Marcos Morau eta La Veronal konpainiarekin elkarlanean sortu du.

Kukairen ikuskizun berria: ‘Oskara’.
Kukai dantza konpainia berritasunekin dator ikasturteari begira. Batetik, ikuskizun berri bat estreinatuko dute urtarrilean:
Oskara. Marcos Morau eta La Veronal konpainiarekin elkarlanean sortu dute, eta Viktoria Eugenia Antzokia, Baionako Eszena Nazionalak eta Donostia 2016k ere kolaboratu dute.
Hain zuzen, estreinaldi data urtarrilaren 30 eta 31n izango da Viktoria Eugenia antzokian. Otsailaren 3an, Bilboko Arriaga antzokian antzeztuko dute, eta martxoaren 1ean Baiona-Angelu antzokian.
Bestetik, urriaren 23an emanaldi berezi bat egingo dute Viktoria Eugenia antzokian, 20:00etatik aurrera:
Adiskideak. Kukaik bere ibilbidean topo egin duen talde eta musikariak igoko dira oholtzara: Oreka TX, Iñaki Salvador, Sabin Bikandi, Juan Mari Beltran, Iñaki Telleria… Emanaldi bakarra eta berezia izango dela aurreratu du Kukaik.
Hurrengo emanaldiak
Gaur bertan
Komunikazioa-Inkomunikazioa ikuskizuna aurkeztuko du dantza taldeak, Miarritzeko Kasinoan, 19:00etan. Bihar, berriz, herrian izango dira, Atlantikaldia jaialdian. Bi emanaldi izango dituzte: 18:30ean Kukai kaxa emanaldia ikusi ahal izango da Panierren, eta 22:30ean, Carlos Nuñez gaita jotzailearekin kolaboratuko dute, Agirre Lehendakariaren plazan.