Premiazko hirigintza batzordea deitzeko eskatu diote udal gobernuari, prentsaren bidez iragarritakoen berri aurrez aurre jasotzeko
EH Bilduko Mikel Peñil, Oihane Oronoz, eta Migel Mari Torrea
Prentsaren bitartez jakin du Pasaiako EH Bilduk Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak datozen hiru urteetan Pasaian 18 milioi euroko inbertsioa egin asmo dutela, eta diruari “ongi etorria” eman dioten arren, kantitatea ez zaie nahikoa iruditu udalerriak behar duen biziberritze integrala aurrera eraman ahal izateko. Are gehiago, prentsaren bitartez ezagututako egitasmoa, “aldaketa paisajistikoa” baino ez zaie iruditu.
Koalizio abertzalearen ustez, biziberritzeak “erreala eta osoa” izan beharko luke, eta pasaitarrek erabaki beharko lukete, “herritarrek denbora luzean zehar landutakoa eta ondoren udalak osoko bilkuran onartutakoa” bazterrean utzi gabe. Zentzu horretan, gaiaren gaineko bere iritzia zein den galdetu diote alkateari: “Lehenengo, Portuaren lehendakari Ricardo Peña entzun genuen, ondoren Jaurlaritzako sailburuorde Izaskun Iriarte eta azkenik Nahikari Otermin hirigintza zinegotzia. Ez dakigu PSOEko alkate Izaskun Gomezek berak
PNVk landutako plan hau ezagutzen ote duen, ezta zein iritzi duen ere”.
Azkenik, lanerako prestutasuna agertu du koalizioak, “beti ere biziberritze erreal eta integralaz hitz egiteko pasaitarrek landutako eta erabakitako parametroetan”.
Ostegunean bilduko da Portuko Agintaritzako administrazio kontseilua, eta dirudienez, orduan erabakiko lukete Portuko Plan Bereziaren aldaketa.