Atlantikaldia, mundura irekia
Ostegunean hasi eta igandera bitartean, Errenteria-Orereta Atlantikoko herrien topagune bihurtuko da.
«Atlantikoko beste kulturekin fusioa eta elkartrukea sustatu nahi ditugu» «Jaso genituen proposamen gehienak oso interesgarri eta aproposak ziren» Laura Landa, Atlantikaldiko zuzendariaUdalarentzat halako jaialdi bat antolatzea erronka dela adierazi du Landak, eta edizio bakoitzari bere nortasuna emanda erronka berriak sortzen direla. Aurten, gainera, iazko markak hautsi nahi dituzte, eta horretarako, egitaraua indartu dute. 80 ekitalditik gora izango dira lau egunetan: dantza emanaldiak, bederatzi erakusketa, proiekzioak, tailerrak, zazpi hitzaldi, lau bisita gidatu, 22 musika emanaldi… Errenteria-Oreretatik pasatuko diren artistetako batzuk dira honakoak: Kalakan (Euskal Herria), Gwana Diffusion (Algeria), La Gallera Social Club (Venezuela), Dobet Gnahore (Boli Kosta), Värttinä (Finlandia) eta Carlos Nuñez (Galizia). Horrez gain, artisten artean fusio eta kolaborazioak egingo dira, eta Atlantikaldirako espresuki sortutako emanaldiak ikusteko aukera izango da. Esaterako, Kalakan eta Dobet Gnahorek elkarrekin emango dute kontzertua, edo Carlos Nuñez eta Kukai dantza taldearen arteko saioa. Fusio horretatik zer sortzen den ikusi nahi dutela esan du Atlantikaldiko zuzendariak. Berritasun bezala, haur txoko bat izango da Foru plazan, eta lau egunetarako, haurrei eta familiei zuzendutako tailerrak, ipuin kontalariak eta kontzertuak prestatu dituzte. Halaber, berritasuna da ere jatorri anitzetako elkarteen parte hartzea. Elkarlan horretatik Sukaldian nahiz Usain eta zaporeen bidaia sortu dituzte. Oro har, egitarau anitza eta publiko ezberdinetara zuzendua osatu dute: «Edozein pertsonak disfruta dezake jaialdiaz». Errenteria-Oreretako pertsonek egiten duten jaialdia dela kontuan hartuta, herritarrek disfrutatzea nahi dute, baina inguruko biztanleei eta oro har, Atlantikoko herrietako pertsonei irekita dagoela ahaztu gabe. Ekarpen ugari Herriaren inplikazioa oso garrantzitsua izan da ekitaldi honetan ere, eta 120tik gora proposamen jaso dituzte. Horiek kudeatzea erronka bat izan dela azaldu du Landak, baina eskertzekoa dela nabarmendu du. Behin proposamenak jasota, balorazio mahai bat osatu zuten, eta banan-banan ikusten eta aukeratzen joan ziren: «Batzuk artistikoki oso interesgarriak direlako aurrera atera dira. Egia esan, jaso genituen proposamen gehienak oso interesgarriak eta aproposak ziren, baina batzuk bidean gelditu dira agian urtean zehar egiteko zerbait delako edo aurrekontua handiegia zelako». «Herritarren parte hartzea ezinbestekoa da», iritzi dio «jaialdiaren nortasuna da». Memoria ekonomikoa Aurten lehenengo aldiz, jaialdiaren inguruko memoria ekonomiko bat prestatzen ari direla azaldu du Landak: «Jaialdiaren inguruko adierazle ekonomikoez eztabaidatu dugu, eta saiatu gara egokienak aukeratzen. Horrela jaialdia pasatu ondoren, adierazle horiek datu zehatzak emango dizkigute». Horrekin udalak txosten ekonomiko bat prestatuko du, eta balorazioak egiterako orduan datu konkretuak eman ahal izango ditu. Datu horiek etorkizuneko Atlantikaldirako baliagarriak izango dira. Aurtengo gaiak irekitako bideari jarraituz, aurrera begira ere Atlantikoko beste herrietako artisten joan-etorriak, elkarrizketak, fusioak eta elkarlanak sustatu nahi dituztela aurreratu du Landak, baina hori urte osora zabaldu nahi dutela: «Jaialdiko lau egun horiek izango lirateke urtean zehar gertatutakoaren erakusleiho».
«Atlantikaldiak aniztasunaren erakusleiho izan nahi du»
Kultur Aniztasuna departamentua jatorri anitzeko elkarteekin aritu da lanean Atlantikaldirako. Atlantikoak lotzen dituen herrien topagune bihurtuko da Errenteria-Orereta Atlantikaldian. Aniztasunaren lanketan aurrerapauso bat da? Atlantikaldia Errenteriak Atlantikoko herriekin zeukan loturatik abiatzen da, eta jaialdiak kultura horiek ekarri eta ikusarazi nahi ditu herrian lau egunez. Kultur adierazpen horiek (dantza, erakusketak, hitzaldiak) eta pertsonak ariko dira beraien herrietako altxorrak erakusten. Pauso handi bat da, eta herriak duen kultur aniztasunaren erakusleiho izan nahi du. Lan handia dago egiteko aniztasunaren ikuspegitik herrian? Oso herri aktiboa eta bizia daukagu. Aspalditik etorri zen beste kulturetako jendea, eta gaur egun are eta anitzagoa da. Badago kudeaketa lana egiteko, baina modu naturalean egiten ari da. Hau da, elkarteak daude, eta aurten ere modu aktiboan parte hartuko dute. Hortaz, beste kulturei eta bertako kulturari dagokionez, badago programa betetzeko nahikoa eduki. Zein izan da Kultur Aniztasuna departamentuaren ekarpena Atlantikaldian? Atlantikoko herriekin harremana duten elkarteekin bildu gara, bakoitzak jaialdirako ekarpen bat egiteko. Hala, jatorria ikusarazi nahi izan dugu. Modu parte hartzaile eta koordinatuan lan egin dugu, eta lanketa horretatik bi ekintza atera dira. Bi ekintzetan modu bateratuan parte hartuko dute elkarteek. Kultur Aniztasuna departamentutik dinamizatu eta koordinatzen ari gara edukiak. Zeintzuk dira ekintza horiek? Sukaldian eta Usainen eta zaporeen bidaia. Sukaldian hilaren 19an egingo da, eguerdian. Herriko hiru elkarte gastronomikotan (Euskaldarrak, Gautxori eta Niessen) Atlantikoko hiru herritako platerak eta postrea (Galizia, Maroko eta Senegal) prestatuko dituzte, eta ondoren, dastaketa egingo da zozketa bidez hautatuak izan diren herritarrekin batera. Elkarte gastronomikoek, eskertzeko, pintxo bat prestatuko diete. Elkarrekin janaria prestatzen ari diren bitartean asmoa da elkarren arteko zubiak eraikitzen joatea. Sukaldean ariko den talde bakoitzak lagunen bat gonbidatuko du bazkaltzera, herritarrei ere irekia izango da, eta zozketa bidez parte hartu ahal izango dute. Sei lagunentzako tokia dago elkarte bakoitzean.«Aniztasunean lana dago egiteko, baina modu naturalean egiten ari da» «Atlantikoko herrien ordezkaritzak jaialdiaren parte izan behar dira»Usainen eta zaporeen bidaia egun berean egingo da, Foru plazan, egun osoz, 12:00etatik 20:00etara. Bidaia bat izango da bost herritatik. Bost stand egongo dira, eta bakoitzean herri bateko ordezkaritza: Errenteriatik hasiko da bidaia, eta jarraian, Galizia, Maroko, Nigeria eta Kolonbia. Espazio bakoitzean herri bakoitzeko produktuen erakustaldi bat egongo da: espezieak, kosmetiko naturalak, oinarrizko produktuak (elikagaiak) eta sendabelarrak. Erakusketa eta azalpena izango dute standetan, eta horrez gain, Maroko, Nigeria eta Kolonbiako produktuak erosteko aukera izango da. Asmoa da herrialde horietako zapore eta usainengana gerturatu eta ezagutzea, eta ikustaraztea egunero erabiltzen ditugula produktu asko handik etorriak. Adibidez, artoa, patata eta beste zenbait produktu itsasoz etorri ziren Atlantikotik. Aldi berean, ekintza horren barruan beste hiru egongo dira. 12:30ean haurrei aurpegiak margotzen arituko dira Kolonbia eta inguruko herrietako talde etnikoen marrazkiekin. 17:00etan, Marokoko tea prestatu eta dastatu ahal izango da, eta 19:00etan, queimada egingo dute. Urtero herri ezberdinetako ordezkaritzak bilatzen saiatzen ari zarete? Helburua da festa parte hartzailea izatea, eta azkenean Atlantikoaren inguruan hitz egin behar badugu, Atlantikoko herri horien ordezkariak eta herritarrak diren heinean, hor egon behar dira. Atlantikaldiaren parte izan behar dira ahaztu gabe Atlantikoko herrietatik harago etorritako pertsona eta kolektiboei ere irekia dagoela. Iazko jaialdia nola baloratu zenuten aniztasunaren ikuspuntutik? Aurtengora begira aldaketarik egin duzue? Iazko kontzertuetan eta bestelakoetan partaidetza handia izan zen, eta bereziki arrakastatsua izan zen jatorri jakin bateko kontzertu bat bazen jatorri horretako komunitatearen artean. Hor konexio bat egon zen. Orduan, aurtengo jaialdian ere mantendu egin dugu bide hori; alegia, herrian dauden jatorri ezberdinetako kolektiboei saiatu gara beren jatorrizko herrialdeetako eskaintza kulturala gerturatzen. Ahalegin bat egin dugu zentzu horretan.