Igandean, Kontxako bigarren jardunaldian, segundoak kudeatzen dakienak eramango ditu bi banderak, bai gizonena zein emakumeena.
Hondarribia, aurreko igandean, Kontxan
Testu honen sarrera irakurtzerako bi segundo pasatu dira. Etzi, Kontxan, bi segundo hutsal izan daitezke erabakigarri, gizonetan eta emakumeetan, lehen jardunaldian alde horrekin garaile izan zirelako Hondarribia eta San Juanentzat hurrenez hurren. Baina Urdaibairentzat gizonetan, nahiz Hibaikarentzat emakumeetan, eternal izan daitezke. Emakumeetan, kontuz Zumaiarekin.
Kontxako lehen jardunaldiak utzitako emaitzak eta iritziak aski ezagunak dira (horiek
bidasoa.hitza.eus eta
oarsoaldea.hitza.eus-en ikus daitezke). Ziur dagoen gauza bakarra da aukera asko daudela bi banderak Oarso Bidasora etortzeko, Hondarribiak gizonetan, eta San Juanek nahiz Hibaikak emakumeetan lehen jardunaldian egindako lanagatik, sasoian zehar azaltzen ari diren mailagatik, eta duten ilusio eta garaipen gose izugarriagatik. Etzi, 13:00etan, bi bandera preziatuenak egon litezke Hondarribian, eta Donibane edo Errenteria-Oreretan. 11:00etan hasiko da emakumeen estropada, 12:00etan gizonena. Gizonetan, San Pedro eta San Juan kontsolazio txandan ariko dira.
Zaleen garrantzia
Oarso Bidasoko traineruek abantaila nabarmena dute: zaleak, banderak irabazi edo ez, asko eta ondoan izango dituztela. Berdeen, arroxen, moreen eta beltzen (08:30ean gelditu dira Hibaikaren zaleak etzi Herriko Plazan Donostiara joateko) itsasaldia espero da hiriburuan. Beti egon dira arraunlarien ondoan.