Bi eskaintza aurkeztu dituzte datorren ikasturteari begira: Eraldaketa Feministaren Eskola eta 'Emakumeak, topaketak eta gizartearen parte hartzea'.
Auzo elkarteetako emakume taldeen emanaldia, Galtzarabordako kiroldegian
Ahalduntze Eskolek ikasturte berria martxan jarri dute, eta bi eskaintza aurkeztu dituzte datorren ikasturteari begira: batetik, Eraldaketa Feministaren Eskola, eta bestetik,
Emakumeak, topaketak eta gizartearen parte hartzea.
Eskolari dagokionez, aurten bigarrenez egingo dute, eta horren barruan hemezortzi ikastaro eskainiko dituzte. Iazko batzuk mantenduko dituzte, esaterako, medikuntza naturala edo indarkeria ikusezinari nola aurre egin; eta beste batzuk berriak, genealogia feministak, emakumeak eta literatura, edo autolaguntza taldea.
Iaz 150 lagunek parte hartu zuten ekimen horretan, eta horren asmoa belaunaldien arteko topaleku izatea da. Antolatzaileek aurreratu dutenez, eskolan, “hausnartu egingo dute, erreferentzi puntu izango da, presentzia soziala izango du eta aniztasuna errespetatuko dute”. Ekimen horren atzean, Berdintasun Saila eta Garaipen elkartea daude.
Izena hilaren 28tik aurrera eman ahal izango da
eskolafeminista[abildua]errenteria.eus helbidean, 943 44 95 76 telefono zenbakian edo auzoetako emakume elkarteetan.
11 auzo elkartetan, hamaika ekintza
Ehundik gora ekintza topatu ahal izango dira
Emakumeak, topaketa eta gizartearen parte hartzea eskaintzaren barruan. Herriko 11 auzo elkartetako emakume taldeek prestatu dituzte, eta iaz 1451 emakumek parte hartu zuten.
Izena emateko epea hilaren 22tik 24ra izango da, 17:00etatik 20:00etara, auzo elkarteetan. Matrikula ordaindu behar da, eta kuota elkarte bakoitzaren araberakoa izango da.