez dute erasorik nahi, eta halakoren bat atzematekotan erantzun azkarra emateko moduan nahi dituzte lezoarrak.
Berdintasunerako III. Planaren barruan kokatzen da egitasmoa, eta herriko ostalarien laguntzarekin eraso sexisten aurkako jarraibideekin txartelak banatuko ditu udalak. «Edozein erasoren aurrean zer egin behar den azaltzea da helburua», esan du Noemi Arberasek, Gizarte Zerbitzuetako ordezkariak, «jarraibide sinpleak dira, baina lagungarriak, ez baita erraza halako egoera bat kudeatzea. Erasoa jasan duenari laguntza behar duen galdetu, eta bere erabakia errespetatzea; bakarrik ez uztea, bere konfidantzazko norbait iritsi arte… Jarraibideez gain, larrialdiko telefonoak biltzen dira txartelan».
Erasoen aurrean jarrera aktiboa izateko, eta halako egoera baten aurrean laguntza emateko eskatu die lezoarrei Arberasek. tabernariei, berriz, eskerrak eman dizkie, «kanpaina aurrera eramaten laguntzeagatik».
Jai batzordeak egin duen lanari aipamen berezia egin dio alkateak, bestalde, «gogoz eta musu-truk aritu dira lanean zenbait hilabetez. Eskerrak emateaz gain, osatu duten jai egitarauarengatik zoriondu nahi ditut». Jai batzordearen lanak, ordea, ez lukeela zentzurik lezoarren parte hartzerik gabe ere gaineratu du Garbizuk, eta horren harira, santakrutzetan «herria pozez eta alaitasunez, elkartasunez eta errespetuz» betetzeko deia egin die lezoarrei.